Badator Beterriko III. Bertsolari Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:48

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak hirugarren urtez Beterriko Bertsolari Txapelketa antolatu du.

Aurreko edizioetan bezala, hiru saio izango dira guztira: bi kanporaketa eta final handia. Urtarrilaren 29an emango zaio hasiera taldekako txapelketa berezi honi, antolatzaileen esanetan, “bertsolari gazteei plaza berriak eta jeundaurrean jarduteko eta trebatzeko aukera eskaini eta bertsozaletasunaren erroak Beterrin sakonago luzatzeko xedez”. Bazkuneko kideek, aurreko urteetan azpimarratu izan dituzten bi ezaugarri nagusiak ekarri dituzte gogora oraingoan ere, “batetik, 25-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako txapelketa da, eta, bestetik, bertso-lehia taldekakoa da, alegia lau taldek parte hartu behar dute txapelketan eta talde bakoitzean hiruna bertsolarik”. Iaz, bigarren edizioan, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako talde bana lehiatu zen, eta Uxue Alberdi, Jokin Labayen eta Ander Lizarraldek osaturiko Gipuzkoako taldea –Hontzak izenarekin bataiatua– izan zen garaile. “Bertsozale gazteek bertsokera, ariketa eta doinu berriak saiatzeko aukera baliatzen dute txapelketan zehar. Horra ekarpen nagusietakoa”, Bazkuneko lehendakari Jon Unanueren esanetan.

Zomorro izenak
Iazko taldeei hegazti eta animalia izenak jarri bazitzaizkien, aurten zomorroen mundura jo dute antolatzaileek talde bakoitza izendatzeko. Ohi denez, aurtengoan ere lau talde arituko dira lehian. Aurreko edizioetan ez bezala, ordea, gipuzkoarrak izango dira aurten guztiak. Hauexek taldeak eta parte hartuko duten bertsolariak:
1.     Sorgin-orratzak: Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde eta Unai Muñoa.
2.    Labezomorroak: Iñigo Izagirre, Jokin Uranga eta Jokin Labayen.
3.    Armiarmak: Haritz Etxeberria Ministro, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Beñat Lizaso.
4.    Mandeuliak: Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin.
Konturatuko zinen, irakurle, bertsolari emakumerik ez dagoela parte hartzaileen artean, noiz eta lehen aldiz emakumezko batek Euskal Herriko Txapelketa Nagusia irabazi berri duenean. Larramendi Bazkuneko kideek, antolatzaileek hainbeste zomorroren artean emakume bakar bat ere tarteratzea lortu ez dutela azaldu dute, baina ziur daudela ez dela bertso- eta umore-girorik faltako. Iazko edizioan bezala, aurten ere entzuleek osatuko dute epaimahaia eta saio bakoitzaren amaieran, talde baten aldeko botoa eman beharko dute gerturatzen direnek. Txapelketa amaiturik, aurreko urteetan bezalaxe, bertso guztien bilduma emango du argitara Larramendi Bazkunak Aiurri astekariak egingo duen gehigarri berezian.

Hiruko txartela edo krisi-txartela
Aurtengo txapelketako hiru bertso-afaritan parte hartzeko salneurria jaitsi egin dutela jakinarazi nahi izan dute antolatzaileek, bertso afari bakoitzarena 15 ?-koa izango baita. Nolanahi ere, hiruko txartela ere jarriko dute salgai, horren bidez hiru bertso-afarietara joan nahi duenak 40 ? baino –5 ?-ko beherapena– ez du ordainduko.
Bertso afarietara ahalik eta jende gehien gerturatzea gustatuko litzaieke antolatzaileei, “iaz aurreko urtean baino hotzagoa izan zen jende kopuruari begira. Aurten berriro txapelketako giroa indartzea da gure nahia”.
Dagoeneko salgai daude txartelak, ondorengo lekuetan: Larramendi Bazkunaren eta Aiurriren egoitzatan (Zizurkil/Andoain/Urnieta), Ogigoxo okindegian (Amasa-Villabona), Iriarte Kultur Etxean (Zizurkil) eta Ernaitza eta Stop liburu-dendetan (Andoain).
Txapelketa sendotzeari begira, saio horietarako bereziki diseinatutako logotipo dotorearekin osatutako kamisetak jarriko dira salgai aurten. Saioetan bertan edo aipatu egoitzatan eskuratzeko aukera izango da.

