Udaleko kideek bideratu zuten ekitaldi xumea. Maialen Abaigar zinegotziak hunkituta irakurri zuen idatzia eta Julito Iturbe zinegotziak kendu zion Remiren izena duen plaka estaltzen zuen ikurrina, Maixabel Arrieta alkatea alboan zutela.
Bi dantzarik -tartean Remiren lehengusinak- dantzatu zuten aurreskua eta jarraian, Remiri bihotzekoak eman zion gunean, etxekoek, lagunek nahiz ezker abertzaleko kideek parte hartu zuten lore eskaintza egin zen.
Hauxe, Maialen Abaigarrek, Udaleko kideen izenean irakurri zuen idatzia:
"Fatalitatearen kalea deitu beharko genioke agian. Minaren kalea, edo beharbada amorruaren kalea. Baina ez: Remi Ayestaran ibilbidea deituko diogu, gaurtik, istant honetatik aurrera.
Villabonako historiaren pasarterik ilunenetakoa islatuko du ibilbide honek, Ertzaintzaren bortizkeria neurrigabekoak estreinatu baitzuen kale hau.
Herri honetako gazte ezkertiar, abertzale eta konprometitu baten heriotza ikusi zuen kale honek, eta guk gaur haren izena jartzen diogu bere omenez, Herriarena dena herriari itzuli behar zaiolako eta Remik herriaren alde egindako guztiarengatik zorretan gaudelako.
Gaurko eta biharko billabonatarrek jakin dezaten nor zen Remi, nor den Remi eta nor izango den Remi, idatzita utzi behar da Historia. Ba guk, gaur, hemen, hauxe uzten dugu idatzita: Remi Ayestaran ibilbidea.
Tori zuretzat ibilbide hau; eta jakizu zuretzat bezainbat izango dela zure gomutarekin bizi garen guztiontzat.
Badakigu entzuten dituzula gure hitzak, eta zin egiten dizugu zure taupadek jarraipena izango dutela, ez dira ezerezean geldituko. Zure lanerako grina ez du haizeak eramango, zuk herriari emandakoa ez da hauts bihurtuko.
Mutil handi batentzat beti izango dira kaleak Euskal Herrian. Muxu bat, Remi. Herriak ez zaitu inoiz ahaztuko!".