Bularra emateko laguntza taldeak Andoaingo Osasun Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 21a, 09:28

Bularra emateko laguntza taldea sortzekotan da Andoainen. Bertan urte mordoa daraman Anabel Fernandez (Donostia, 1952) emagina da ekimenaren bultzatzailea. 

Noiz izango da hitzordua?
Anabel Fernandez. Urtarrilaren 27an, 10:00etatik 11:30era, Andoaingo osasun zentroan bertan dagoen erditzeko prestakuntza gelan. Janire Garcia emagin egoiliarrak eta biok gidatuko dugu taldea. Irekia da, noski, eta nahikoa da egunean bertan azaltzea. Haurdun dagoenari nahiz ama izan denari luzatuko nieke gonbitea, azaldu daitezen ondo datorkienean. Hilean behingo maiztasuna eman nahiko genioke bilerari.

Nolako ezaugarriak izango ditu ikastaroak?
A.F. Berez ez da ez hitzaldia, ezta ikastaroa ere eta ez dago ezer zehaztuta. Haurdunen, amen, eta zergatik ez, horien bikoteen bilgune izatea nahi genuke. Abenduan lehen saiakera bat egin genuen froga gisa, eta oso bizipen baikorra izan zen. Hamar bat emakume, gizonezko bat eta guztien haurrak bildu ziren. Kasik gure beharrik ere ez zuten izan; elkarri galderak egiten eta aholkuak ematen jardun zuten saio osoan zehar. Autolaguntzako talde baten antza ere hartu zuen.  

Zergatik sortu da ekimen hau?
A.F. Gabezia bati erantzutera dator; izan ere, egunerokotasunean ikusten da zalantza eta segurtasun falta ugari sortzen zaizkiela amei haurrari bularra emateko garaian. Ilusio handiarekin hasten dira, baina gero zailtasunak topatzen dituzte eta orduan etsitu egiten dira asko.
Bularra emateko bultzagarri gerta liteke guraso berrientzat horrelako gune bat. Guretzat ere pozgarria da, aipatu arrazoiak gauzatzeaz gain haurdunaldian eta erditze ostean gertu gertu eduki dituzun emakumeekin harremanetan jarraitzeko aukera ematen digulako.

Berritzailea da ekimen hau?
A.F. Baietz esan dezakegu kasik. Izan ere, osasun zentro publikoek antzeko taldeak sortzea ez dute derrigorrezko zerbitzatzutzat jotzen. Gaur egun Villabonan eta beste nonbaiten besterik ez dago martxan. Beraz, inguruko herrietatik etorri nahiko balu inork, irekita dauzka ateak.
Talde hau sortzearen ekimena Andoaingo ginekologiako zerbitzutik bertatik atera da beraz, Janire Garcia emagin egoiliarra praktikak egitera guregana etorria da, ondo prestatuta dago eta horrek animatu egin gaitu. Kontsultan lan zama handia izaten dugu, eta oso zaila gertatzen da horrelako ekimenak aurrera ateratzea. Janire bolada baterako dago gurekin, eta joaten denean bularra emateko taldeari eustea espero dut.     

Badirudi modan jarri dela bularra ematea…
A.F. Zerbait gehiago izatea nahi nuke. Gaur egun ez dago zalantzarik onuragarria dela bularretik ematea. Arrazoi askogatik: haurrak errazago asimilatzen du, gaixotasunengandik babesten da, bularreko minbizia izateko arriskua murrizten dio amari, sikologoek azpimarratzen duten lotura afektiboa bultzatzen du, erosoagoa da, merkeagoa da…  

Arazorik ere eragin lezake, ala?
A.F. Bai, noski, mastitisa, erroitzak titiburuetan, haurrak behar duen pisurik ez hartzea…
Bestalde, batzuk diote gehiegizko lotura edo dedikazioa eragiten duela, eta hori egia izan liteke amen kasuan; lehenbiziko egunetan batez ere, zenbaitetan haurrak ordu erdiro titia eskatzen dio amari eta hau nekatzeaz gain kezkatzera ere iritsi liteke.

