Abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina jarri du abian UEMAk

UEMAk, bere herrietan abizenak euskaraz jartzeko kanpaina jarri du abian. Ondorioz, aipatu kanpainak Beterri-Aiztondo eskualdean ere izango du eragina, Adunan hain zuzen. Herriko etxe guztietan banatu dituzte dagoeneko ekimenaren berri ematen duten orritxo informatiboak. Jarraian ekimenaren berri zehatzagoa eta abizenak euskalduntzeko eman beharreko pausoak:

UEMAk bultzatuta, Guk abizena, zuk? kanpaina jarri da martxan Adunan, euskal abizenak modu ofizialean eta toki guztietan euskaraz izan nahi dituztenentzat. Hartara, Arteche, Aguirre, Aurrecoechea, Echenique edo Echeverria aldatu eta Artetxe, Agirre, Aurrekoetxea, Etxenike edo Etxeberria bihurtzeko aukera izango dute interesatuek.

Izan ere, Adunako telefono listina hartu besterik ez dago ikusteko zenbat eta zenbat euskal abizen dauden oraindik gaztelaniazko grafiarekin: ch, c, qu eta gui ugari dago oraindik, beste garai baten arrasto baten moduan.

UEMAko Zuzendaritza Batzordearen ustez, "hizkuntza bateko abizenak beste hizkuntza batean idaztea ez da normala". Ekimenaren helburua normalizazioa besterik ez dela gaineratu dute kanpainaren sustatzaileek, eta gogorarazi dute hizkuntza normalizatuetan ez dela horrelakorik gertatzen: "Ingelesek Shakespeare idazten dute, eta ez Xexpir, eta espainolek Cervantes idazten dute eta ez Zerbantes. Nor gara euskaldunak horiek berridazten hasteko? Aguirre edo Echeverria abizenak baldin badira, zergatik ez Agirre eta Etxeberria idatzi, euskaraz? Ingelesak ala espainolak baino gutxiago ote gara, ba?"

Adunan, etxe guztietara helarazi dute abizenak euskalduntzeko kanpaina; izan ere, etxe guztietako postontzietara iritsi da kanpainaren berri ematen duen postala. Horrez gain, udaletxean postalak jarri dituzte abizenak euskalduntzeko jarraibideekin.

UEMAk eta Adunako Udalak, beraz, dei egiten die euskaldun guztiei bere izanarekin koherente izan eta abizena euskaratzeko.

***************************************************************************

Abizena euskal grafiara moldatu nahi dutenek hiru pauso hauek eman behar dituzte:

1.- Erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula.

2.- Han emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.

3.- Agiri hauek eraman:

- Nortasun agiriaren fotokopia. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere beharko duzu.

            - Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria

            - Errolda agiria

            - Ezkondutan bazaude edo seme-alabarik baduzu, familia liburua.

- 16 urtetik gorako seme-alabarik baduzu, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!