Aiako Aristerrazu baserrian jasio zen baina lau urte zituela Urnietara etorri zen bizitzera, Oianume baserrira. 1947an ezkondu zen Antonio Izagirrerekin. Hemazortzi urte atzera eginez, Denda Berri jubilatuen elkartean bere senarraren lekukoa hartu zuen talde eragilean; lehendakari-orde hasieran eta lehendakari gisa ondoren.
Aurreko Aiurri astekarian (222. zenbakia, urtarrilak 22), Denda Berri elkartearen ez ohiko batzarraldiaren berri eman zen Urnietako albisteen artean. Albistea argitaratu eta egun gutxira, Maritxu Rekondok Aiurri astekariari elkarrizketa eskaini dio buruzagitzari agur esango diola adierazteko. Gauzak horrela, urtarrilaren 30ean Maritxu Rekondoren eta bere taldekideen aginte-zikloari amaiera emango zaio.
Elkarteko kide askok eta herritarrek, oro har, ezinbestean egin ohi dute elkartearen eta buruzagiaren arteko identifikazioa. Bata eta bestea elkar lotuta egongo balira bezala. Bada, urte luzez horrela izan bada ere, aurrerantzean Maritxu Rekondo kargurik gabeko bazkide izatera igaroko da. Eta, oraindik orain, asko zur eta lur geratzen da Maritxuk berak aitortu bezala, “jende askok orain kalean galdetzen dit ea zer dela eta utzi behar dudan. Nekatu egin naiz, aspertu egin naiz…, horixe erantzun diet. Gazteagoak badaude elkartean, eta haiek segi dezatela elkarte honen martxarekin”.
Elkarrizketan argi eta garbi adierazten du kargua uzteko borondatea, baita datorrenari laguntzeko asmo osoa ere. Bi edo hiru hautagai aurkezten badira bozketa egingo da eta, bestela, hautagai bakarra aurkezten bada, hura izango da zuzenean buruzagi berria.
[lehen orrialdetik dator]
Batzarra egingo duzueo larunbatean. Atzera eginez, ordea, nola gogoratzen duzu lehendakari izendatu zintuzten batzar hura?
Maritxu Rekondo. Urte batzuk ziren elkarteko bazkide nintzela. Nire gizona talde eragiletik atera eta, bere ordez, ni sartu nintzen. Denboran atzera eginez, orain 18 urteko garaiaz ari naiz. Sartu nintzenean lehendakari-orde izendatu ninduten.
Aurreko lehendakari Jose Carralero jauna gaixotu egin zen eta, garai hartan, arazoak sortu ziren. Kanpoko auzoek eraginda batez ere. Juntakideen artean egoera hura gainditu genuen, jende batek hanka sartu zuen eta hanka ateratzea kosta egin zitzaien. Esan bezala, aurreko lehendakaria gaixotu egiten zen eta denbora eman zuen ingresatuta. Horrela urte eta erdi igaro zen, harik eta Ongizate lansaileko zinegotziak horrela ezin zela jarraitu adierazi zigun arte. Denbora gutxira batzarraldia izan zen eta berak kargua utziko zuela iragarri zuen. Ez zela kapaz ikusten eta bere iritziz neuk izan behar nuen lehendakari. Asma zuen eta, ondoren, minbizia sortu zitzaion, bi gauza serio ziren. Utzi eta lau hilabetera hil zen Jose Carralero.
Geroztik, hemazortzi urtez lehendakari lanetan. Elkartearen martxa eramateko lan asko egin behar izaten al da?
M.R. Bai, ondo eramanez gero bai. Bakoitzak bere aldetik joanez gero jai dugu. Beti gauza bera diot: kargua hartzen duen pertsonak ardura gogo guztiarekin hartu behar du, egunean zenbat ordu ematen dituen kontuan hartu gabe.
Gutxien uste duzun garaian sortzen da zerbait, zurekin hitz egin nahi duen bazkide baten deia, Foru Aldundiko teknikarien bisita, euskal gobernutik ere bai… Egokitu zait abuztuan egoitza itxita dagoenean hona etorri behar izatea. Hamabost egunez itxita dago eta orduan ere hona etorri behar. Eusko Jaurlaritzakoak bazetozela esanez deitu zuten, elkartearen kudeaketa nola daramagun konprobatu nahi zutelako. Gure kontuak, elkartearen liburuak, horiek denak ikustera etorri zen. Hamabost egunez ixten dugu eta hura ere ez dute errespetatzen…
Taberna, irteerak, ekitaldiak…, lanik ez zaizue faltako.
M.R. Lana egin beharra dago hori dena aurrera eramateko. Jendeak, gainera, dena eginda nahi du eta hori oso zaila da. Alde horretatik zortekoa naiz, hainbeste urtean jende ona egokitu zaidalako juntakideen artean. Luzarora begira, hori ere gauza handia dela pentsatzen dut. Zeren eta juntakide bakarra okerra ateraz gero, junta osoa okertzen da. Baina, noski, guk bileretan denen artean erabakitzen dugu eta denon artean egiten dugu aurrera. Hemen norberak nahi duena egiten hasiz gero, akabo.
Zer da, adibidez, otsailean antolatu duzuena?
M.R. Inauteriak! Mozorro festa, txokolate jana… Otsailean hori izango da. Martxoan, berriz, irteera edota mendi martxa. Taldeko zuzendaritzara sartzen denak egin beharko du!
