Postontzia: "2075 helegite Zubietako errauste planaren aurka"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 21a, 09:53

"Gipuzkoako Erraustearen Aurkako Plataformen Koordinakundeak beste 366 banakoen helegite aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Donostian duen egoitzan, pasa den abenduaren 28an aurkeztutako 1709rekin batera, 2075eko kopurua osatu dutelarik. Gainera, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik eta Lasarte-Oria Bizirik elkarteen helegiteak gehitu behar dira.
Helegite hauetan salatzen da, besteak beste, erraustegi honetatik inguruko herrietara (Zubieta, Usurbil eta Lasarte) ez dagoela 2 kilometroko tarterik, mota honetako jardueretarako legeak agintzen duena, ez dela aintzat hartu Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak hondakinak kudeatzeko hierarkiari buruz 2008ko azaroaren 19an aurkeztutako zuzentaraua eta ez dela azterketa konparatibo bat egin kokapen posibleen artean.
Orain dela hilabete batzuk Hondakinen Euskal Legea eskatuz Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ziren 35.000 sinadurak eta helegite kopuru honek erakusten dute herritarren artean oso zabalduta dagoela errausketaren aurkako iritzia, konturatzen direla osasunaren ikuspegitik kaltegarria dela eta ekonomikoki garestia. Alderdi politiko batzuk (PNV, PSE eta PP) eta hauek kontrolatzen dituzten Jaurlaritza, Legebiltzarra, Aldundiak eta hainbat Udal dira konturatu nahi ez dutenak.
Bitartean aurrera jarraitzen du Usurbilen atez ateko bilketak, hondakinen %80 inguru gaika bilduz eta udaberri honetan horrelako sistema ezartzeko azken pausuak ematen ari dira Hernanin eta Oiartzunen. Gipuzkoako beste herri batzuetan ere azterketak hasi dira atez ateko bilketa sistema gauzatu nahian. Usurbilgo emaitzak beste herrietan ere frogatzen direnean, are garbiago geratuko da errauste planta ez dela beharrezkoa".
Gipuzkoako Plataforma
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!