Zaharrak berri urteko lehen Udal batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 5a, 09:57

Urtarrilaren 27an urteko lehen batzarraldia izan zen Urnietan. Xedea bikoitza zen: Azaroko eta abenduko aktak berrestea eta Gobernu Batzarraren ebazpenen berri ematea. Oposizioko Udal ordezkari guztiek galderak luzatzeko aukera baliatu zuten eta Izagirre alkateak banan bana erantzun zien galdera guztiei. Zaharrak berri eztaidagaiari dagokionez: Plan Orokorra, anbulatorioa, Langarda...

Hiri Antolamendurako
Plan Orokorra
Hasierako dokumentuari onespena emateko txostena aurkeztu gabe dago oraindik. Iazko azken batzarraldietan 2010eko urtarrilaren 30a Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako dokumentua aurkezteko eguna izango zela iragarri zen. Ezker abertzalearen izenean Iñaki Mendizabalek eta Herrigintzako Xabier Sasiainbarrenak gaia zertan dagoen galdetu zuten.
Gobernu taldearen izenean hauxe izan zen Mikel Izagirreren erantzuna: “Erredakzio taldearekin bilera bat egin dugu berriki. Hamabost egun dira Iberdrolako teknikoak proiektua aurkeztu zuela, oniritzia eman zitzaiona. Iberdrolak azpiestazioa eraikiko du Miraballes inguruan eta horretarako lur erreserba egiteko alegazioa egin zuen.
Bestalde, erredakzio taldea lanean ari da. Atzo urtarrilaren 30erako aurkeztu beharreko txostena eskatu genien eta urtarrilaren 30erako ez zela bukatuta egongo erantzun ziguten. Gure haserrea helarazi genien. Hemen adierazi genuen bezalaxe otsailean zehar eztabaidatu nahi zen, batzarraldian hasierako onespena eman eta, ondoren, aurkezpen publikoa egiteko. Urtarrilaren 30erako ez da egongo baina hamabost egunetan edo hiru asteko epean prest egotea espero dugu".
Buruntzaldea industrigunea
Jeltzaleen izenean Maribel Vaquerok kritika egin zuen, “prentsa bidez jakin dugu, harrigarria bada ere. 2009ko urriaren 11n prentsa bidez Buruntzaldea Industrialdea sortu zela irakurri genuen. Foru Aldundia, Sprilur eta Hernaniko Udalak sustatu dute eta inguruko Udalei barnean sartzeko aukera eman zaie. Ez gaude aurka, baina udaletxean gaia eztabaidatu ez izanak harritzen gaitu. Aldundiko Diputatuen Kontseiluan dagoeneko erabaki da industria erakunde horri eskualde izaera ematea. Udaletxe honetako zinegotziak udaletxetik kanpo informatzen ari gara. Oso larria dela iruditzen zaigu. Alkatea bilera horietara joaten da, erakunde horren estatutuak eztabaidatzen ari dira eta gure taldeak behintzat horren berririk ez du”.
Gobernu taldearen izenean hauxe izan zen Mikel Izagirreren erantzuna: “Hernaniko industrialdea Buruntzaldeko bilakatu da. Herri bakoitzaren aportazioa eta parte hartzea borondatezkoa da, eta plenoan onartu behar da. Udaletxeak ez du oraindik pausorik eman. Urnietako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako egitasmoa esku artean dugunean ikusiko dugu zer nola parte hartuko dugun, lehenago ez. Estatutuak guk ere ez ditugu oraindik. Erakunde berri horretan integratzeko proposamena jaso dugu, besterik ez”.
Langarda
Ezker abertzalearen izenean Iñaki Mendizabalek argibideak eskatu zituen, “aurreko batzarraldietako akta ezberdinetan ageri da laster batean jasoko direla txostenak. Baina denbora igaro da eta ez da ezer aurreratzen”.
Jeltzaleen izenean Maribel Vaquerok mozioa aurkeztuko zutela iragarri zuen, “Gai honen inguruan ezer gutxi aurreratzen ari gara. Txosten urbanistikoa, juridikoak..., beti txostenen zain gaude. Beste irtenbiderik ezean, Gobernuak aukera hobeagorik aurkezten ez duen bitartean..., aurreko agintaldian proposatutako irtenbidea onartzea eskatuko dugu. Mozio bidez eskatuko dugu, zain egoteaz nekatuta gaudelako”.
Gobernu taldearen izenean hauxe izan zen Mikel Izagirreren erantzuna: “Udalak kontratupean daukan zerbitzu juridikoen arabera, abenduaren hasierarako lehen txostena izango genuela agindu ziguten. Alor teknikoa lantzen duen lantaldeak, ordea, ez zion baliorik eman txosten horri, juridikoki nahikoa oinarririk ez duelako. Azken albisteen arabera, txosten berria egina dago, eta irtenbidea zaila izango dela aurrera genezake. Vaquerok planteatu duen irtenbidearen arabera, Añarbeko Urak erakundeak irtenbide hori atzera bota zuela gogorarazi nahi diot. Eta beste aditu batzuk ere aukera hori ez dute kontuan hartzen”.

