Basatxerriak Zizurkilgo Buztinbailaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:32

Ofizioz iturgina da Jose Inazio Guridi, baina abereak eta baserria dira bere zaletasun handiena. Basatxerriak hazten hasi zen duela sei hilabete Pilar Lasa emazteak lagunduta.

Zizurkil Goian dituzten lursailetan, lasai bazkatzen dira basatxerriak. Duela sei hilabete eskas ekarri zizkieten lehendabiziko txerriak eta ehundik gora hazi dituzte dagoeneko. Gustuko lanean ari dira, Pilar Lasa eta Jose Inazio Gurudi. Txerrizaleok elkarteak ekartzen dizkiete txerriak: “Bi hilabeteko txerriak ekarri zizkiguten eta hemen bost hilabetez egon dira, hazten. Ehun eta hamar txerrietatik, guztiak bizirik ateratzea lortu dugu. Gaixoaldiren bat edo beste izan dute, baina zainketatan asmatu, eta guztiak onik ateratzea lortu dugu. Horrelakoetan, oso normala omen da aleren bat edo beste hiltzea, eta gustura gaude egindakoarekin. Emazteak oso esku ona du abereak zaintzen eta bera arduratu da beharrezko botikak eta zainketak emateaz”, azaldu du Jose Inaziok.

Bost hilabete txerriak hazteko
Ehun eta berrogeita hamar kilo inguruko txerriak hazi dituzte: “Ehun eta hogei kilo haragi ematen du txerri bakoitzak. Kalitate handiko haragia da gainera. Pentsu naturala jaten dute eta kanpoan, belazean ibiltzeko aukera badutenez, berdea ere jaten dute. Txerriak ekarri eta lehendabiziko egunetan, beharrezko botikak ematen zaizkie pentsuarekin nahastuta eta txerriak hazi ondoren ere, zainketa bereziak egiten zaizkie, hil aurretik. Gainerakoan janari garbi-garbia jaten dute. Horrez gain, egiten duten ariketa fisikoak zapore berezia ematen dio haragiari. Estimazio handia du”.

Aukera onenaren bila
Duela hogei urte baino gehiago erosi zituzten lursailak Zizurkil Goian eta geroztik, erabilera ezberdinak eman izan dizkiote. “Semea nirekin zebilen lanean, iturgintzan, baina egun batean esne ahuntzak jarri nahi zituela esan zidan. Abereekiko zaletasun handia izan du beti eta aurrera egitea erabaki genuen. Beharrezko prestakuntzak egin eta berrehun ahuntzetik gora jarri genituen. Semea atxilotu zutenean, proiektua bertan behera geratu zen eta ahuntzak kendu egin genituen. Geroztik oilo batzuk, ardiak…, eduki genituen, baina lursailak hobeto aprobetxatzeko asmoa genuen eta irtenbide ezberdinak aztertzen hasi ginen. Baratzea jarri genuen: azelgak, tomatea, porruak…, ekoizpen handia aterata ere, etekin ekonomikoa oso txikia zen eta lana berriz handia. Aukera hura baztertu eta beste irtenbideren bat bilatzen hasi nintzen”, azaldu du Jose Inazio Guridik.
Ahuntz ekologikoak, oilo arrautzak, txekorrak…, aukera ezberdinak aztertu zituen Jose Inazio Guridik: “Baserritarren eskuetan uzten da inbertsioak egitea edota arriskuak onartzea, eta besteren eskuetan geratzen da etekina. Oiloen kasuan, nire ardura zen oiloentzako tokia prestatzeko 15 milioi pezetako inbertsioa egitea eta gai hori bideratzen zuen elkarteari erosi behar nizkion oilandak nahiz pentsua. Arraultzeak bildu, garbitu eta sailkatu ondoren, beraiek esandako prezioa onartu behar nuen. Hortik etorkizun kaskarra zegoela iruditu zitzaidan”.

Txerrizaleok elkartearen aukera
Txerrizaleok elkartearekin harremanetan jarri zen Jose Inazio Guridi: “Albaitari baten bidez jakin nuen elkartearen berri. Arduradunekin hitz egin eta lursailak ikustera etorri zen berehala. Txerriak hazteko toki egokia zela iruditu zitzaien eta bere proposamena egin zidaten, elkarteko gainerako kideei egiten dieten modukoa. Nik ere banuen nire proposamena. Arriskua eta gastuak ahalik eta gutxien hartu nahi nituen. Nik jarritako baldintzak onartu zituzten, eta aurrera egitea erabaki genuen”.

Eguneko bi orduko lana
Instalakuntza egokiak prestatu zituzten txerrientzako: “Beharrezko estalkiak, ura edo  pentsuentzako tolbak, beharrezko guztiak prestatu ziren. Duela ia sei hilabete ekarri zizkiguten lehendabiziko txerriak eta dagoeneko gehientsuenak eraman dituzte, hazita. Elkartea bera arduratzen da txerri horiek hil eta produktuak saltzeaz. Guri egunean bi ordu inguruko lana eskatzen digu txerriak hazteak. Garrantzitsua da txerri guztiak ondo begiratzea, ondo daudela ziurtatu eta gaixotasunak garaiz harrapatzeko. Lehendabiziko ehun eta hamar txerriekin ez dugu arazorik izan eta datozen hilabetetan txerri kopurua bikoizteko asmoa dugu. Horretarako, zenbait instalakuntza berri prestatu behar dugu. Otsailean ehun txerri inguru ekarriko dituzte eta aurrerago gainerakoak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!