Jose Ignazio Garmendiarekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 4a, 16:33

Hemeretzi urte egin zituen Eibar taldeko atezain gisa. Bere kirol ibilbidearen eta izandako bizipenen inguruan aritu da zizurkildarra.

Noiz eta nola murgildu zinen fubol munduan?
Zizurkilgo Danena taldean hasi nintzen 11 urte nituela, atezain gisa. Txus eta Pakito Beldarrain izan nituen entrenatzaile eta laguntzaile. Hamasei urte inguru nituela, Hernaniko Atsegindegira joan ginen, txapelketa bat jolastera, eta Hernaniko taldekoek, bertan jokatzeko aukera eskaini zidaten. Hemeretzi urte arte aritu nintzen Hernanin eta orduan sortu zen Eibarren jolasteko aukera. Hernaniko taldearekin hara joan ginen partida bat jokatzera eta amaieran, Eibarren jokatzeko proposamena jaso nuen. Garai hartan hirugarren mailako taldea zen Eibar. Proposamen hura onartu, eta hemeretzi urte egin nituen bertan.

Nolako oroitzapenak gordetzen dituzu zure kirol ibilbidetik?
Oso urte politak bizitu nitue. Eibar taldea hirugarren mailatik bigarren B mailara igotzea lortu genuen, eta ondoren bigarren A mailara ere iritsi ginen. Erretiroa hartu nuenean maila horretan utzi nuen taldea eta hori oso pozgarria izan zen niretzat. Urte zailagoak ere izan genituen, mailaz jaisteko puntuan ere izan ginen eta momentu txarrak pasa genituen, baina orohar, oso oroitzapen politak gordetzen ditut. Jendearekin izandako harremana ere oso aberasgarria izan zen. Lagun asko egin nituen atezain izan nintzen garaian eta oraindik ere, haietako askorekin harremana izaten jarraitzen dut. Kirol ibilbideko azken urteetan, gainera, nik hogeita hemezortzi urte nituen eta taldekide askok hogei urte inguru. Esperientzi betegarria izan zen hori niretzat.

Talde handien eskaintzak ere izan zenituen. Zergatik erabaki zenuen Eibarren geratzea?
Madrildik, Tenerifetik…, talde ezberdinetatik izan nituen eskaintzak. Errealak ere egin zidan proposamena, Arkonadak lesioa izan zuenean. Gauza ezberdinak kontuan hartzen saiatu nintzen. Eibarren oso gustura nengoen eta etxetik ateratzeko gogorik ez nuen. Eibar hirugarren mailan balego gauzak beste modu batera ikusiko nituzke agian, baina bigarren mailan horrenbeste urtez arituta, maila oneko taldeekin lehiatzeko aukera izan genuen, eta nire kirol ibilbidea bere horretan egokia zela iruditzen zitzaidan. Azken finean, Eibarrek eman zidan profesional mailako futbolean aritzeko aukera, eta ez dut inoiz taldez ez aldatzearen damurik izan.

Eibarko atezain izatearen ardura, Villabonan duzuen harategiko lanekin bateratu zenuen. Lan zaila izan al zen?
Garai hartan, arratsaldez izaten genituen entrenamendu saio guztiak. Goizean harategian egiten nuen lan eta arratsaldez, gurasoak geratzen ziren bertan. Izugarri eskertzen dut etxekoen laguntza. Lan handia egin beharra izan zuten nik futbolean jarraitu ahal izateko. Maila batetik aurrera, eskaintza handia exijitzen du futbolak eta egia da ordu asko eman dizkiodala, baina beti gogo onez egin izan dut. Oso pozik joaten nintzen beti entrenatzera.  

Ba al duzu bereziki gogoan duzun partidaren bat?
Partida eta momentu asko etortzen zaizkit gogora, baina bada bat oso gogoan dudana. 1991-92 urteetan, ia denboraldi osoa egin genuen jaitsierako postuetan. Azken partidara ere kinka larrian iritsi ginen eta maila mantentzeko mirari bat behar genuen. Español taldearen aurkako partida irabazi behar genuen Sarrian, eta Santanderrek galdu egin behar zuen Betisen aurka. Ia ezinezkoa zirudien arren, gure partida irabazi genuen eta Betisek garaipena lortu zuen. Egun hura ahaztezina izan zen.

Nolakoa izan zen futboletik erretiroa hartzeko unea?
Hemezortzi urtez Eibar taldeko atezain titularra izan nintzen. Errealetik zetorren Yubero atezain gaztea fitxatu zuten. Titulartza bion artean banatzen hasi ginen eta bere bigarren denboraldiaren bukaeran, berak jokatu zuen nik baino gehiago. Erretiratzeko momentu ona zela iruditu zitzaidan, taldea bigarren A mailan zegoen, eta hala uztea polita zela pentsatu nuen. Omenaldia egin zidaten, jende asko hurbildu zen eta oso oroitzapen politak ditut.

Erretiroa hartu ondoren, erabat utzi zenuen futbola?
Jokalari izateri utzi ondoren, urtebete egin nuen Eibar taldeko atezainen prestatzaile gisa. Ondoren, hirugarren mailako UPV taldeko entrenatzailearen laguntzaile gisa aritu nintzen bost urtez. Futbola beste modu batera ikusteko aukera eman zidan; kirol helburu ezberdinak, oso jokalari gazteekin aritzeko aukera…, urte ederrak izan ziren. Urte horiek pasa ondoren, familiari denbora gehiago eskaintzea erabaki nuen eta futbola utzi nuen. Gaur egun Eibarren partidak ikustera joaten naiz, Errealari ere jarraipena egiten diot, baita Tolosa edo Villabonako taldeei ere, baina beste modu batera bizi naiz. Harategian egiten dut lan eta baserrian ere aritzen naiz pixka bat.

Kirol ibilbidea amaituta, nori emango zenizkioke eskerrak?
Gurasoak, emaztea, alaba…, etxekoak beti izan dira laguntzeko prest. Emaztea askotan etortzen zen partidak ikustera eta alaba txikia zela ere, asteburu asko pasa genituen etxetik kanpora, futbola zela eta. Horrez gain, futbol ibilbidearen hasieran bultzada ematen aritu ziren Txus eta Pakito Beldarraini ere eskerrak eman behar dizkiet, Zizurkilgo Danena elkarteari, Eibar taldeari, eta orohar, nire ibilbidea jarraitu duten zaletu guztiei. Askotan esan izan dut, harrigarria dela jendeak zenbateko laguntza ematen duen. Nire borondatez egiten nuen zerbaitean, jende askoren bultzada izaten nuen atzean. Asko hurbiltzen zitzaizkidan animoak ematera eta hori ez dut sekula ahaztuko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!