Herritarrak, Adunari begira

Kultur astearen inguruan, herritarren iritzia eta proposamenak biltzeko ekimena jarri zuen martxan Adunako Udalak. Emaitza aztertzeko garaia iritsi da.

Arantxa Aburuza alkatea pozik dago izandako erantzunarekin: “Jende askok parte hartu du eta gustura gaude. Zenbait galdera egin genien herritarrei inkesta baten bidez, eta erantzun ezberdinak bildu ditugu”.
“Udalak azken urteotan egindakoaren gainean galdetutakoan, askok esan digu gustura hartu dituztela eskola handiatzea, plaza oinezkoentzako gune bihurtzeko egindako lanak, haurrentzako parke berria edota herri langile berriak izatea. Hain gustuko ez diren gauzen artean, plazan gauez argi gehiegi dagoela aipatu digu herritar batek. Arazoari konponbidea emateko asmoa badugu”.
Artean egiteko falta diren gauzen inguruko galdera ere zabaldu zieten herritarrei: “Askok aipatu dute etxebizitza gehiagoren beharra. Batzuek, berriak egitea eskatzen dute eta beste batzuek, hutsik daudenak alokairuan jartzeko aukera hobesten dute”, azaldu du Arantxak. “Atez atekako hondakin bilketa egiten hastea aipatu digu herritar batek eta hondakin berezien kudeaketa sistema aldatzea ere aipatu digute”, gaineratu du.
Inkesta orriaren bukaeran, proposamen eta kexa ezberdinak egiteko aukera utzi zuten Udaleko kideek. “Asko izan dira txakurren arazoa aipatu dutenak. Herrian txakur asko dago eta haien zaunkak ez dira guztien gustukoak. Horrez gain, kalean edo lorategietan ikus daitezkeen gorotzek ere kexak sortarazi dituzte. Horregatik gogorarazi nahi nuke udaletxean baditugula txakurren gorotzak biltzeko poltsa bereziak. Jabeak bertara hurbil daitezke haien bila”, azaldu du Arantxak.
Horrez gain, beste proposamenen bat ere jaso dute: “Besteak beste, mugikorrarekin ateratako argazki lehiaketa antolatzea proposatu digute. Telefono mugikorrak geroz eta zabalduagoak daude eta gehienek argazki kamera izaten dute, ideia polita izan daiteke zerbait antolatzea”.

Loatzo musika eskolarako gela berriak
Herriko plazako bederatzigarren zenbakian gela berriak egiteko lanak laster hasiko dira. Eraikinaren etxabean bi solairu atonduko dituzte. Musika irakasteko gelak bertan jarriko dira.
Loatzo musika eskolako irakasleek, udaletxeko goiko solairuko gelak erabili behar izaten dituzte eskolak emateko. Herriko plazako bederatzigarren zenbakiko beheko solairuetan laster egingo dituzte lanak, Loatzo musika eskola bertan jarri ahal izateko. Lanak amaitzean, bi ikasgela izango dituzte eskolak modu erosoagoan eman ahal izateko. Etxabe bereko bigarren solairuan ere zenbait gela moldatuko da, erabilera ezberdinetarako.
Arantxa Aburuza alkateak eman ditu lanen inguruko azalpenak: “Etorlur erakundea da lanak egitearen ardura duena eta Goitu enpresari esleitu dio eraikuntza lana. Egun gutxi barru hasiko dira lanean eta hiru hilabete eta erdi pasa baino lehen amaituta egongo dira”.

Udal batzarra datorren asteartean
Iluntzeko 20:00etan hasiko da osoko Udal batzarra, baina aurrez, 19:00etan, aurrekontuen inguruko azken bilera egingo da herritarrekin. “Aurrekontuak osatzerakoan herritarren iritzia jakin nahi izan dugu eta urtarrilaren 26an izango da horretarako azken aukera. Hori amaituta, aurrekontuak Udal batzarrean aztertu eta onartzea espero dugu. Horrez gain, beste zenbait gai ere izango dugu; herri bideak eta lur mugimenduak egiteko pleguak onartu, herriko hoditeria berritzeko lehiaketa atera, herriko langilearen postua ateratzeko lehen pausoak eman eta zenbait mozio aztertu”, azaldu du Arantxak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!