Udal laguntza elkartasunari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 28a, 14:23

Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinei 2010 urterako emango zaien laguntza-hitzarmenen sinadura ekitaldia egin zen Andoaingo batzar aretoan, joan den ostegunean. Estanis Amuchastegui alkatea, Sergio Barreiro Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Gabino Agudo zinegotziarekin batera, diru-laguntza jaso duten hamabost GKEren ordezkariak bildu ziren bertan.

Amutxasteguik eskerrak eman zizkien guztiei mundu justuago baten alde egiten ari diren lanagatik. Barreirok adierazi zuen 2009ko Udal aurrekontutik 98.163,61 euro bideratuko direla kooperazio egitasmo horietara, aurrekontu osotik %71 alegia. Hurrengo bi urtetan %73a eta %75a izan dadin saiatuko da Gizarte Zerbitzuetako saila.
Ondoren, diru-laguntza jaso duten hamabost erakundeak, hauexek egitasmoen ezaugarriak eta emandako kopuruak:
  • •    Asamblea de Cooperacion por la Paz; Nyassic (Senegal) nekazarien komunitateko Etome eta Kaleaneeko gazteen egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko. 5.151 euro.
  • •    Mundubat Fundazioa; Brasilgo nekazal erreformako kokaleku batean elikaduraren produzioa lortzeko matrize teknologiko baten eraikuntza. 9.000 euro.
  • •    Elizbarrutietako Misioak; Peltunco herriko (Benin) haurtzaindegi bat eta lehen hezkuntzako gelak izango dituen eraikuntza altxatzeko. 9.000 euro.
  • •    Rocpa; Yushun (Tibet) lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak eraikitzeko. 3.000 euro.  
  • •Felix Baltistan Fundazioa; Machulu eta Salingeko (Hushe herria, Pakistan) abrikotondoaren ekoizpena merkaturatzeko. 5.812,61 euro.
  • •Serso San Viator; Banfora hirian (Burkina Faso) hango emakumeek zerealak landu ditzaten errota baten eraikitzeko. Hango emakume alargunek zerealak landu ditzaten, eta azken batean, burujabe izan daitezen laguntzeko. 7.700 euro.
  • •Sos Infancia Gipuzkoa; Inhamizoa herriko (Mozambike) umezurtzak hezteko harrera-etxea eraikitzeko. 7.500 euro.
  • •FISC; Kolonbiako bortxakeri politikoa dela eta Medellin hirira (Kolonbia) tokialdatu den nekazal giroko biztanlegoari laguntzeko. 7.500 euro.
  • •Txingudi Vida; Kanboinse herriko (Burkina Faso) umezurtz-etxea eraikitzeko. 7.500 euro.
  • •Proyde-Proega; Madagaskarreko nekazal giroko haurren hezkuntza hobetzeko. 9.000 euro.
  • •Activos por un Mundo Solidario; Diriamba herriko (Nikaragua) haur ezinduentzat ikastetxea eraikitzeko. 5.000 euro.
  • •Behar Bidasoa; Rwandan emakumeen merkatu baten berreraikuntza. 9.000 euro.
  • •Honek; Gosetearen arriskuan diren Totogalpa herriko (Nikaragua) bizilagunei elikagaiak eta azpiegiturak eraikitzeko. 3.000 euro.
  • •Edex; Quibdo herriko (Kolonbia) haurren aldeko osasun programak. 3.000 euro.
  • •Taupadak; Bolibiako Amazonetan bizi diren komunitateei zerbitzu teknikoa eskainiko duen aterpetxe bat eraikitzeko 7.000 euro.

