Sukaldeko olioaren gaikako bilketa martxa onean doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 28a, 14:32

Beterrin eta Toloserrin jadanik jarrita daude sukaldeko olioa gaika biltzeko 61 edukiontzi. Une honetan Mankomunitateko biztanleak sukaldeko olioa horretarako jarritako edukiontzian botatzen ari dira. Bildutakoarekin biodiesela lortu ahal izango da.



BILKETAREN Lehen emaitzak, bikainak
Ecogras, edukiontzietatik olioa jasotzen ari den enpresaren arabera, lehen urratsak bikainak izan dira, herritarren parte hartzeak nabarmen gora egin baitu. Espero da, 2009an gaika jasotako 21.385 litro olio horiek nabarmen gaindituko direla 2010ean.
Irakurleak gogoan izango du 2009ko abenduaren hasieran ekin zitzaiola Tolosaldeko Makomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorrerako Sailak elkarlanean bultzatu duten kanpaina horri. Mankomunitateko udalerri handienak izan ziren lehenengo (Tosola, Ibarra, Andoain eta Amasa-Villabona) edukiontziak jarri zituztenak, baina berehala zabaldu ziren gainerako 28 udalerrietara ere. Izan ere, edukiontzi guztiak jarrita daude eta ezin hobeto doa zerbitzua.
Olioa birziklatzeak saria du
5.000 inbutu banatu dira sukaldeko olioa birziklatzeko interesa duten herritarren artean; Andoainen kaleetan barrena egokitu ziren informazio guneetan jaso ahal izan zen elementu guztiz praktiko hori. Herritarrek hartutako jokabide ohituren baitan dago gaikako bilketen arrakasta. Horregatik, Mankomunitateak saritu egin nahi izan ditu beren sukaldeko olioa gaika jasotzen ari direnak, pentsatuz estimulu horrek lagunduko diela esperientziarekin hasten, eta horrenbestez, jada utzi ezin den ohitura hartzen. Edukiontzian bota beharreko plastikozko botilan edo brik ontzian norberaren telefono zenbakia idazten duenak, zozketa batean parte hartuko du. Eta saria ez da nolanahikoa: EAEko landetxe batean bi lagunentzako asteburua izango da saria.  
Mankomunitateko arduradunek prentsa ohar bidez ekimenean parte hartzeko gonbitea luzatu dute, “Horrenbestez, herritar guztiak animatu nahi ditugu bilketa honetan parte har dezaten, modu erregularren eta ezagueraz hartu ere, galdu ezin dugun eta galdu behar ez dugun baliabidea baita sukaldeko olioa gure ingurumena hobetzen lagundu nahi badugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!