Hiri Antolamendurako plan berria aurrera doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 5a, 09:56

Urtarrilaren 28an urteko lehen batzarraldia izan zen Andoaingo udaletxean. Eta bertan eztabaidatu zena garrantzia handikoa zen: Hiri Antolamendurako Plan Orokoraren behin behineko izaera onartzea. Alderdi politikoen arteko adostasuna ia erabatekoa izan zen eta horregatik Udal ordezkari gehienak pozarren agertu ziren.
Bozketaren emaitza: Ados PSE-EE, EAJ-PNV, PP, IU-EB   |   Aurka: Hamaikabat

Industriguneak, etxebizitzak, mugikortasuna..., alor ugari garatzeko baliagarri izango da Hiri Antolamendurako Plan Nagusi berria. Industrigunerako 400.000 m2 bideratzea aurreikusten da. Etxebizitzei dagokionez, eraikiko den kopurua handia izango da: 1000 etxebizitza libre, 500 salneurri tasatuan eta 900 babes ofizialekoak. Datu horiek Estanis Amutxastegik eskaini zituen, balorazioa egitearekin batera.

Estanis Amutxastegi
PSE-EE
“Aurkeztutako alegazio guztien artean batzuk bere osotasunean onartu dira, besteak partzialki onatu dira eta beste batzuk ez dira onartu. Bestalde, bertan gauden Andoaingo ordezkari politikoen artean kontsentsurik handiena bilatu nahi izan da. Prozesua ezin zen gehiago luzatu, eta pauso guztiak eman dira hona iritsi aurretik: Lehenik eta behin hirigintzako aholkulari taldeak onespena eman zion, ondoren Hirigintza komisioan gehiengo osoz onartu zen eta, orain, batzarraldian hasierako onespena emango zaio”.
“Denok egin dugu lan, eta denok ere hasierako gure nahiari amore eman behar izan diogu. Nire ustean plan ona lortu da. Herriz gaindiko instituzioekin eta beste ekarpen batzurekin ñabardurak egingo zaizkio planari. Hortik etorriko da planaren berridazketa, behin betiko izaeraz onartzeko”.

Iñaki Egibar
EAJ-PNV
Jeltzaleek bere ekarpenekin arau ordezkatzaileak eraldatu dituztela adierazi zuten. Jeltzaleen bozeramaileak ere kontsentsuaren aldeko hitzak izan zituen, “asko dago jokoan, etorkizuna jokoan dago: Herriaren diseinua eta etorkizuna. Alkateak ondo dioen bezala kontsentsua lortu da alderdi gehienen artean. Udal langileen esfortzua ere aipagarria da. Teknikoki lan handia egin dutelako”.

Juan Carlos Cano
PP
“Zorionekoak gu denon adostatunarekin lortu delako Andoaingo etorkizuna  garatuko duen plana adostea. Justiziazkoa da Hirigintza lansaileko langileen lana nabarmentzea. Planteamendu berri honekin Andoainek jauzi kualitatiboa egingo du aurrera”.
Sergio Barreiro
EZKER BATUA - IU
“Gaur onartuko dugun prozesua herritarren parte hartzearen ondorio da eta, batez ere, kontsentsuzkoa izan da. Beste batzordeetan  ikusi den bezala denak ere ez gaude erabat ados,  baina jokoaren arauak onartuz kontsentsu handia lortu da”. Irisgarritasuna eta mugikortasuna bezalako alorretan, hirigintza plan berrian xehetasun handiagoarekin agertzea eskatu zuen.

Gabino Agudo
HAMAIKABAT
“2007ko abenduaren 14an Plan Orokorraren hasierako izaera aztertu zenean gure taldea abstenitu egin zen. Orduan hamaika alegazio aurkeztu genituen eta bat bakarra onartu da. Gaur aurkezten den plana guk diogunarekin bat ez datorrenez, bozka aurkakoa izan da”.
Agudoren iritzian, “ondo aztertu behar da zein den benetako etxebizitza eskaera, lursail erabilgarri guztia agortu gabe. Eta etxe zaharren berritzea ere bultzatu beharko litzateke”. Garraioa, osasuna, hezkuntza, hirugarren adina..., zerbitzu berriak bermatu behar direla ohartarazi zuen.

