Zizurkilgo txerri bodak, Zumaian ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ots. 4a, 15:53

Garai batean, oso ohikoa zen Euskal Herriko baserrietan txerria hazi eta hiltzea. Zizurkilgo Nekola baserrian egindako txerri bodak bideoz grabatu zituzten Zumaiako haurrei erakusteko.

Argazkiak ikusgai:

Urdaiazpikoa, txorixoa, odolkiak, urdaia, xolomoa…, etxean urte guztirako haragia bermatzen zuen txerri boda egiteak. Jai eguna ere izaten zen txerria hiltzeko eguna. Etxekoekin batera izaten ziren familiartekoak eta auzolagunak ere.
Urtarrilaren 23an, Zizurkilgo Nekola baserrian egin zituzten txerri bodak. Bertan zen Zumaiako ikastolatik etorritako ordezkari bat prozesu guztia bideoz grabatzen. Modu horretan, euskal ohitura zaharra gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertako ikasleek.

Pausoz pauso
Goizeko 09:00etan egin zuten hitzordua. Bertan ziren Nekola baserriko kideak eta zenbait laguntzaile, tartean, Zelestino Arrizabalaga harakina. Luzapenetan ibili gabe, ukuilura sartu eta bertan hazitako 130 kilo inguruko txerri ederra gantxoz heldu ondoren, mahai gainean etzanda jarri zuten sei gizonen artean. Harakinak izan zuen txerria hiltzeko ardura. Ondoren, garo lehorrarekin pila egin eta gainean jarri zuten. Txerriak bizkar aldean izaten dituen ile gogorrak kentzea da helburua. Garoari sua eman eta pixkanaka, ile gogor horiek desagertzen joan ziren.

Lana atarian, lana sukaldean
Nekola baserriko sukaldean, hainbat esku ari zen lanean, goizean goizetik. Porrua eta tipula sutan ziren eta gatza zein piper hautsa ere prest zituzten. Odola bilduta, txerrikia txikitu eta nahasketa egitea besterik ez zen falta.
Txerriari barrunbeak kendu eta zintzilik jarri ondoren, haragiari hozteko denbora eman behar zaio txikitzen hasi aurretik. Prozesu guztia bideoz grabatze aldera, bezperan hildako txerria txikitu zuten Nekolan.
Esaera ezaguna da txerritik ia gehiena aprobetxatzen dela. Zelestino harakinak azaldu zuenez, “txerriak bizirik pisatzen duenaren %28a besterik ez da galtzen, gainerako guztia jateko modua izaten da”. Xolomoak, urdaia, urdaiazpikoak, belarriak, hankak…, laster batean egin zituen lanak harakinak.
Sukaldean berriz, txerrikia txikitzeko lanetan ari ziren buru-belarri, odolki goxoak egiteko. Guztia ondo-ondo nahastu, txerriaren hesteak ondo garbitu, eta enbutuaren laguntzaz, odolkiak prestatzen hasi ziren Nekolako kideak. Ontzi handi batean ondo egosi ondoren, zintzilika jarri eta dastatzeko prest geratu ziren.

Haurrak ere laguntzeko prest
Familiako kide guztiek zuten zereginen bat; moztutako haragia sukaldera eraman, ontziren bat garbitu, odolkien nahasketa egin…, etxeko txikienek ere ahalegin berezia egin zuten. Txerria hiltzeko garaian, sokari eusten aritu zen Adur gaztetxoa eta odolkiak egiteko garaian lan ederra egin zuen Janirek ere. Euren adineko haur gehienek ez dute prozesu hori ezagutzeko batere aukerarik izan eta helburu horrekin egin zuten irudi grabaketa Zumaiako ikastetxeko kideek.
Eguerdia iristerako, lanik handienak amaituta ziren. Mahaiaren bueltan eseri eta hamaiketako ederra egiteko garaia iritsi zen. Ohiturari jarraituz, hil berria zen txerriaren gibela dastatu zuten Nekolan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!