Leitzarango eztia, naturzale baten eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:42

Aitor Barandiaran beti bizitu da Leitzaran bailarari lotuta. Besteak beste erlauntzak dauzka ipinita, eta handik ezti goxoa ateratzen du

Nola hasi zinen erlezaintzan?
Ni beti ibili izan naiz Leitzaranen alde batera eta bestera, eta konfiantza handia eduki nuen bailara goitik behera ezagutzen zuten Inaxio eta Martin Eraso anaiekin. Orain hogeita bi bat urte, erlauntzak zeuzkan Inaxiori “ni ere gustura hasiko niñuke, bada!” esan nion, eta hark erlauntza bat utzi zidan. Jarri eta plasta! Handik hiru egunera, erlekume mordoa bildua nuen.
Mundu horretan sartu eta hortik aurrera pasioz bizitu dut erlearekin zerikusia duen guztia. Hizketan jarri eta orduak eta orduak egingo nituzke erleak hizpide hartuta.

Zenbat erlauntza dauzkazu, eta non?
Inaxiok zera oharrarazi zidan: “batekin hasiko haiz, gero dozena erdia, gero gehiago…”. Esan eta izan, horrela gertatu zen nire kasuan gehiegizko zaletasunak itsututa. Hala ere, buruari bueltaka hasi nintzen eguna heldu zen: “hi nora hoa?”. Izan ere 20-25 erlauntza edukitzetik aurrera, jesukristoren endredoa baita! Beraz, kopuru horretxekin ibiltzen naiz gaur egun. Hiru erlauntza dauzkat oraintxe, Ormakiko tunelaren gainean, Ameraungo inguruetan eta Muitzen (Ollokitik gora).

Salgai daukazu bertan ateratako eztia…
Erlauntzen erosketa, mantenimendua, bidaiak… Gastuak uste dena baino gehiago dira, eta horiek ordaintzeko adina ekoizten dut. Aurtengo denboraldian 300 bat kilo aterako nituen, milalore deitzen den eztitik dena. Eztitik bizimodua ateratzeko, argi dago erlauntzak ikaragarri jarri behar direla eta munduko denbora guztia eskaini horiei. Leitzaranen hiruzpalau erlezain izango gara, baina denok ere zale hutsak gara.
Nire erlauntzak diputazioak zentsatuta dauzka eta ateratzen den eztiak osasun-erregistroa dauka. Leitzaran izena darama poteko eztiak, eta une honetan Jauregi harategian eta Xaxi tabernan dago salgai.    
 
Baldintza bereziak betetzen al ditu Leitzaran bailarak?
Egia esan, Leitzarango klimak ez du ezer berezirik. Kontua da leku bakartua izateaz gain kutsadurarik gabekoa dela. Hori bai, aniztasun handia dauka loreen aldetik: sahatsa, urritza, elorria, masusta, akazia, gaztaina, txilarra…
Euria da Leitzarango arazorik handiena. Klimari begira egokia da loreek ura behar dutelako. Baina zer gertatzen da aldi berean? Erleek ez dutela lanik egiten, eta orduan lorea erori egiten dela. Idealena, lorea puntuan dagoenean eguraldiaren tenperatura eustea izaten da, erlea kalera atera eta lorearen nektarra eta polena har ditzan.   

Zein da ekoizpen prozesua labur azalduta?
Neguan erleak erreginaren inguruan egoten dira lokartuta, pilota baten moduan, 30 gradutik gora. Jana bertan pilatuta daukate, negua pasatzeko lain. Azken umaldia urri-azaroan izaten du erreginak. Udaberria heltzen denean, lorea hazten da eta erleak hasten dira lanean jo eta su, polena eta nektarra biltzen; erlauntza bakoitzean 30.000 erle biltzen direla diote jakitunek. Erlauntzetan altza izeneko kaxak jartzen ditugu eta horietan dauden laukietan pilatzen dute eztia erleek. Ezti hori hartu eta Usurbilen daukagun kooperatibara joaten naiz. Laban berezi batzuekin dena laukietatik kendu eta zentrifugatzaile batera botatzen da. Handik filtroa daukan depositu batera, eta horrela lortzen da ezti fina.
Ekoizpen tenorea udaberrian hasi eta udaraino iristen da.

Erleen gizarte antolaketa nabarmendu izan da beti…
Benetan harrigarria da nola antolatzen diren. Nork bere eginkizuna dauka. Arrautzak jartzen dituen erreginak bere gortea izaten du inguruan, eta batzuk dira erabakiak hartzen dituztenak. Gero langileak eta mandoerleak edo arrak daude. Langileen zeregina erregina zaintzea, habia babestea eta nektarra eta polena biltzea izaten da. Badaude zaintzaileak ere…
Antolaketa perfektoa da horiena. Hori bai, ezeren gainetik erlauntzaren biziraupena daukate buruan; kolektibotasunera makurtzen da erleen izatea. Ekoizten ari direnean, berriz, ikustekoa da nola dabiltzan milaka eta milaka alde batera eta bestera mugimenduan, eta hala ere, ez dira deskuidatzen eta ondoko erlauntzan sartzen! Bestalde, ekoizpen sasoian lauzpabost eguneko bizitza edukitzen dute, eta harrigarria da nola eramaten duten birsorkuntza prozesua!

Ezer ikastekorik bai gizakiak?
Diziplina, agian. Hala ere, gehiegizkoa da horiena. Denborapasarako ez daukate betarik, dena da lana eta lana. Naturan betetzen duten funtzioa da gizakiok benetan horiengatik ikasi beharko genukeena. Ez dakit hartaraino den, baina jakitunen arabera horiengatik ez balitz ez omen genukeen ez lorerik, ez fruiturik ez elementu askorik izango.

Gizakiak beti izan dio errespetua edo izua erlauntzari…
Sortzen duten burrunbak errespetua eragiten du, gero! Ipar edo hego haizea, nahiz giro lanbrotsua bada, hobe ez  erlauntzetara gerturatzea. Eztia atera nahi denean hauspo berezi batekin kea botatzen da, erleak nahastu daitezen. Jantzi aproposarekin egin beharra dago lana, nahiz eta nik eskuak hutsik eraman. Erlearen ziztakorik mingarrienak buruan jasotakoak izaten baitira.
Martin Erasok kontatuta dakit Ameraun baserriko astoak behin, jo eta erlauntza bota zuela lurrera, deskuido batean. Lotuta egon astoa, milaka erlek erasotu zuten; sudur zuloak itxi zizkioten, eta berehala itota geratu zen.  

Barandiaran familiakoak beti egon zarete lotuta Leitzaranera…
Dabid, Joseba eta Juan Bautista osabei eta Biktor nire aitari egin die tira Leitzaranek. Beren seme-alabei Leitzaranekiko maitasuna transmititu diete. Perretxikotan, arrantzan, ehizean… Nire kasuan behintzat Leitzaranen igaro dut bizitza erdia. Derrigorrez bizitzera beste leku batera joan beharko banu, gaizki pasako nuke egia esanda.

Gutxi izango dira bailara zuk adina ondo ezagutzen dutenak…
Errekako bi aldetan dauden parajeak, ditut ezagun batez ere. Errepidean ere begiak itxita joan naiteke, ondo baino ezagutzen baititut Andoaindik aurrera dauden zulo, tunel eta errebuelta guztiak. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!