Eskolako lanak udaberrian hasiko dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 22a, 14:21

Hemeretzi enpresa aurkeztu dira lanak egiteko esleipen lehiaketara.
Otsailean hartuko du Udalak erabakia eta martxoan lanak hasteko moduan izango dira. Eraikin berria egin, eta gaur egungoa ere egokitu egingo da.

Gaur egungo eraikinaren eta pilotalekuaren artean eraikiko dute eskola berria, jolastokia dagoen gunean. Iñaki Amenabar alkateak eman ditu eskolako lanen inguruko azalpenak: “Ikasturteak ez du etenik izango. Hori lortzeko, lehen hezkuntzako eraikineko eraberritze lanak udako oporraldian egin beharko dituzte. Eraikin berria altxatzeko lanak berriz, martxoan hasiko dira. Gaur egungo eraikinaren alboan egingo da berria eta lanak amaitzean, lotuta geratuko dira bi eraikinak eta pilotalekua”.
Eskola berrian haur txikienak bilduko dira: “Behe solairuan Haurreskola jarriko da. Hiru ikasgela izango ditu eta horrekin Asteasuk dituen beharrak asetuko direla uste dugu. Lanak amaitzean, gaur egun Haurreskola dagoen eraikina libre geratuko da eta aztertu egin beharko dugu zein erabilera eman. Haur Hezkuntzako lehen ikasturteetako umeek ere eraikin berriko lehen solairua erabiliko dute. Bigarren solairuan, berriz, bost ikasgela egingo dituzte”. Irakasleen gela, bilera gela…, beste zenbait beharretarako gelak ere eraikiko dituzte. “Horrez gain, igogailua ere jarriko da. Eraikin guztiak bat eginda egongo direnez, sor daitekeen edozein beharretarako prest izango da”. 2011 urte hasieran amaituta izango da eraikin berria.

Hezkuntza zerbitzua, gune bakarrean
Eraikin zaharrean egin beharreko birmoldaketa lanez ere aritu da Iñaki Amenabar alkatea: “Jangela hazi egingo da, sukaldea berritu eta irakasleek erabiltzen dituzten gelak ere moldatu egingo dira. Horrez gain, komunetan eta aldageletan eraberritze lanak egingo dira. Guztira, lau gela egongo dira behe solairuan eta bederatzi goiko solairuan”. Udako oporraldian egingo dituzte lan horiek guztiak, ekaina bukaeratik iraila bitarte.
Asteasuko hezkuntza zerbitzua gune berean elkartuta geratuko da modu horretan: “Orain arte hiru eraikinetan banatuta izan ditugu eta lanak amaitzean, guztiak gune berean izango dira. Edozein arazori aurre egiteko erraztasuna eskainiko du horrek. Herriko beharrak asetuta geratuko dira, baita haur kopurua igoko balitz ere. Eraikin berria egin ondoren, ez litzateke arazorik egongo ikasturte bakoitzean hogeita hamar haur balira ere”.
Gaur egun eskolako txikienak hartzen dituen eraikina bota egingo da eta horrek, etxebizitza berriak eraikitzeko aukera zabalduko luke. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!