Postontzia: "Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 27a, 19:27

ANDOAINGO HIRI ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRA
Urtarrilaren 28an, osteguna, aparteko Osoko Bilkura ospatuko da, Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko onarpena eztabaidatzeko.
Sei urte daramatza PSE-EEk (PSOE) Plan Orokor hau prestatzen, PPrekin hasieran, EB-IUrekin gaur egun. Sei urte luze, non, Udal gobernuko kideek agerian utzi diguten andoaindar guztiei ez direla gai Andoaingo etorkizuna diseinatzeko, ez eta herritarren beharrak ongi kudeatzeko eta erantzun egokia emateko. Aipatu, besterik gabe, herriak etxebizitzen eraikuntzan eta industria mailako inbertsioetan galdu dituen aukera guztiak; zer esanik ez, krisi eta langabeziaren igoeraren garai hauetan.
Denok gogoan ditugu aurreko alkateak, orain 5 urte, Basteron egindako adierazpenak eta bertan azaldu zuen poztasuna. Ordu hartan aurkeztutakoa eta orain onartuko dena desberdinak dira oso; hori, politikoki begiratuta, bere garaian abantzeari aurkeztu zitzaizkion alegazioei esker izan da nagusiki (30 alegazio baino gehiago planteatzen genituen eta gehienak Plan Orokorreko erredaktore taldeak aintzat hartu zituen) eta baita EAJ-PNVko zinegotziek egindako segimenduari eta ekarpenari esker. Hau guztiaren ondorioz, onartuko denaren azken emaitza asko hobetzea lortu dugu.

Plan Orokor honetan (edo behintzat bere onarpenean) komenigarria izango zitekeen Udal ordenantza batzuk onartzea, beste herri batzuetan onartu diren bezala, esaterako, etxebizitza tasatuen eta beheko solairuko lokaletan kokaturiko etxebizitzen ordenantzak.
Baina, PSE-EE (PSOE) eta EB-IUk (lehenago PPk) ez dute inongo ahaleginik egin ordenantza hauek martxan jartzeko, agerian utziz, berriz ere, kudeaketarako eta lidergorako gaitasun eza.

Honengatik guztiagatik eta asko dagoelako jokoan – Andoaingo etorkizunaren diseinua eta garapena hain zuzen ere- EAJ-PNVk lanean jarraituko du, andoaindarrentzat Hiri Antolamendurako Plan Orokorrik onena lortu nahian.  


Antonio Guedejo
Andoaingo EAJ-PNVko
Lehendakaria

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!