Noiz arte eman behar zaion bularreko esnea, hori ere maiz ateratzen den galdera izango da…
A.F. ONSk eta pediatren elkarteek zera aholkatzen dute: haurrak eskatu adina eta nahi hainbat denboran izatea. Urte betez, bi, hiru, lau, bost… Hor gertatzen da arrarotzat jotzen dela bost urteko haur bati bularra ematea. Gure amonen garaian, ordea, gauza normala izaten zen hori.

Egungo aitak inplikatzen al dira behar luketen bezainbat?
A.F. Kontrazepzioaren arloan batere ez, edo oso gutxi; esan nahi dut, antisorgailuarekin arazoren bat izan duenean bikote batek adibidez, kontsultara behintzat emakumea etortzen dela; ohitura faltagatik edo ez dakit zergatik den…
Amatasunaren arloan, ordea, gero eta gizon gehiagok kolaboratzen duela ikusi dut. Bisiten %90etan etortzen dira. Kuriosoa izaten da: amak galderak egiten dituen bitartean, normalki aitak haurra lasaitu egiten du, aldatu... Hori pentsaezina zen asko ez dela. Lantegian hartutako bi asteko baimenak asko lagundu du horretan, aitari jaioberriaz gozatzeko aukera ematen baitio.   

Nork osatzen duzue ginekologiako arloa eta zein funtzio betetzen dituzue?
A.F. Une honetan Maria Oiartzabal ginekologoa, Maite Olmeño laguntzailea eta hirurok gaude. Azken hilabeteetan gurekin da Janire Garcia praktikak egiten ari den emagin egoiliarra, lehen esan bezala. Oso lan giro ona daukagu gure artean; emakume izateak ere nik uste laguntzen duela zerbitzu honetan…
Ginekologoak patologiaren inguruko gai guztiak daramatza batez ere, astean hirutan dauka kontsulta eta gainezka ibiltzen da. Nire kontsultan ere makina bat arlo bideratzen dugu: prebentzioarekin zerikusia daukan zitologia, kontrazepzioa, abortoak, menopausia… Azken batean, 15 urtetik 80 urte bitarteko emakumeak pasatzen dira kontsultatik. Ez naiz sikologoa, eta ez dut ez dagozkidan arlotan aritu nahi, baina ahal dudan arte laguntzen saiatzen naiz; izan ere gai asko ateratzen baitira nahastuta (sexualitatea, haurdunaldia, kontrazepzioa…).

Andoainen aski ezaguna izango zara emakumeen artean…
A.F. Hemengo emagina erretiratu zenean etorri nintzen, hogei urte baino gehiago dira horretaz. Aurreneko urte horietan kontsulta arratoiz beteta zegoen Olagain auzoko egoitza batean eta Ondarreta auzoan ezagutu nituen, honetara etorri ginen arte. Nahiz donostiarra izan, andoaindarra banintz bezala sentitzen naiz. Herriko makina bat emakume ezagutzen dut, eta horiekin bizipen gozagarriak zein tristeak partekatu ditut urte hauetan. Okindegirako bidean bakarrik, lauzpabost emakume ezagunekin geratzen naiz hizketan egunero… 

Gustura lanean?
A.F. Oso gustura nator lanera. Guztiok bezala noski, nahiago izaten ditut asteburuak edo oporrak, hala ere. Baina lan polita da, pertsonekin daukazu harremana eta emaitzak, gehienetan pozgarriak, ikusi egiten dituzu.

Ekimen gehiago ere burutzen al dituzue, Osakidetzan normalki egiten ez direnak?
A.F. Bai, badira zenbait. Zolu pelbikoaren erreabilitazioaren jarraipena, adibidez. Zolu horretako muskulaturak organo guztiak eusten ditu, eta haurdunaldian lan asko egiten du. Erditu ostean ez bada ondo bideratzen muskulatura hori, gerora arazoak sor ditzake emakumearen osasunean.
Orain urte batzuk erditze osteko gimnasia egiteko taldea ere osatu genuen. Maite Orliñoren esku egon zen, baina bertan behera geratu zen gerora, kontsultetarako jarri behar izan zuelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!