Osasun etxea
Gobernu taldearen izenean hauxe izan zen Mikel Izagirreren adierazpena: “Jaurlaritzak oraindik ez du lurraren segregazioa egin, ezta lokalaren zesioa. Ardura Eusko Jaurlaritzarena da, haiek egin behar dute lan administratibo osoa. Lehen zirriborroa ere ez digute aurkeztu. Aurrekontu arazoak dituztela erantzun digute. Gaur egun, zein da egoera? Hauxe da adierazi zidatena: otsailean dokumentazioa jasoko dugula segregazioa eta zesioa egiteko. Martxoan obra lehiaketara aterako da eta horren arabera adjudikazioa uztailean izango da. Horrelako obraren aurrean lehiaketaren iragarpena Europa mailakoa denez, gutxi asko hiru hilabetez luzatzen da lehiaketa. Adjudikazioa erabakitzeko beste bi hilabete igaroko dira. Beraz, beste bost hilabete gehiago igaroko dira. Zeren eta ziurrenik, lehiaketara egitasmo ugari aurkeztuko direla. Adibide bat jartzearren, Bizkaiko anbulatorio bat berritzeko 65 proiektu aurkeztu ziren. Horiek denak aztertzea lan izugarria da. Errealista izanik, berandutu egingo da”.
Etxebizitzarako baliatzen
diren lokalak
Urnietako sozialisten buru Herme Gonzalezek galdera egin zuen, “Herrigunean azken aldian hainbat bulego bizitoki bilakatu dira. Baimena emanez, alkate-ebazpenak sei izan dira azken aldi honetan. Eta kezkatuta gaude egoerarekin. Kasu batzuetan, bulegora bideratutako lizentziarekin jendea bizitzen ari delako. Udalak badu hori dena arautzeko araudia… Urnietak Manhattanek baino bulego gehiago dituela esango nuke”.
Gobernu taldearen izenean hauxe izan zen Mikel Izagirreren erantzuna: “Gu ere kezkatuta gaude. Guri eskatu zaigu bulegoak irekitzeko baimenak ematea. Bide administratiboa zabalik dago lokal horiek etxebizitzarako bideratu direla egiaztatu ahal izateko. Udaltzaingoa jarraipena egiten ari da. Guk baimena eman eta gero, jarraipena egin genezake. Udaltzaingoak txosten batzuk idatzi ditu eta egia da batzuk bizitoki bezala erabiltzen ari direla. Baina beste batzuk ez. Banan bana aztertu eta modu irregularrean daudenen aurka administratiboki joko dugu. Udalean indarrean dagoen araudia ezarriko dugu. Gauza bat da lokal horietan jendea bizi dela esatea eta bestea hori frogatzea. Horretarako Udaltzaingoaren txostena kontuan hartuko da”.

Herrigintzak, bestalde, Mikaela Eneaz eta herritarren parte hartzeaz galdera egin zion alkateari. Mikaela Enearen inguruan arkitektoak azken datuak eskatu eta txostena prestatzen ari zela erantzun zuen. Eta parte hartzeari dagokionez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako dokumentua eskuetan izan arte itxarotea zela egokiena erantzun zuen.
PSE-ren galderari erantzunez, Juan Mari Tomasenak argibideak eman behar izan zituen Eguberrietan Udalak argitara emandako hiru eskelen inguruan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!