Kultur elkarte berria sortu da Larraulen

Larraulgo museoa kudeatzeko eta herriko aukera turistikoak indartzeko asmotan, zazpi herritarren artean sortu dute DINA-7 izeneko elkarte berria. 

Talde berriko kide da Karlos Irazu larrauldarra: “Museoaren kudeaketaren inguruan lan egiteko sortu genuen elkartea, iaz. Museoaren kontzeptua  berraldatzea da gure taldearen helburu nagusia, Larraulen dauden aukera turistikoak bildu, eta eskaintza zabalago bat diseinatuz. Museo etnografikoa eta elizako grisalla izango dira kontzeptu berri horren ardatz nagusiak. Ardatz horretatik abiatuta, aukera pedagogiko ezberdinak sortzen ari gara. Proiektu berri  hau, Aste Santuan hasi eta urria bitartean eskaintzea aurreikusita daukagu”.
Aitziber Mendiola, Pili Otaegi, Olga Villa, Iñaki Alkalde, Koldo Jauregi, Jexux Mari Irazu eta Karlos Irazu ari dira Larraulgo ekomuseoa sortzeko lanetan. “Talde polita osatu dugu. Iaz aurkeztu genion proiektua Udalari eta haien onespena jaso ondoren, gure ideia guztiak martxan jartzen hasteko garaia iritsi da. Taldekide bakoitzak bere ardurak hartu ditu eta lanean hasteko gogoz gaude”.

Iragana, oraina eta etorkizuna
Antolaketa lanetan buru-belarri murgilduta dabiltza orain taldekideak. “Herrian dauden baliabideak eta bertan egiten diren ekintzak erakutsi nahi dizkiegu hurbiltzen direnei. Proiektua nahiko landua dugu eta ideiak ere ez zaizkigu falta. Orain, ideia horiei guztiei forma ematen hasteko garaia da. Aste Santurako hainbat pauso ematea espero dugu. Betiere, Larraulgo herriaren iragana, oraina eta etorkizuna kontuan hartu nahi ditugu. Lehen eta orain egin direnak erakutsiz, ideia berriak martxan jartzeko aukera sortzeko bidea zabaltzea ere gure helburuen artean sartzen da”, adierazi du Karlosek.
Besteak beste, herria ezagutzeko aukera polita antolatu nahi dute DINA-7 taldeko kideek: “Oinez, Larraulgo txoko ezberdinak ikusteko aukera eskainiko duen ibilbidea egiteko aukera eman nahi genieke bisitariei ”, azaldu du Karlosek.

Taldeka eta ordua hartuta
“Gure hasierako asmoa, bisitariak taldeka antolatuta hartzea da. Telefono zenbaki bat jarriko dugu martxan eta bisitariek, bertara deitu beharko dute ordua hartzeko. Lanak antolatzea errazagoa izango da guretzat modu horretan”, gaineratu du.
Bisitariak erakartzeko, Larraulgo eskaintza ezagutzera ematea izango da lehendabizi egin beharreko lanetako bat. “Garaia iristean, eskuorri batean azalduko dugu herriak eskain dezakeen guztiaren berri eta hainbat tokitan banatuko dugu: eskoletan, euskaltegi eta barnetegietan, inguruko landa-etxeetan, turismo bulegoetan, etab”, azaldu du Karlosek. Hainbat ekintza aurrera eraman ahal izateko diru-laguntzak lortzea ere elkarteko kideen ardura izango da. “Udalak hartu ditu museoko argia eta mantenimendu gastuak eta gainerako guztia elkarteko kideen esku geratu da, horregatik, diru-laguntzak lortzen saiatu beharko dugu”, adierazi du Karlosek.
Aste Santua bitarte, Larraulgo eskaintza turistiko berria osatzeko lanetan murgilduko dira DINA-7 elkarteko kideak. Laster ezagutuko ditugu lan horien fruituak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!