Graffitigintzaz eta margolanez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:39

Bestelako margolanekin batera, graffitigintza lantzen dute Lurgi Zalakain eta Ibai Palosek.

Lurgi Zalakain villabonatarra duela urtebete inguru hasi zen graffitigintzan. Betidanik gustatu izan zaio adierazpide hori eta lan horretan aritzen diren lagunak ezagututa, gertukoago zaio orain. Ibai Palos Mexikon jaio eta Iruran hezi zen. Bolada batean Tolosan bizitu eta gero, Amasa-Villabonan bizi da orain. Tolosako Bonberoenean hasita, hamar urte daramatza graffitigintzan.

Zertan oinarritzen zarete graffitiak egiteko?
I.: Momentuan bururatzen zaiguna marrazten dugu. Askotan tribal mundura jotzen dugu, estetika hori gustatzen zaigulako. Beste noizbait protesta egiteko graffitiak ere marraztu izan ditugu, mezuren batekin. Jendeak interpretatu egin behar ditu gero eta hori beste kontu bat da. Egia esan, alde guztietan jaso daitezke marrazkiak egiteko ideiak.

Jendeak ulertzen al du graffitia? Ondo hartua izaten al da?
L.: Oro har, bai. Niri oraindik ez zait inor jarrera txarrarekin etorri. Orain artean denek oso jarrera positiboa erakutsi didate eta pozik agertu dira ikusitakoarekin.
I.: Graffitien barruan bada sinaduren mundua ere, eta hori da, seguruenik, jendeak gutxien ulertzen duen arloa. Oso mundu handia da. Guk errespetuz jokatzen dugu bai graffitigileekin eta baita gainerako herritarrekin ere. Saiatu behintzat egiten gara. Hala ere, beti egongo da toki publikoetan margotzea gogoko ez duen norbait.

Esaterako, herriko paretak margotu ahal izateko baimena eskatzen al duzue?
I.: Baimenik eskatu gabe hastean isuna jasotzeko arriskua izaten da. Herriko paretaren bat margotzeko, udaletxean eskatu izan dugu noizbait baimena. Gainerakoan, pribatuetan, hasi aurretik galdetu egiten dugu ea ondo iruditzen ote zaien.
L.: Orain artean ez dugu inolako arazorik izan.

Graffiti bat baino gehiago egin duzue herrian…
I.: Bai, Larrea auzoan egin genuen lehenengoa: Madagaskargo irudia.
L.: Arroako eskolaren atzealdeko pareta oso utzita zegoen eta lagun gehiagorekin batera, osorik margotu genuen. Arroa auzoan graffiti gehiago ere egin dugu eta oraindik bukatzeko daukagu bat edo beste. Gainerakoan, Xixili egunean, musika eskolaren atzealdeko paretan Remi Ayestaranen irudia margotu genuen.
I.: Komizarko tunelean ere egin genuen joan zen udan.

Nola sinatzen dituzue lanak?
I.: Bakarka aritzen nintzenean Aramara izenarekin sinatzen nituen lanak. Orain Lurgi eta biok egindako lanak Luara izenarekin izenpetzen ditugu.

Zirriborroa eginda edo zuzenean aritzen zarete?
L.: Lanaren nahiz graffitia egingo dugun lagun kopuruaren arabera egiten dugu aukera.
I.: Gehienetan sprayarekin erreferentzia puntu batzuk hartu eta zuzenean margotzen dugu.

Spray normalak edo bereziak erabiltzen dituzue?
I.: Egun, koloreen aukeran asko sakondu duten spray marka pare bat dago graffitiak egiteko. Lehen Donostiara joan behar izaten zen bila, orain Tolosan ere saltzen dituzte GKo galerian.

Epe laburrean beste graffitirik egiteko asmo edo gogorik?
I.: Asmoa eta gogoa beti, baina lana eta ikasketak medio, denbora gutxi daukagu oraingoz.
L.: Neguan zailagoa da, giro txarrak ez du graffitiak egiten laguntzen. Udan hasiko gara berriro.

Marrazkiak eta margoak
Graffitigintzaz gain, bestelako marrazkiak ere egiten dituzte Lurgi eta Ibaik; arkatzez bezala akrilikoz. Sprayekin margotutako koadroak ere badituzte, nahiz eta sprayarekin formatu txikiak margotzea zaila dela adierazi duten. Ibaik txikitatik familian margolariak izan ditu nahiz eta buztina landuz eutsi zion bide honi, “formak eta hiru dimentsioak lantzen hasi nintzen. Gerora, bi dimentsiotan lortu nahi nuen hirugarren dimentsio hori”. Lurgiri ere betidanik gustatu izan zaio artea eta batxillergo artistikoa aukeratutakoan hasi zen sakontzen, “ diseinua, bolumena…, gai ezberdinak ezagutu eta gero, marrazten hasi nintzen poliki-poliki”. Ibaik lehenago Tolosako GKo galerian bere lanak erakutsi izan baditu ere,  Amasa-Villabonako Erreka tabernan jarri zuten ikusgai euren lanen lehen erakusketa, “oso aukera polita izan da guretzat eta eskerrak eman nahi dizkiegu Errekako kideei aukera emateagatik”.

Aurrerantzean, Erreka taberna berrituan artista ezberdinen lanak ikusgai jarriko dituzte hilero. Otsailean zehar Xeve Iglesias villabonatarraren lanen txanda izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!