EZKER ABERTZALEAK GAIAREN INGURUAN IRITZIA PLAZARATU DU
Prentsa ohar bidez, Andoaingo ezker abertzaleak Udalak hartutakoaren iritzia plazaratu du: “Komunikabideen bidez jasotakoa eta ezker abertzaleak bere kabuz bildu ahal izan duen informazioarekin, onartutakoa plan antzua dela ondorioztatzen du. Proiektuak pentsatu bai, baina horiek garatu ahal izateko egin beharreko aurreikuspenak bere horretan utzi ditu Udalak. Etxebizitza andana eraikitzeko asmoa aurkeztuta, non daude aparkalekuak Andoainen? Eta anbulatorio zerbitzua, nahikoa izango al da zerbitzua emateko, gaur egungoa eskasa dela kontuan izanik? Eta haurtzaindegiak? Eta kiroldegia?”

Ika-mika sorabillatarrekin

Alkateak batzarraldia amaitutzat eman zuenean, Sorabilla-Errotagain auzo elkarteko kideek hitza hartzea eskatu zuten. Alkateak hasiera batean ezezkoa erantzun bazuen ere, azkenean bera eta zinegotzi guztiak bere eserlekuetara itzuli ziren Sorabillakoen iritzia entzuteko. Tentsio uneak izan ziren Sorabillako elkarteko ordezkari baten eta hitza hartu zuten PSEko, EAJko eta PPko bozeramaleen artean.
Sorabilla-Errotagain elkarteak  ezustekoa hartu zuen Udalak Sorabillan kokatzen den 17. lur zatia eraikigarria izendatu nahi duelako. Kritika horrela bideratu zuten, “auzoarentzat den lursaila da baina zerbitzuetara bideratzeko. Ez etxebizitzak egiteko”.
Auzoko ordezkariei erantzuteko Amutxastegi alkatea hitz egiten saiatu zen, “–Andoainen  ez dago zuei bezain besteko argibide eman zaion elkarterik egongo”. Hitz egiten jarraitu nahi zuen baina sorabillatar batek etengabe mozten ziolako segundu batzuetan isilik geratu eta beste korporaziokideei begira esan zien “–Norbaitek erantzun nahi dio?”. Iñaki Egibarrek hartu zuen hitza orduan, “–Prudentzia eta lasaitasuna eskatu nahik nuke” adierazteko. Auzotarren kritikari erantzunez zera esan zien, “–Zuen alegazoiak aztertu eta kontutan hartu dira, errespetu handiz. Baina ez gara horiek asumitzeko gai izan. Zuenak eta beste askorenak jasotzen dira eta ez dira denak ontzat hartzen. Lursailaren inguruan egiten duzuen kritikaren inguruan, jakin ezazuela, azterketa prozesuan dagoela. Eta horren inguruan makina bat aldiz hitz egin dugu zuekin. Arau ordezkatzaileen inguruan Udal korporazio ia osoa bat eginik gaude eta hori, normalean, oso zaila da”.
Juan Carlos Cano PPkoa sozialisten eta jeltzaleen defentsan irten zen bilera ezberdinetan Sorabillako elkarteko ordezkarien tonoa erasokorra dela baieztatuz.
Modu lasaiago batean Sorabillako elkarteko beste kide batek, Xabier Lakak alegia, Andoaingo Udalak Plan Orokorrean jaso duen behin behineko proposamenaren harira “–garaitu gaituzue, baina ez gaituzue konbentzitu”, kritika egin zien Udal kide guztieei. Zera gaineratu zuen, “–Gure elkartean haserre gaude herritarrarekiko prozedurak ez dituzuelako errespetatu. Gogorarazi nahi dizuet, zinegotzi guztiei, herritarraren izaera politikoaren izaeraren gainetik dagoela. Sorabillako elkartea uneoro idatzi bidez formak zaindu ditugu. Herritarren iritzia errespetatu behar duzue baina ez entzute hutsarekin, baizik eta entzuten ari zaretenaren inguruko hausnarketa eginez”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!