25 urte, alajaina!
Urtarrilaren 2an bete ziren 25 urte okindegia zabaldu genuenetik. Makina hotz-bero pasa dugu ordudanik. Gogoan dut okindegia zabaldu eta egun gutxira elurra egin zuela. Haiek komeriak! Zaila izan zen hasiera, ogi barra 7 pezeta igo baitzen urte hasiera hartan. Ez zen giro baserritarren artean.
Bi senar-emazte hasi ginen sozio modura, pixkanaka banatzailea hartu genuen eta aurrerago langile gehiago. Aurrenetik oso gaizki pasa nuen, gauean lan egin ondoren, banaketa egin behar izaten baitzen gero.
Okinaren lanak ordutegi lotu eta estua du…
Orain astean zehar bi mutil aritzen dira gaueko lanean, goizeko 01:00etan ematen diote makinari martxa. Asteburuan neroni aritzen naiz ogia egiten goizeko 05:00etan hasita. Aste egunetan enkargutan eta banaketan aritzen naiz. Gogorra da gauez lan egitea. Batzuk moldatzen dira egunez lo egin eta gauean erraz lan egiten, baina niri zaila egiten zait: gaua lotarako eta parranda egiteko dira.
Ogia egiten hasi eta pauso berriak eman zenituzten pixkanaka…
Ogia eta esnezko opilak egiten hasi ginen aurrena. Gerora Amasa-Villabonan denda zabaldu eta gozotegia jarri genuen han. Lau bat lagun hasi ziren lanean bertan. Han ere obradorea badenez, hantxe egiten dute ogia egun. Ogiaren masa, ordea, dena Asteasun egiten dugu. Masa izoztuta bidaltzen dugu bai Amasa-Villabonako eta baita Zizurkilgo okindegira ere. Masa modu naturalean landu eta izoztu egiten dugu gero, fermenta ez dadin. Modu horretan ogi goxoa geratzen da eta oso ondo irauten du gainera.
Zein osagairekin egiten duzue ogi masa?
Irina, ura, ogia goxatzeko gaiak eta legamiarekin. Urari tenperatura egokia ematen asmatu behar da, hotzegia ez da ona eta beroegia ere ez. Masa egiteak ere baditu bere trukuak. Neurriekin ibiltzen gara eta denak jakinagatik, masa berdinik ez da inoiz ateratzen.
Ogi moten aukera izugarri zabaldu da…
Gu bi edo hiru motarekin hasi ginen, baina orain izugarrizko aukera dago. Alemanak gure aldean oso aurreratuak daude gai horretan eta haiei jarraiki, katalanak ere artistak dira. Orain nahi bezainbestekoa da eskaintza, nahiz eta herri txiki hauetan oraindik ere ez den kultura hori gehiegi sartu. Esaterako, guk hemen ogi barra saltzen dugun bezala, Alemanian ogi opila saltzen dute gehiago, norbanakoari begira. Orain zerealetako ogia dezente saltzen da hemen, jendea ari da pixkanaka ohitzen.
Ogirik gabeko otordurik ezagutzen al duzu gure artean?
Jango ez bada ere, aldamenean behar izaten da hemen ogia. Etxe gehienetan ogia egunero jaten da oraindik ere, nahiz eta egungo gazteek lehen baino gutxiago jaten dutela esango nukeen. Lehen bi edo hiru barra erosten zituenak gaur batekin nahikoa du.
Gizendu egiten duelako?
Agian bai, baina ogiak bakarrik ez du gizentzen. Ez baita hura bakarrik jaten.
Urtean bi egunetan soilik ez duzue ogirik egiten…
Bai, Eguberri eta Urteberri egunetan. Lehen lau egun izaten ziren arren, haietako bi kendu egin zituzten: maiatzaren 16a okinen eguna izaten zen. Okinak lapurrak omen gara eta San Onorato Ladrón deitzen zioten egun hari. Bigarrena maiatzaren 1a izaten zen.
Okindegiak barra-barra zabaldu dira azken urte hauetan…
Okindegiak baino gehiago ogia erretzeko puntuak zabaldu dira. Ogi masa egiten duten leku askorik ez da ireki. Ogia erostearekin batera kafetxoa hartzea ere ohiko bihurtu da. Jendeak hori eskatzen du eta eskatzen duena eman beharra dago. Antzinako ohiturek ez dute balio orain.
Urteko egun lanpetuenetakoa pasa berri den Errege eguna izaten al duzue?
Egun horretan izugarrizko lana izan dugu urtetan, jota geratzeraino. Orain, errege opilak okindegi eta txoko askotan saltzen direnez, lan gutxixeago izaten dugu. Hala ere, 20:00etan hasi eta hurrengo goizeko 10:00ak arte aritzen gara, ogiaz gain, opilak egiten jo eta fuego.
Okina lanbidez eta kirolzalea afizioz?
Kirol zaletasunik handiena pala izan da niretzat, Behar-Zana elkartean jokatzen nuen. Aitz-Ondo elkarteko futbol taldean ere ibili nintzen 22 urtez. Bizikletaz ere asko ibilitakoa naiz eta besteak beste, lanetik zuzenean joanda hartu nuen parte Quebrantahuesos-en. Oinez ibiltzea ere oso gogoko dut. Orain eseritako kirola egiten dut gehiago; jan eta elkartean musean jolastu.