Zer esan nahi duzu, urtarrilaren 30eko batzarrean kargua utziko duzula iragarri behar duzula?
M.R. Bai, bai. Horrela da. Urte asko dira.
Eta, arrazoia zein den jakin al daiteke?
M.R. Geroz eta zailago egiten da dena, jendeak asko exigitzen du. Kasu batzuetan, gainera, gutxien egiten duenak.
Elkarrizketa honetan esan duzu Jose Carralerok zure izena proposatu zuela lehendakarirako. Hemezortzi urte geroago, zuk ere bazkideren bat proposatu behar al duzu kargu gorenerako?
M.R. Aurreko Aiurrin atera zen albistean adierazten zen bezala bazkide guztiek aurkezteko aukera dute. Aurkeztu daitezela eta hor ikusiko dira hautagaiak nortzuk diren. Bi edo hiru badira hauteskundeak egingo dira. Bakarra baldin bada, bera izango da zuzenean presidentea.
Zure irudipenez hautagairik ba al dago?
M.R. Bai, une honetan bai. Bat behintzat badago.
Zein sentsazioarekin utzi behar duzu kargua hainbeste urte eta gero?
M.R. Lasai asko utziko dut. Eta lehendakari berriak nire laguntza beharrezko badu, atsegin handiz lagunduko diot.
Pozik zaude egindakoarekin?
M.R. Bai. Ez daukat damurik.
Lan asko egin duzue…
M.R. Asko. Jende askok orain kalean galdetzen dit ea zer dela eta utzi behar dudan. Nekatu egin naiz, aspertu egin naiz…, horixe erantzun diet. Gazteagoak badaude elkartean, eta haiek segi dezatela elkarte honen martxarekin.
Zure ustez nola burutuko da batzarra?
M.R. Azkar-azkar ez da bukatuko. Galdera erreguen tartean luzatzen da gehien, askok ideiarik ere ez izan gabe hitz egiten dutelako.
Instituzio baten pare da, beraz, Denda Berri elkartea
M.R. Halaxe da, bai.
Arduradun berriak zure estiloa edo lekukoa jasotzea nahiko al zenuke?
M.R. Pertsona guztiek ez dugu berdin pentsatzen. Nire atzetik orain jartzen denak bere estiloa ekarriko du. Akaso okerrago? Hobeto? Desio diot hobea izatea, zeren eta okertzen hasten bada…
Herriko elkarteko ardura izateaz gain, Gipuzkoako federazioan ere talde eragilean zaude. Kargu hori ere utzi behar al duzu?
M.R. Bai, orain arteko kargua erabat utzi behar dut.
Gerta daiteke baten batek zure izena proposatzea berriro. Zer erantzungo zenioke?
M.R. Aspertu egin naizela eta beste bat aukeratzeko.
Atzeraezina da, beraz, zure erabakia.
M.R. Bai.
Otsailean, beraz, elkartera etortzen jarraituko duzu baina bazkide soil gisa.
M.R. Lagunekin egongo naiz, kafea hartzen eta denborapasa.
Pena ematen al dizu kargua uzteak?
M.R. Bat ere ez. Oso argi daukat, gainera. Tolosaldeko batzordean ere banago, eta penatuta daude. Lehengoan esan zidaten, “–Eta non geratuko dira jokoak egiteko tokia eta egiten genituen meriendak, afariak eta bereziki zuk egiten zenuen arrozesnea?”. Nik horrela erantzun nien, “–Hurrengoak ere egingo du!”. Beti ez du batek egingo, besteek ere badakite egiten...
BAZKIDEAK eta DIRU KONTUAK
Zer da urte hauetan guztietan burukomin gehien eman dizuna?
M.R. Ez dut bereziki ezer gogoratzen. Perkantzerik ez dut izan.
Eta pozik gehien eman dizuna?
M.R. Bat baino gehiago, hitzaldiak esaterako. Gogoan dut bihotzeko arazoen inguruan mediku batek eman zuen hitzaldia, bikaina izan zen. Orain jendeak dio, beste zaharren egoitzatan adibidez, jendea hitzaldietara joaten dela merienda ematen zaielako. Eta ni ez nago ados. Gai interesgarria edota pertsona interesgarria ekarriz gero, jendea ez da merienda egiteagatik etortzen.
Bazkideek kuota ordaintzen al dute?
M.R. Ez, dohainik da. Nire senarra juntan zegoenean, orduko alkateak herriko jubilatu guztiek afiliatu behar zutela pentsatzen zuen. Nire gizona bere kotxea hartu eta presidentea hartuta etxez etxe ibili zen. Martiarena alkateak bazkide bakoitzaren kuota Udalak berak ordainduko zuela erabaki zuen, akordio bidez.
Orain ez da horrela egiten. Aldatu egin da. Azken bi urteotan Udalari aurrekontua aurkezten zaio eta jasotzen duzun dirua ez da zehazten zertarako behar duen izan. Diru hori elkarteak berak kudeatu behar du.
Formula berri hori egoki ikusten al duzu?
M.R. Pertsona askorentzat egokia da, beste askori ez zaio inporta. Baina gaurko egunean diru aldetik atzeraka goaz, eta inoiz baino beharrezkoagoa da diru hori.