Uda honetan zabalduko dituzte igerilekuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:22

Artzubi inguruan egingo dira Asteasuko igerileku irekiak.
Udaberrian hasiko dituzte lanak eta udako bigarren zatian zabaltzeko moduan izatea espero dute.

Usarrabi erreka eta Larraulera doan errepidearen artean egingo dituzte igerilekuak. Tamaina ezberdineko bi igerileku izango dira, haur txikientzat pentsatutako igerileku txikia batetik, eta gazte zein helduentzat pentsatutako handiagoa, bestetik.
Aldagelak eta komunak hartuko dituen eraikina ere egingo dute igerilekuen alboan. Iñaki Amenabar alkateak eman ditu azalpenak: “Eraikinaren barnean igerilekurako behar diren zerbitzuak jarriko dira. Dutxak, aldagelak, komunak, sorosleen gela, biltegia…,  eta horrez guztiaz gain, taberna ere izango da”
Igerilekuen inguruan, eguzkia hartzeko gune zabala izango da. “Ia bi mila metro karratuko belardia egokituko da. Zuhaitzak, belazea eta lasai egoteko nahikoa toki izango da bertan”.

Txirrista eta guzti
Bi igerileku egingo dira Asteasun: “Txikien igerilekua borobila izango da eta 57 metro karratu izango ditu. Igerileku handiak, berriz, 285 metro karratu hartuko ditu eta sakonera ezberdinetako guneak izango ditu. Ez du forma erregularra izango eta luzera handieneko puntuan, 26 metroko luzera hartuko du”.
Gaztetxoentzat jolaserako aukera polita eskainiko du Asteasuko igerilekuak, izan ere, txirrista berezia izango baitu igerileku handiak. “Harrizko igoera polita jarriko zaio eta handik sortuko da uretara jaisteko txirrista”.
Lanek atzerapenik izaten ez badute, udako bigarren zatian zabalik izango da zerbitzu berria: “Lanek irauten duten bitartean kudeaketarako zenbait erabaki hartu beharko dugu: sarreren prezioa, bonoak egiteko aukerak, tabernaren kudeaketa… Mota honetako igerilekuak dituzten herriekin harremanetan jarriko gara, modu horretan kudeaketa sistema ezberdinak aztertu ahal izango ditugu erabakiak hartu baino lehen”.
Otsailean erabakiko dute zein enpresak egingo dituen lanak: “Abenduaren 4an atera zen esleipen lehiaketa eta 14 enpresa aurkeztu ziren. Proposamen guztiak aztertu ondoren, otsailean hartuko dugu erabakia eta martxoan lanak hasteko moduan izango dira”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!