Laburbilduz, zortzi dira proiektu honen aurka aurkeztu ditugun argudioak edo alegazioak
- Natura sarea 2000ri sortuko dizkion eraginak, eta zehazki Leitzaran errekari, ES21200113 kodean zehaztuta dagoen espazioarekin duen gertutasunagatik eta lokalizazio horretan nagusi diren haizeengatik (bereziki ipar-mendebaldekoak). EAEn babestutako guneen legedian katalogatuta dago zonalde hau, Leitzaran Babestutako Biotopo gisa ageri da, habitat mailako balio altuarengatik eta berezitasun ekologikoengatik. Baina errauste-plantaren inguru gaineko eraginari buruzko azterketak ez du aipatu ere egiten Atxulondo-Abalozeko gunea, Eusko Jaurlaritzak Heze Guneen zerrendan natura mailako interes-gune moduan zehazturik duen gunea. Eta aipatu behar da gune hau errauste-planta eraiki nahi den lokalizazioaren ondoan dagoela.
- Usurbil, Oiartzun, Hernani… bezalako herrietan, gizarte eta ingurugiro mailan, birziklatze zein materia selektiboen bilketan eman diren eta emango diren aurrerapenekin amaitu dezakeelako proiektu honek.
- Hondakinen errauste indiskriminatuak Gipuzkoan bilketa selektiboa sustatzeko eman den partehartzea mantsotu eta geldiaraziko duelako. Beraz, “PIGRUP” planaren helburuen berrikusketa eskatzen dugu.
- Hondakinen errauste indiskriminatuak karbonoaren zikloa ixtea oztopatzen du, etxeko materia organikoen birziklatze egokiarekin lor daitekeena. Karbono hori atmosferara botako da aldaketa klimatikoan eragin negatiboa sortuz.
- Atmosferara konposatu toxikoen etengabeko emisioa eragingo duelako, lurzorua kaltetuz eta uren poluzioa eraginez. Bizkaiko Zabalgarbi ikustea besterik ez dago.
- Erraustutako hondakinen %36a pisuan, hondakin berri batean bilakatuko da –errautsak eta erreusa-, segurtasun altuko zabortegi batean tratatzea eskatzen duena (eraiki beharko litzatekeena).
- Donostia, Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani, Andoain, Urnieta, Aduna, Zizurkil, Orio eta Zarautz herrien zonaldean ingurugiroan eta giza-osasunean sortzen dituen kalteengatik.
- Bizi-gune batetik 2.000 metroko distantzia ez duelako errespetatzen (“RAMINP” delakoan aurreikusita dagoen distantzia).