Postontzia: "Elurtea dela eta"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 27a, 19:25

2010eko urtarrilaren 15ean argitaratutako Aiurri astekariaren 221 zenbakiko 13. orrialdean, “Urteko lehen elurtearen kronika” erreportajearen baitan, “Krisi mahaia” izenburuko karratu informatiboan mahai horretako kide moduan nire izena ageri da.
Gaiaren inguruan eta guztiok jakin dezazuen, gezurtatu egin behar dut mahai horretako kide edo partaide naizenik, ezta antzeko beste mahairen batekoa ere. Erreportajean aipatzen diren egoeren aurrean erantzuteko eskumenik duen organorik ez dut ezagutzen, Andoaingo udaletxean ofizialki eratu denik.

Zerbitzuetako Zinegotzi Delegatu José Luis Velak deitutako bilera batean parte hartu nuela onartzen dut, bertan izan zen, era berean, Udaltzaingoaren halabeharrezko arduradun Lamberto Otermin ere. Hamabost minutu eskas iraun zuen bilera hartan –zeinetan bilera bukatu zenean udaletxeko funtzionari bat gehitu zen–, eskueran zeuden baliabideekin elurtearen eraginak herriaren erdigunean arintzeko, lehentasunezko tokiak banatu ziren, itsumustuan.

Gerta liteke bilera horri “Krisi mahaia”, “Krisi kabinetea” edo antzeko bestelako edozein izenburu jarrita norbait asebeteta geratzea, baina egiari zor, gaurko egunean Andoainek ez du oraindik Herri Babeserako Emergentziazko Planik, joan zen elurtearen gisako egoeratan giza, material nahiz errekurtso ekonomikoak eraginkortasunez erabili eta kudeatuko dituenik.


EUGENIO ARIZTIMUÑO AMAS
ANDOAINGO UDALA
Herri lanen eta Zerbitzuen arduraduna

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!