Saioak egunak eta lekuak
Aurreko urteekin alderatuta, lekuari dagokionez aldaketak egin dira aurtengoan: Jatetxeetan elkartu beharrean eskualdeko elkarte ezberdinetan izango baitira afari eta saioak. Hauexek datak eta lekuak:
LEHENENGO KANPORAKETA
Urtarrilak 29, ostirala
Asteasuko Aitz-Ondo elkartean, 20:30etan.
Sorgin-orratzak: Iñaki Apalategi, Ander Lizarralde, Unai Muñoa.
Labezomorroak: Iñigo Eizagirre, Jokin Uranga eta Jokin Labayen.
Gai-emailea: Egoitz Aizpuru.
Afaria: 15 ? (Hiruko txartela 40 ?)
BIGARREN KANPORAKETA
Otsailak 6, larunbata
Zizurkil Goiko Zentroan, 20:30etan.
Armiarmak: Haritz Etxeberria, Ministro; Arkaitz Oiartzabal, Xamoa; eta Beñat Lizaso.
Mandeuliak: Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin.
Gai-emailea: Iker Iriarte.
Afaria: 15 ? (Hiruko txartela 40 ?)
FINALA
Otsailak 13, larunbata
Villabonako Irrintzi elkartean, 20:30etan.
Kanporaketa bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da; bi talde izango dira finalean.
Gai-emailea: Amaia Agirre.
Afaria: 15 ?.

Amaia Agirre, antolatzailea:
“ Bertsolariak gogo handiarekin sumatzen ditut eta oso giro ona sortuko dela aurreikusten dut”
Larramendi Bazkuneko kideekin batera, hiru urte hauetan Amaia Agirre bertsolaria arduratu da bereziki txapelketa antolatu eta bideratzeaz. Hara villabonatarraren hitzak:

Gipuzkoarrak dira aurtengo txapelketako bertsolari guztiak. Nolatan?
Lehen urtean, gertuko bertsolariengana jo genuen taldeak osatzerakoan. Bigarrenean Euskal Herri osora zabaltzea pentsatu genuen eta, aurten, berriro, Gipuzkoako bertsolariekin osatu ditugu taldeak. Bi urtez behin Euskal Herri mailakoa eta Gipuzkoakoa txandakatzea erabaki dugu, antolaketa lanetarako egokiagoa delako. Betiko legez, 25 eta 30 urte bitarteko bertsolariak izango dira eta taldeka arituko dira.

Taldekako txapelketa bakarretakoa da Beterrikoa…
Taldeka aritzeak bestelako txapelketek eskatzen ez duten aparteko lana eskatzen du, besteak beste, etxetik prestatuta eta landuta ekartzen baitira agurrak. Eskolarteko txapelketetan egiten da hori, Gipuzkoan behintzat bai. Bestela, taldekako txapelketak ez dira oso ohikoak. Beterriko Txapelketan prestatutako agurra ere puntuagarria izaten da eta horrez gain, lotsa kentzeko eta hasierako izotz puskak urtzeko oso egokia. Era berean, entzuleek talde bakoitzaren lehen inpresioa jasotzeko ere baliagarria izaten da eta horrek ere badu bere garrantzia. Prestaketa lanetarako txapelketaren aurretik elkartu egiten dira bertsolariak. Hasieran beldurrarekin hasi ginen, baina bertsolari nahiz entzuleen aldetik ondo funtzionatzen duela konturatu gara.

Antolaketa lanetan ez ezik, gai-jartzaile ere arituko zara finalean…
Lehen kanporaketan Egoitz Aizpuru arituko da gai-emaile eta Iker Iriarte bigarrenean. Aurrez ere gai-jartzaile aritu izan dira txapelketa honetan. Ni finalean arituko naiz. Bertsolariekin hitz egin ondoren, aurreko txandatan ariketa berezi gehiegi eta bertsotan luzitzeko tarte txikiegia zegoela ondorioztatu genuen. Beraz, aurten beste ariketa bana jarriko diogu bertsolari bakoitzari, bertsotan gehixeago egiteko. Kanporaketei begira, ariketa berezi, exotiko edo arraro pare bat kendu eta beste pare bat mantendu egin dugu. Ikuskizunean ez da horrenbesteko alderik antzemango eta kalitatean txapelketak irabazi egingo duela uste dugu. Finalari begira, berriz, gai-jartzaile taldea egitura zehazten ari gara.

Zein aurreikuspen duzu aurtengo ediziorako?
Orain bi urteko txapelketa oso ona izan zen, maila nahiz giro aldetik. Iazkoa hotzagoa izan zen. Aurten berriz ere txapelketak gora egingo duela uste dut. Urtez urte izen pixka bat hartzen ari da eta bertsolariak gogo handiarekin sumatzen ditut. Oso giro ona sortuko dela aurreikusten dut dagoeneko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!