Villabonako preso politikoak itxialdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 15a, 12:27

Villabonako Amnistiaren aldeko mugimenduak igorritako prentsa oharrak jakinarazten duenez, Villabonako preso politiko guztiak itxialdian daude aste honetan. Hauxe itxialdiaren inguruko agiria:

Gaixotasun larriak dituzten eta kondena betea duten euskal preso politikoen kaleratzea aldarrikatzen ari dira aste honetan itxialdiarekin.

EPPK oharra:

2010. urteari borrokaldi berrituarekin eman diogu harrera. Agirian adierazi dugun bezala, hilaren 4an hasi eta lehen egunetan espetxetako mugimendu honen arrazoiak plazaratu ditugu han eta hemen, komunikazio astea deitu dugunaren baitan.

Hilaren 11an, EPPK osatzen dugun euskal preso politikook, Espainia eta Frantziako espetxe guztietan itxialdian sartuko garela iragartzea gatoz.

Dagozkigun eskubide sortatik askatasunerako dugun eskubidea nabarmendu nahi dugu orain eta salaketarekin batera erakutsi, gure kidegoaren parte inportante eta zabala modu ezin krudelagoan bahiturik aurkitzen dela, horretarako berariaz asmatutako lege, arau eta trikimailuei esker.

Ondorioz, behin eta berriro gogoratzeagatik ez gara aspertuko:

-Gaixo larri ditugun gure kide guztiak berehala kaleratuak izan daitezen exijitzen dugu. Heriotzaren korridoretik atera ditzatela. Haiei gerta dakiekeen ezein kalte atzeraezinen erantzukizun osoa Gobernu espainolarena izango da.

-Bere unean tribunal arrotzek ezarritako zigorrak aisa beteta dituzten gure kideak berehala kaleratuak izan daitezen exijitzen dugu.

-Baldintzapeko askatasunean kaleratuak izateko bere unean tribunal arrotzek ezarritako zigorraren denbora aisa gaindituta duten gure kideak berehala kaleratuak izan daitezen exijitzen dugu.

Gobernu espainol eta frantsesari dagokie aipatutako norabidean errealitate larri eta onartezin honi irtenbidea ematea. Xantaian oinarritzen den damuketa politiko berrituari fruitu miserableak bilatzen aritu baino.

Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia osoa!

Modu berean Villabonako Amnistiaren aldeko mugimenduak borrokaldiarekin batera urtarrilak 22 eta 23 itxialdia egingo du Gurea Antzokiko erakusgelan.

Urtarrilak 22-23 Egitaraua:

20:00 sarrera Hitzaldia: espetxe politika eta senideen aurkako jazarpena zertan gauzatzen den agertuko dute senideek

Gauean, itxialdian zehar lan talde desberdinak antolatuko dira, gai desberdinen inguruan ekarpenak eta egiteko (presoekiko elkartasuna eta asistentzia areagotzeko dinamikak, elkartasun eguna, ...)

Larunbata goiz osoan zeharreko kotxe karabana eta informazio banaketa eta kontzentrazio batekin 13:00etan bukatuko da itxialdia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!