Erraldoiak eta buruhandiak, Inauterietan ere kalean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 4a, 17:23

Otsailaren 13an, Andoaingo Inauterietako egun handian, herriko kaleetan barrena ibiliko da erraldoi eta buruhandien konpartsa.

Iazko San Juan jaietan lortu zuten konpartsa berreskuratu eta kaleratzea. Urte mordoxka zen erraldoi eta buruhandiak biltegi batean gordeta, geldirik zeudela eta herritar talde baten ekimenez, haiek berriro dantzaraztea lortu zuten. Lehen pauso garrantzitsu hura emanda, konpartsari egonkortasuna ematea da taldearen helburu nagusia.
Kepa Sarasola eta Jon Iraola andoaindarrak konpartsako kide dira. “2002an desagertu zen aurreko erraldoi eta buruhandien konpartsa eta aspalditik genuen berreskuratzeko gogoa. Ni konpartsa hartako kide izan nintzen eta urte asko neraman aukera horri bueltak ematen. Jon Iraola eta biok hizketan ari ginen batean, biok ere asmo beretsua genuela konturatu, eta konpartsa berreskuratzeko ahalegina egitea erabaki genuen. Lagun eta ezagunen artean gaia aipatu, zenbait bilera egin eta interesa azaldu zuen jendearekin, taldea osatu genuen. Iazko Sanjuanetan konpartsa kaleratzea lortu genuen eta hortik abiatuta, talde dinamika sortu zen. Zazpi bat lagun biltzen gara astero, dantzak entsegatu edota beste hainbat lan egiteko. Konpartsa kaleratzeko eguna gerturatu ahala, jende gehiago biltzen zaigu lanerako. Hurrengo helburu nagusia konpartsari egonkortasuna ematea da eta horretan gabiltza”, azaldu du Kepak.

Iruñeako tailerrean
Egonkortasun hori lortze aldera pauso ezberdinak eman dituzte dagoeneko. Batetik, erraldoi eta buruhandiak konpontzeko prozesua martxan jarri dute: “Irudiak gordetzeko erabiltzen den egoitzak hezetasun arazo handiak ditu eta horrenbeste denboraz han geldirik egon ondoren, nahiko egoera txarrean zeuden. Udalarekin bildu ginen eta konponketa lanak egiteko prest zeudela esan ziguten. Iruñako Mari Ganuzak hartu du lanen ardura. 1994an konpartsa sortu zenean, berak egin zituen irudi guztiak eta konponketa ere bere esku utzi dugu. Urtarrilean eraman zituzten Iruñeara buruhandiak eta Inauterietarako konponduta egongo dira, txukun-txukun. Erraldoiak berriz, aurrerago eramango ditugu. Santakrutzetarako irudi guztiak konponduta izango direlakoan gaude”, azaldu du Jon Iraolak. “Irudi bereziak dira Andoaingoak. 1994an, sortu zirenean, garbi genuen herria ordezkatuko zuten pertsonaiak izan behar zutela. Buruhandiek Plazaolako trenaren inguruko lanbideak irudikatzen dituzte eta erraldoiek berriz, Azelaingo señoritoa bere amorantearekin, eta Legarreta bere alabarekin. Irudi politak dira eta merezi du ondo zaintzeak”, gaineratu du Kepa Sarasolak.

Egonkortasuna bermatzeko sinadura
Konpartsaren iraunkortasuna bermatzeko pauso garrantzitsua izan da Udalarekin sinatu berri duten hitzarmena: “1994an konpartsa sortu zenean hitzartutako puntu beretsuak biltzen ditu hitzarmen berriak. Hitzarmen horretan biltzen denez, taldekideok konpartsa urtean hirutan kaleratzeko konpromisoa hartu dugu; Inauteritan, Santakrutzetan eta Sanjuanetan. Beste ekitaldiren batean erraldoi eta buruhandiak erabiltzeko aukera gure eskuetan geratzen da, betiere Udalari baimena eskatu ondoren. Azkenik Udalaren esku geratzen dira beharrezko aseguruen kontratazioa, baita konpartsa kaleratzeak dakartzan gastuen ordainketa ere”, azaldu du Kepak.

Larunbatean, eguerdiz
Otsailaren 13an, 11:30etatik 13:00etara kalean izango dira Andoaingo erraldoiak eta buruhandiak: “Goikoplazatik abiatu eta Zumea plazaraino joango gara dantzan. Herriko bi gune nagusiak bateratzea da helburu nagusia. Ez da batere erraza izango erraldoiak bizkarrean hartuta aldapan behera dantzan ibiltzea, baina garrantzitsua iruditzen zaigu ibilbide hori betetzea”, adierazi du Kepak.

Egoitza berriaren beharra
Entseguetarako egoitza berria lortzea da konpartsako kideek etorkizunerako duten erronka nagusia: “Ziako pabiloietan biltzen gara eta ez da batere toki egokia. Hezetasun handia dago, noiznahi ura sartzen da eta figurak hondatzeko arriskua handia da. Horrez gain, taldekideentzat ere ez da batere toki erosoa. Herrigunetik oso urruti dago eta oinez joanez gero, Urnietatik datorren errepidea gurutzatu behar da, horrek dakarren arriskuarekin. Herrigunetik gertuago dagoen egoitza beharko genuke, taldekideontzako erosoagoa izango dena eta erraldoi zein buruhandiak egoera onean mantentzea ahalbidetuko duena. Egoitza herrigunetik gertuago balego, errazagoa litzateke herritarrak bertaratzea”.

Herritarren beroa
Iazko Sanjuanetako irteerak izandako harrera goxoak aurrera egiteko kemena areagotu die konpartsakideei: “Goikoplaza eta Nafarroa plaza inguruan ibili ginen eta jendetza handia izan genuen inguruan. Asko eta asko izan ziren ibilbide osoa konpartsaren atzetik egin zutenak eta hori oso ezusteko polita izan zen. Oso gustura ibili ginen; egindako entseguek bere emaitza eman zuten eta kalejira polita osatu genuen”, azaldu du Jonek.
Hogeita hamar pertsona inguruko taldea behar da konpartsa kaleratzeko. “Zortzi buruhandi eta lau erraldoi dira eta txandakatu egiten gara. Horrez gain, erraldoien inguruan ibiliko den jendea ere behar izaten dugu laguntza modura. Kalean egon daitezkeen zulo eta oztopoen berri ematen diote erraldoiaren barnean doanari, istripuak saihesteko”, azaldu dute.

Talde anitza
Adin tarte zabala betetzen dute taldekideek: “Taldeko helduenek 40 urte inguru dituzte eta gazteenak hamabost besterik ez. Oso aberasgarria da hori. Horren jende gaztea ekimen honetan sartuta ikustea pozgarria izan da. Ilusioz sartu dira gazteak. Oso ardura eta bizimodu ezberdineko jendea gara, adin eta koadrila ezberdinetakoak, eta oso esperientzia polita da”, azaldu du Kepak.
Beste zenbait herritako konpartsekin harremana ere badute andoaindarrek. Hala azaldu du Jon Iraola gazteak: “Lehendabiziko asteetan Donostiako Itzurun konpartsako kideek laguntza berezia eskaini ziguten. Dantzen pauso nagusiak erakutsi zizkiguten eta Sanjuanetako kalejira ikustera etorri ziren. Iruñeako konpartsako kideekin ere behin baino gehiagotan hitz egin dugu. Arrasate, Hondarribia…, erraldoi eta buruhandien tradizio handia duten beste herri batzuetako konpartsak ere ezagutu ditugu Andoaingoa martxan jartzeko prozesuan zehar”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!