Urtarrilaren 29an ekin zitzaion Beterriko III. Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketari. Sorgin-orratzak (Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa) eta Labezomorroak (Iñigo Agirre, Jokin Uranga eta Jokin Labayen) lehiatu ziren lehen saioan. Umore ona nagusitu zen eta ikusleek hala erabakita, Sorgin-orratzen taldeak jaso zuen boto gehien.
Otsailaren 6an bigarren kanporaketa jokatuko da Zizurkil Goiko Zentroan. Armiarmak (Haritz Etxeberria 'Ministro', Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa? eta Beñat Lizaso) eta Mandeuliak (Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin) arituko dira buruz buru.
Bigarren kanporaketa horretan gailentzen den taldeak Sorgin-orratzen aurka jokatuko du final handia otsailaren 13an Amasa-Villabonako Irrintzi elkartean. Sarrerak salgai daude Larramendi Bazkuneko egoitzatan eta ohiko saltokietan.