Irrintzi elkarteko zuzendaritza batzordeko kideen agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 28a, 13:45

Urtarrilaren 31n zuzendaritza batzordea berrituko da Irrintzi elkartean. Azken bi urte hauetan elkarteko zuzendari eta diruzain lanetan aritu diren Imanol Rodriguez eta Rafa Buitronek esker oneko hitzak izan dituzte kargua utzi aurretik:

Eginbeharrez betetako bi urte potolo igaro eta gero, balorazio positiboa egin dute Imanolek eta Rafak, "lehen urtean, sartu ginenean, batzordekide guztiak berriak ginen eta barruko martxa ikasi behar izan genuen. Esaterako, kargua hartu eta segidan, eskualde mailako mus txapelketa antolatzea egokitu zitzaigun. Laguntzari esker egin genuen aurrera. Bigarren urtean, dena errazagoa izango zela pentsatzen genuenean, suteak oztopatu egin zuen bide hori eta lan handia egin behar izan dugu berriro ere elkartea martxan jartzeko".

Iazko martxoaren 8an elkartea erre eta gero, biderkatu egin zitzaien lana zuzendaritza batzordeko hamar kideei, "ordu asko kendu digu elkartea berritu eta berriz zabaltzeko lanak. Gogorra izan da, baina babesa ere jaso dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu diguten guztiei, bai elkarteko kideei eta baita kanpokoei ere".

Besteak beste, berritze lanek iraun duten bost hilabeteetan, gainerako elkarteek eurekin izan duten jarrera eskertu dute biek ala biek, "herriko elkarte guztiek oso jarrera ona eta eskuzabala erakutsi ziguten elkartea erre eta gero. Hori, urte askoan, aurreko zuzendaritzek elkarlanean egindako lanaren ondorioa dela uste dugu. Elkarte guztien artean, Behar-Zana elkartearekin izan dugun harreman estua nabarmenduko genuke".

Elkartea itxita egon den hilabeteetan ekintzak egiten jarraitu dutela ere azpimarratu dute, "Garagardo azoka, Azoka berezia eta bestelako ekintzak elkartea irekita egon balitz bezala burutu ditugu. Elkartea berritu bitartean ez dugu funtzionamendua gelditu eta pozik gaude horrekin".

Elkarte berritua

Irrintzi elkarte berrituan aldaketa nabaria da: lehengo egurren ondoan, itxura modernoagoa du orain. Oso argitsua eta dotorea. "Paretak intsonorizatu eta aire girotua jarri da. Komunak ere handitu egin dira. Itxura kontuez gain, horiexek berrikuntza aipagarrienak".

Irrintzi elkarteak ekintza asko antolatzen du urtean zehar. Entzutetsuena, dudarik gabe, indar handia hartu duen Garagardo azoka da. "Lan handia izaten da, baina hamabi urteko esperientziak erakusten du aurrera egiten. Iazko maiatzean Hondarribiatik jaso genuen deia, Garagardo azoka antolatu nahi zutela eta laguntza eskatuz. Hantxe izan ginen taldea".

Aurreko ekimenak mantentzeaz gain, azken bi urteotan berriak ere jarri dituzte abian: Irrintzi sariak. Urtean zehar eginiko lanagatik edo euren ibilbideagatik herriko talderen bati eskerrak ematea da sarien helburua. Aurten bigarren edizioa burutu dute eta lehenengoa Hutsuneak Betez emakume taldeari eman bazioten, Behar-Zana elkarteari eskaini diote bigarrena.

Igandean batzarra izango dute aurreko urteko balantzea egin eta zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko. "Ez dugu aurrerantzean parte hartuko ez dugunik esango, baina atseden beharra dugu orain. Beste era batera disfrutatuko dugu aurrerantzean elkarteaz".

Imanol nahiz Rafak gaztetxotatik izan dute lotura elkartearekin: txirrindulari aurrena, bazkide gero... "Baina zuzendaritzako kide izan ondoren elkartearekin hartu dugun lotura bestelakoa da. Bigarren etxea eta bigarren lana izan da. Azken urte hau eta gero bereziki, barru-barruan sentitzen dugu elkartea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!