Kantua eta dantza kalera, Inauteriekin batera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 4a, 17:29

Andoaingo Gaztetxo bihurriak taldeko kideak azken prestakuntza lanetan ari dira Inauteriei begira. Josebe Rezola eta Lula Garciak eman dituzte azalpenak.

Azken urteotan Andoaingo Inauterietako konpartsan ez duzue hutsik egiten…
Josebe:
Duela hiru urte hasi ginen karroza prestatzen, nahiz eta, lehenago ere, umeak txikiak zirenean, itsasontzi piratarekin, esaterako, taldean parte hartu genuen. Karroza handiarekin, ordea, hirugarrenez aterako gara kalejiran. Larunbatean Andoainen izango gara eta igande nahiz asteartean, Tolosan.

Zein gairen inguruan osatu dituzue orain arteko karrozak?
J.:
Lehenengoa hamabost egunetan antolatu genuen, ‘Benidorm Txiki’ izena jarri genion. Benidorm-eko giroa islatuz, bingo txiki batekin nahiz hango musika jarrita atera ginen kalera.
Lula: Oso ondo pasa genuen.
J.:Iaz, gaia zertxobait gehixeago landuta, ‘Disco Soul Gospel’ konpartsa antolatu genuen. Gospel kantarien kapa jantzi arren, bestelako kantuak tartekatzean, kapa kendu eta disko doinuak dantzatzen genituen. Ez dugu koreografia berezirik lantzen, inprobisatu egiten dugu gehiago: musika ona jarri eta dantzara!

Aurrera al dezakezue aurtengorako gaia?
L.:
Eurovisioaren aldaera bat ekarriko dugu: Euskovision.
J.: Eurovision saioetan aurkeztu izan dituzten kantu ezagunak oinarrian hartuta, Masiel, Salomé edo Pereten abestiak abestu eta dantzatuko ditugu. Horien artean euskal kantuak ere tartekatuko ditugu eta, besteak beste, Kupela edo Sarri, Sarri kantuekin parodia txikiak egingo ditugu.
L.: Sorpresa modura, Chikilicuatreren bertsio euskalduna ere prestatu dugu.

Noiz hasi zineten aurtengo ideiari forma ematen?
J.:
Gabonak igaro eta berehala ekin genion lanari. Hala ere, Gabonen aurretik erabaki genuen gaia.

Zenbat lagun izango zarete? Nola antolatuko duzue eguna?
J.:
Haur nahiz gaztetxoak, gurasoak, haurrik gabeko lagunak… Hogeita hamar lagun pasatxoko koadrila elkartuko gara guztira. Azken unera arte karroza bukatzen lanean aritzen garen arren, aurten eguerdiko hamabietan ateratzeko asmoa dugu. Elkarrekin bazkaldu eta gero, arratsaldean emanaldiak eskaintzen jarraituko dugu. Azpiegitura guztia prest izaten dugunez, afaldu ere karrozan bertan egiten dugu gauean.

Inauterizale amorratuak al zarete?
L.:
Gustatzen zaizkigu, bai. Andoainen hasi eta Tolosara jotzen dugu gero.
J.: Tolosan igandean eta asteartean ateratzen gara karrozarekin. Orduan ateratzen dira gainerako talde gehienak ere. Eguerdiko 12:00etan atera eta irauten dugun arte ibiltzen gara bertan. Andoainen entsegua eginda joaten gara gu. Astelehena jai hartzen dugu berrindartzeko. Taldeko guztiak andoaindarrak gara, baina behin parte hartu ondoren, gustatu eta jarraitu egiten dugu orain ere. Oso jai alaiak dira Inauteriak eta ez egun horiek bakarrik, baita aurreko prestaketa ere. Ilusioa izaten da.

Ezberdin bizitzen al da Inauteria barrutik edo kanpotik?
J.: 
Ez dauka zerikusirik. Ikusten ere oso ondo pasa daiteke, baina ez da berdina.
L.: Gu ikusleak animatzen ere ahalegintzen gara eta parte hartu nahi duena karrozara igo dadin gonbidatzen dugu. Jartzen den musikaren arabera jende asko gerturatzen da ingurura.

Andoaingo Inauteriak indartzen ari dira azken urte hauetan…
L.: 
Dudarik gabe, giro hobea sortzen da azken urteotan. Guztira bederatzi taldek hartu genuen parte iaz.
J.: Baina badaude hobetzeko alderdi batzuk: Desfilea oso azkar joaten dela aipatzen da beti bileratan. Karrika ingurutik abiatu eta ziztu bizian igarotzen dela Goikoplazaraino, geldialdi bakarra eginda.
L.:  Karrozak oso azkar pasatzen direlako jendea kexatu egiten da. Koreografiak eta antzerkiak egiteko denbora gehiago beharko litzateke, kalejiraren erritmoa zertxobait mantsotuz.
J.:  Goikoplazan nahikoa denbora izaten da, baina dagoeneko jendea banatu egiten da eta ez da berdina. Guk agian Tolosako giroa daukagu buruan, hango erritmoa lasaiagoa baita eta egokiagoa gure ustez.

Diru-laguntzak direla eta, baduzue beste aipamenik…
J.:
Hurrengo urteei begira, diru-laguntzak emateko erabiltzen diren irizpideak errepasatu egin beharko liratekeela uste dugu. Konpartsa bakoitzean parte hartzen duen jende kopururi soilik begiratu beharrean, sormenari eta karroza egiteko gastatu den diru kopuruari ere garrantzia eman beharko litzaioke. Oso polita da berrehun edo hirurehun laguneko konpartsa bat ikustea, baina hamabost laguneko talde baten parodia ere hain polita izan daiteke.

HERRITARREI GALDEZKA
Gustukoak al dituzu Inauteriak? Zertaz mozorrotuko zara?

Julen, Ander, Julen eta Leire
Asteasu

  • Seigarren mailara arte eskolatik mozorrotuta ateratzen ginen herrian. Orain Tolosan ikasten dugu eta Inauterietan ere bertara joango gara Asteasuko koadrilako sei bat lagun eskoziarrez jantzita. Zezenak ikustea gustatzen zaigu eta parranda egitea ere bai (mutilak).
    Ni Tolosako lagunekin marinelez jantziko naiz. Oso gustukoak ditut Inauteriak, gaua batez ere (neska).

Oihane Olariaga eta Aratz
Amasa-Villabona

  • Urtero mozorrotzen naiz, betidanik. Ama naizenetik koadrilan gutxiago, baina semearekin beti gustatzen zait mozorrotu eta Tolosara joatea. Aurten sorginez jantziko da Aratz ikastolatik eta, Pirritx eta Porrotx bezala, pirataz jantzita joango gara Tolosara. Gertutasunagatik, tolosarrek bezala bizitzen ditugu Inauteriak. Lanetik oporrak hartzen ditut data horietan, herriko jaietan baino gehiago ibiltzen naiz.

Sonia Rodriguez eta Ekhi Alaminos
Andoain

  • Urtero ateratzen gara Inauterietan buelta bat ematera. Larunbatean Andoainen bertan ibiliko gara. Igandean eta astelehenean berriz Tolosara joateko ohitura dugu, familian. Goizean ateratzen gara etxetik eta normalean, iluntzera arte luzatzen dugu festa. Neronek ez dut mozorrotzeko ohitura handiegirik, baina umeei asko gustatzen zaie. Haize alaba pailazoz eta Lutxo pertsonaiaz jantziko da eta Ekhi semea berriz, lehoiez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!