Txolarre irratiak 10 urte, bertso jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 26a, 10:46

Joan zen larunbatean Txolarre irratiaren 10. urteurrena ospatzeko bertso jaialdia izan zen Leidorren. Giro polita sortu zen, antzokia jendez lepo beteta zegoela. Hara Txolarreko lan taldeak igorritako oharra:

"Ezer baino lehen Txolarre Irratiko lan taldeak eskerrak eman nahi ditu larunbatean antolatutako bertso jaialdiak jaso zuen erantzunagatik. 800 lagundik gora bildu ziren Leidorren Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek, Aitor Mendiluzek, Sustrai Colinak eta Beñat Gaztelumendik eskainitako saioa zuzenean jarraitzeko. Amaia Agirre izan zuten gai-emaile eta Txolarrek bereziki eskertu nahi du villabonatarraren ahalegina saio honen antolakuntzan.

Barkamenak ere eskatu behar ditugu, saioa zuzenean ikusi nahi izan zuten askok ezin izan zutelako Leidorrera sartu, bertako leihatilan salgai jarri ziren 150 sarrerak airean agortu zirelako.

Hala eta guztiz ere, saioa zuzenean jarraitu ezin izan zutenek badute bigarren aukera bat www.txolarre.org atarian. Dagoeneko entzungai dira larunbateko jaialdiko bertso guztiak.

Txolarre Irratiak bere 10 urte beteko ditu abenduan eta urtemuga ospatzeko lehenengo ekitaldia izan zen joan den larunbateko bertso saioa. Gehiago ere etorriko dira aurrerantzean.

Txolarre Irratiak bihotz-bihotzez eskertu nahi du larunbatean jaso zuen elkartasuna. Urteotan bidezidorrean bidelagun izan direnak eta larunbatean Leidorren batu zirenak, elkarrekin sendotuko baitute eskualdeko euskarazko irratia.

Bidezidorra erabiliz egiten da. Erreza da, bertatik pasa eta hitza hartzea besterik ez duzue! Mila esker!".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!