Iker Karrera
Felix Baltistan Fundazioa

“Felix Iñurrategiren figuraren gerizpen sortutako fundazio honek Pakistango iparraldean dagoen Baltistango erregioan, Karakorumgo mendikatean egiten du lan. Proiektu dexente garatzen ditugu inguru haietan, nekazaritza, hezkuntza eta azpiegiturarekin lotuta.  
Jaso dugun diru laguntza Hushe bailarako nekazariei ekoizpen sisteman laguntzeko izango da. Garian, barazkian eta alberritxikoan oinarritzen da nekazarien iraupen ekonomia. Egitasmo honekin  alberritxikoen produkzio-sistema hobetzea lortu nahi da eta horrela, uzta areagotu ahal izatea. Horretarako, aholkularitza teknikoa eman eta prestakuntza eskaintzen zaie. Egitasmoa orain hiru urte jarri zen abian, eta dagoeneko soberakinak ateratzen eta horiek komertzializatzen hasi dira nekazariak. Hurrengo pausua, bidezko merkataritzaren eskutik soberakin horiek mundura zabaltzea izango litzateke”.

Fernando Fuaquerizo
Mundubat Fundazioa

“Aurten garatu nahi duen egitasmoak Brasilgo hegoaldean diren hiru estatu ditu jomuga. Gure lan ildoa garapen endogeno parte hartzailetzan oinarritzen da, eta hori gauzatu ahal izateko, Lurrik Gabeko Langileen Mugimenduarekin harreman zuzena daukagu.
Oraingo honetan, emakume nekazariekin garatu nahi dugu egitasmoa, Brasilgo nekazal erreformaren ikuspegitik. Familiaren garapenean lagunduko duten produkzio taldeak bultzatu nahi ditugu. Emakume taldeak sortzeko baldintzak, honakoak dira: modu kolektiboan eta ekologikoan lan egitea,
soberakinak inguruetako merkatuetan jartzea, eta azkenik, emakumeak
gaitu daitezela bai produkzio sisteman baita beste emakumeei erakusteko gero.
Emakume nezakariak euren buruaren eta etorkizunaren jabe egin daitezen da azken helburua”.

Leire Atxega
Elizbarrutiko Misioak

“Nire funtzioa Gipuzkoako elizbarruti mailan misio susperketa, garapen proiektuak bultzatzea eta ezagutzera ematea, eta sentsibilizazio arloa jorratzea da.
Gure erakundeak baditu 61 urte eta hainbat herrialdeetan dauzka egitasmoak, modu batera edo bestera: Rwanda, Ekuador, Brasil, Kongo, Zaire, Angola...
Andoaingo Udalarekin sinatu den akordioari esker Peltunco herrian (Benin) haurtzaindegi bat eta lehen hezkuntzako gelak izango dituen konplexu bat eraiki ahal izango da. Egitasmoa abian da lehendik ere, eta Natitingo elizbarrutiak gidatzen du. Udan, lanaldiak antolatzen ditugu Gipuzkoan, hara laguntzera joateko; oso pozik itzultzen dira bizitutako bizipena dela eta. Gure erakunde txiki honetan pentsatzen dugu hangoek eta hemengoek elkarri eskuak luzatuz gero, posible dela mundu berri bat eraikitzea, non gizon-emakumeak duintasunez bizi ahal izango diren”.

Jose Angel Mikeo
Cisc erakundea

“Gure proiektua Kolonbiako Medellinen burutzen da, nekazal girotik hara joan behar izan duten nekazariei begira.  Egitasmoak Medellingo periferian baldintza penagarrietan bizi diren 1.500 familiengan eragina du.
Lehena, hezkuntza: gaztetxoak eskola gal ez dezaten urtebeteko prozesuan murgiltzen dira; hortik ateratzean hezkuntza normalizatuan integratzen dira.
Bigarrena, psikologia:  Ez da ahaztu behar familia horiek hiru biolentzi mota, gutxienik, jasan dituztela: gerrilarena bata, estatuarena bigarrena (paramilitarren bidez edo zuzenean) eta ekonomikoa hirugarrena (ez direnez lurren jabe hiritartzeko joera izaten dute). Egoera horren aurrean laguntza sikologikoak bizi izan dutena berprozesatzeko eta etorkizuna bideratzea helburu duten estrategiak irakasteko balio izaten du. 
Hirugarrena: autoenpleguaren ideia bideratzen laguntzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!