Autoen gidabaimena euskalduntze bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 28a, 14:33

Buruntzaldeko Udalek auto-eskoletan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berria abian jarri dute; gidabaimenaren azterketa teorikoa prestatzeko euskarazko materiala prestatu eta Buruntzaldeko hamaika auto-eskoletan eskuragarri izango da.

Hemezortzi urte inguru dituzten gazteei zuzendutako kanpaina aurkeztu berri dute Buruntzaldeko Udaletako euskara batzordeek; gidabaimena euskaraz prestatzeko materiala aurkeztu zuten iragan urtarrilaren 22an, Lasarte-Oriako Kultur Etxean.
Aurreko urteetan, arrandegi, harategi edota okindegietan egin bezala, auto-eskoletan euskararen erabilera normaldu eta bultzatzea da helburua; bertako langile eta bezero direnen artean. Horregatik, azterketa teorikoa prestatzeko liburua kaleratu dute. Modu entretenigarriagoan, beharrezko edukiak irakurri, testak osatu eta zuzenketak egiteko, multimedia eta “Visuala” ikus-entzunezko programez gain.
Buruntzaldeko hamaika auto-eskolek bat egin dute egitasmoarekin: besteak beste, Urnietako Solozabal eta Andoaingo Mendi eta Bengoetxea auto-eskolek. Guneotan, azterketa teorikoa prestatzeko euskarazko materiala dago, Udalek diruz lagunduta autoeskolek burutu duten inbertsioari esker. Bide horretan jarraitzeko beharra azpimarratu zen. “Administrazioa garen neurrian, herritarrek zerbitzuak euskaraz jasotzeko neurriak hartu eta baliabideak jarri behar ditugu”, adierazi zuen Hernaniko Udaleko euskara delegatuak.

EUSKALDUNTZEN JARRAITU
BEHARRA
Egitasmo honekin oinarri sendoa jarri arren, prentsaurrekoan parte hartu zuten ordezkariek azpimarratu zutenez, oraindik egiteko asko dago. “Lehen urrats hau sendoa da, baina egiteko asko falta da. Arazo handiena, trafikoko aztertzaileak elebidunak izatea da”, adierazi zuen Gipuzkoako auto-eskolen elkarteko presidenteak. Materiala euskaraz argitaratu arren, aztertzaileak eta irakasleak elebidunak izatea adibidez.
Horregatik “Semaforo berdea: orain gidabaimena euskaraz. Eman bidea” izeneko Buruntzaldea mailako kanpaina ez da hemen amaitzen. Materiala jada aurkeztu diete auto-eskolei. Datorren maiatzean, egitasmo honetan parte hartu duten auto-eskolen berri emateko kanpainaren bigarren zatiari ekingo diete Buruntzaldeko Udalek, 18 urte inguru dituzten gazteak gidabaimena euskaraz prestatzera bultzatzeko. Hau hasiera baino ez da, Lasarte-Oriako uUdaleko euskara teknikari Marifer Gorostizak prentsaurrekoan gogorarazten zuenez, “jarraipena izango du urtero, dena normaltzera heldu arte”. Segida eta baita hedapena ere, Buruntzaldea mailan banatu diren liburu eta multimedia programez gain, badirelako zenbait auto-eskola jada euskaraz materiala kaleratu eta erabiltzen dutenak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!