Otsailaren 28ko apustuaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:29

Lehen mailako aizkolari gisa lehen denboraldia maila bikainean amaitu ondoren, otsaila amaierako apustua prestatzen ari da Joseba Otaegi zizurkildarra.

Abenduaren 20an, Arbizun jokatu zen Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala. Bertan zen Joseba Otaegi aizkolari zizurkildarra: “Ez nuen espero finalera iristerik. Asteasun jokatu genuen sailkapeneko saioa, azaroan. Hamaika aizkolari aritu ginen norgehiagokan. Lehen sei sailkatuentzat finalerako txartela zegoen eta azken postua egiten zuena, bigarren mailara jaitsiko zen. Nire lehen helburua azken postu horretatik ihes egitea zen. Giro ezin hobea zegoen Asteasuko pilotalekuan. Lagunak, etxekoak eta inguruko jende asko hurbildu zen eta giroa asko berotu zen. Nire mailaren barruan aritu nintzen eta azkenik, bosgarren postuan sailkatzea lortu nuen”.

Lehen mailan, bosgarren
Arbizuko finaleko saioa ere berezia izan zen Josebarentzat: “Nirea ematera joan nintzen eta han ere bosgarren postua egin nuen. Nazabal eta Lopez Azpilikueta gure gainetik dabiltza eta oso zaila da haien maila ematea, baina gainerako aizkolarien artean lehiatzeko gai ikusten naiz. Datorren urtean berriro ere finalera iristea izango da nire erronka nagusia”.
Iaz eman zuen Josebak lehen mailarako jauzia. “Lehen mailan ez dago huts egiteko tarterik. Egurren batean huts egiten baduzu, gainerakoek aurrera egiten dute eta ez duzu galdutako denbora berreskuratzeko aukera handiegirik. Horixe da bigarren mailarekiko topatu dudan alderik handiena”, azaldu du Josebak.

Harria, aizkora, korrika
Otsailaren 28an apustu berezia jokatuko du Josebak: “Alex Chicon mendigoizaleak azaroan bota zuen erronka, eta hartzea erabaki nuen. Harrijasotzea, aizkora eta korrika saioa bateratuko ditugu otsaileko apustuan. Lehen bilera egin genuenean, korrika saio luzeagoa egitea proposatu zuen, baina azkenik, zazpi kilometro izango dira”. “Ehun kiloko harriari hogeita bost altxaldi emango dizkiogu, hamalau kanaerdiko ebakiko ditugu ondoren, eta froga amaitzeko, zazpi kilometroko korrikaldia egingo dugu. Horrexek arduratzen nau gehien. Harriarekin nahiz aizkoran ondo moldatuko naizela uste dut, baina korrika saiora iristerako nekea pilatu samarra izango dut eta gogorra izango da. Alex ondo egokitzen da iraupen luzeko ahaleginetara. Frogaren amaiera arte ez da jakingo nork irabaziko duen, eta ikusteko froga polita izango dela uste dut. Nire aurreikuspenen arabera, korrika egin beharreko kilometro bakoitzeko, minutuko tartea beharko dut apustua irabazi ahal izateko”, gaineratu du.

Apustuaren tentsioa
Azpeitiko zezen plazan, eguerdiko 12:00etan hasiko da kirol froga. “Ikusmin handia sortu da. Hiru kirol ezberdinetan neurtzea asko gustatu zaio jendeari eta plazara jende asko hurbilduko dela uste dut. Dagoeneko hasi naiz apustuaren presioa nabaritzen. 7000 euro dago jokoan eta dirutza handia da hori. Horrez gain, ikusleek sarrera ordainduko dute gure lana ikusteagatik eta ahalik eta paper txukunena egin nahiko nuke. Guk prestatu dugu apustua eta horrek, erantzukizun edo tentsio gehixeago eransten dio frogari”, azaldu du Josebak.
Entrenatzaile, prestatzaile, masajista eta laguntzaile guztiak izan ditu gogoan Josebak: “Agite, Kortajarena, Bixente, Telleria…, prestakuntza egiten laguntzen didatenei eskerrak eman nahi dizkiet, baita Galarregi enpresari edota Mendizabal jatetxeari ere, emandako laguntzagatik”, amaitu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!