Bastero pianojole gazteen bilgune bilakatuko da asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 5a, 09:55

V. Piano Jaialdia ospatuko da Basteron asteburu honetan. Pianoarekiko zaletasunak ehunka gazte bilduko ditu bi eguneko iraupena izango duen maratoian.

Seiasle taldeak antolatzen du jaialdia, Andoaingo Udalaren laguntzaz. Talde hori Gipuzkoako sei piano irakaslek osatzen dute, tartean Andoaingo musika eskolako Txitxu Castro eta Myrian Ulanga andoaindarrek. Honakoak dira azken honek egindako adierazpenak:   

Dimentsio handia hartu du dagoeneko jaialdi honek...
Myrian Ulanga. Beste inon egiten ez den jaialdia da eta Gipuzkoatik batez ere, baina Nafarroa, Araba eta Bizkaiko piano joleak ere etorriko zaizkigu. Urtetik urtera gehitzen doa arrakasta, eta mugatu behar izan dugu parte hartzaileen kopurua.

Antolaketari begira, giza mugimendu handia eskatuko du derrigorrez...
M.U. Jendeak ez daki ondo zenbateko antolaketa eskatzen duen horrelako jaialdi batek. Aurreko aste eta egunetako zeregin guztiez gain, jaialdiko bi egunek ere koordinazio lan handia eskatzen dute; dena aurrez zehaztu bezala joan behar du, ordularia bezain fin.
Laguntzaile ugari behar ditugu dena ondo lotzeko, eta eskertzekoa da guraso, irakasle eta ikasle helduenen ekarpena.  

Zer arrazoia zela eta otu zitzaizuen jaialdia antolatzea orain bost urte?
Eskoletan musika jaialdiak antolatzen ziren aldiro eta piano joleak falta izaten zirela ohartu ginen. Pianoaren inguruko topaketa bat, jai baten premia sumatu genuen, eta hutsune horri erantzuteko asmatu genuen jaia. Garbi gera bedi ez dela lehiaketa, piano jole gazteen topaketa baizik.
Horrelako jaialdiek gazteei ilusioa sortzen diete, eta asko motibatzen dira. Familia eta lagunen aurrean protagonista sentitzen dira eta hori bultzagarri gertatzen da beren ikasketa prozesuan.

Edonori luzatuko al zenioke jaialdira azaltzeko deialdia?
Noski merezi duela, musika festa baita! Nahiz eta piano joleen artean ez egon familiakorik edo ezagunik, ikuskizun polita da gazteak pianoarekin nola ari diren gozatzen ikustea.
Gainera, kanpotik datozen familia asko eta asko bazkaltzen geratzen dira Andoainen, eta herriari bizitasuna ematen diote.

Andoain eta Urnietako partaide ugari Larunbatean
Ekitaldi aretoan: Andoaingo Saioa Lopez, Paule Abrego, Ane Angulo, Enara Dominguez, Letizia Dos Anjos eta Jon Mendizabal; eta Urnietako Ursula Catalina, Andrea Cobos, Malen Ezeiza eta Oihana Mellado.
Auditorioan, berriz, Andoaingo Olga De Agueda, Jokin Eguzkitza, Itsaso Otaegi, Eneritz Arruti, Uxue Botas eta Izaskun Aizpurua-Itsaso Goikoetxea eta Iuri Etxeberria-Adriana Sabino bikoteak; eta Urnietako Maria Gomez, Leire Moreiro eta Iñaki Moreno.

Igandean
Ekitaldi aretoan: Andoaingo Irene Pinto, Goiatz Salbador, Uxue Sueskun eta Amaia Otxandorena; eta Urnietako Lide Serrano eta Kasper Styrczula.
Auditorioan: Andoaingo Klaudia Gonzalez, Ana Hernandez, Ander Iturzaeta, Garazi Jauregi, Irati Rivas eta Pablo Rubio.

Goiatz Salbador:
“Txiki-txikitatik ikusi izan dut aita etxean pianoa jotzen, eta musika eskolan tresna aukeratu behar izan nuenean ez nuen zalantzarik eduki. Lehengo urteko irailean hasi nintzen pianoarekin, eta hasi eta segituan esan nion irakasleari jaialdi honetan parte hartu nahi nuela. 11 urte bitartekoen mailan parte hartuko dut. Igandean 11:45etan egokitzen zait niri, ekitaldi aretoan; “Le Robot” izeneko obra bakarrik joko dut”.

Itsaso Otaegi:
“Goiatz bezala ni ere bederatzi urte betetzeko nago, eta hasi berria naiz pianoa ikasten. Hasieran ez neukan oso argi berria zaidan tresna batekin parte hartzea, lotsa ematen zidalako. Jendaurrean kantuan atera izan naiz Gabonetan eta holako egunetan, baina ez horrela bakarka. Hala ere, Goiatz ikusi eta, ni ere animatu egin nintzen. Obra berbera joko dut nik ere, igandean 11:30etan. Egia esan, askotan entsaiatu dugu “Le Robot”, baina ez ametsetan ere doinua ateratzeko lain”.
 
Uxue Botas:
“14 urte bitarteko B mailan parte hartuko dut. Lau urte dira pianoa ikasten hasi nintzela, eta datorren hau hirugarren jaialdia izango da niretzat. Gustura nabil musika tresna honekin, bestela utzi egingo nuke. Jaialdian, larunbatean 15:45ean izango da nire txanda; “Foot Tapper” obra jo behar dut, korte modernokoa eta martxa asko duena. Jendaurreko beste bi edo hiru emanalditan parte hartzen dut urtean zehar, baina jaialdi hau igual bereziagoa da guztiontzat, jende asko etortzen baita gu ikustera”.

JAIALDIA DATU BIDEZ
PIANO JAIALDIA

  • 18 urte bitarteko 867 pianojole.
  • Bakarka eta bikotea.
  • Otsailak 6 eta 7, 09:30etik aurrera Basteroko ekitaldi aretoan eta auditorioan.
  • Parte hartzaile guztiek urrezko, zilarrezko edo brontzezko domina eta agiria jasoko dituzte.
  • 19:45ean, sari banaketaren ondoren, bukaera kontzertua izango da; epaimahaiak nabarmendu dituzten parte hartzaileen eskutik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!