Noiz deskubritu zenuen margotzeko zaletasuna?
Anabel Atxaga: Margotzea betidanik gustukoa izan dut. Garai hartan plazan bizi nintzen. Bizilagun bat Kultur Etxera joaten zen oleoko ikastaro batera eta berak joateko esaten zidan. Urte batean izena eman eta denbora pixka bat aterata joango nintzela erabaki nuen. Hala hasi nintzen, duela hamalau bat urte Kultur Etxean.
Gogoan al duzu zeure lehen margolana?
A.A.: Seguru ez, hasi nintzenerako etxean ere margotzen aritzen bainintzen. Gainera, orduko koadroak aldatuta ditut. Pare bat edo jasoak ditut, duela hamar urtekoak. Gainerakoak bota edota gainetik kapa bat emanda berriro margotu ditut.
Margolan pare hori kutunena duzu orduan?
A.A.: Bai, hobeto daude. Batean, artaburu batzuk egurrezko ontzi zahar batean margotu nituen. Bestea, Belaguako paisaia txiki bat da, hura ere ondo dago. Haiek salbatu nituen.
Bi margolan horiek badute lotura. Landa ingurunea islatzea gustuko duzu?
A.A.: Orain gehienbat paisaiak marrazten ditut. Paseatzera joaten garenean, edozein lekutako argazkiak atera eta hango paisaiak marrazten ditut.
Beasaingo lehiaketaren berri nola izan zenuen?
A.A.: Beste urte batzuetan ere joan izan naiz, gustura, ilusio handiz. Lehenbizi egunkariaren bidez jakin nuen. Txomin da Aterpe tabernako nagusia, berak antolatzen du. Duela sei bat urte joan nintzen. Kritiko talde batek baloratzen ditu margolanak. Azkenekoz,. margolana bukatu eta horman ikusi nuenean neure buruagatik lotsa pixka bat sentitu nuen. Baina gero begira.
Urnietan ere irabazi al duzu?
A.A.: Bai. Kanpora ere gutxi joan izan naiz, igandetan batez ere mendira joan nahi izaten baitut.
Mendizaletasuna da beraz zure inspirazio iturria?
A.A.: Askotan. Kamerarekin joan, lekua ikusi... Aizkorrira joaten naiz, argazki berdintsuak ateratzen ditut. Beasaingo lehiaketako margolan hau Kultur Etxean hasi nuen, neguko irudia zen. Ez nuen ondo ikusten, ez nuen asmatzen. Etxera joan nintzen. Argazki gehiago banituen, udarako bat atera nuen. Berdina zen, urte garai desberdinekoa, baina toki berekoa.
Paisaiak gustuko izanda, Urnietako zer txoko aukeratuko zenuke margotzeko?
A.A.: Urnietako San Juan plaza aldera joaterakoan, haurren parkea dago. Etxe zahar batzuk daude, inguru hori. Mendikoak baita ere. Eginak ditut bizpahiru elurra egin zuenean iaz. Gehiago margotu nahi nituzke.
Erakusketarik zabaltzea bururatu izan zaizu?
A.A.: Bai eta ez. Pentsatu izan dut, baina ez dut inoiz erabaki. Pazientzia pixka batekin bere momentua ailegatuko dela uste izaten dut, baina ez da hain erraza. Iruditzen zait, erakusketa batean beti hobeto gelditzen direla serie bereko koadroak. Baina ez dut hainbeste margolan. Desberdinak jarri beharko nituzke. Aterpe tabernan jarri izan dut, eta aurten ere jarriko dut. Hara joateko ere, taberna hura txikia da, eta orain margolan gehiago ditudanez, taberna beteko dut. Bestela, toki handia baldin bada, ez ditut hainbeste. Ideia buruan dut, baina ezetz esaten dut. Gainera tartean hain txukunak ez diren edota hain ondo ikusten ez dituzun margolanak izaten dira.
Lehen erakusketa antolatzeko nora joko zenuke?
A.A.: Neure lehenengo irakasleak antolatzen ditu erakusketak Donostiako taberna batean. Nahi banuen neure margolanak jarriko dituela esan izan dit. Nahi izanda han jarriko nuke, baina oraindik ez dut erabaki.
Estiloz aldatu nahi al zenuke?
A.A.: Abstraktu batzuk ere margotu izan ditut. Batekin oso gustura gelditu nintzen, eta saldu egin nuen. Gainerakoan, libreki margotzen dut, ez dut inolako presiorik. Hortik ez naiz bizi, horregatik nahi dudana egiten dut, bururatzen zaidana. Momentuan gehienbat gustuko dudana paisaia da.
Zure eguneroko bizitzan, zer tarte eskaintzen diozu zeurea den zaletasunari?
A.A.: Inspirazioa astelehenetan etorri behar zait. Astelehenetan izaten da ikastaroa Lekaion. Igande arratsaldetan, harategi ondoan lokal handia dugu, eta hara ere joaten naiz. Bestela, denbora gehiegi ez dut izaten.
Margotzen hasi nahi duenari zer aholka diezaiokezu?
A.A.: Ikastaro batera joatera animatuko nuke. Norbere kasa has liteke, baina beti ere laguntza pixka bat behar dela uste dut. Gainera, jende gehiago dago eta taldean margotzea ere polita da. Nahiz jende asko bakarrik hasten den, eta zailagoa da, akatsak zuzentzeko adibidez.
Zaletasuna partekatzeko aukera izango duzue lehiaketatan…
A.A.: Jende on asko joaten denez, norbere maila zein den ezagutzeko aukera izaten da.
Epe motzera ba al duzu beste lehiaketarik?
A.A.: Kutxako aretoan, Bulebarrean, arte elkartekoak margotzen hasi zirela 60 urte bete dira. Han apuntatu naiz aurten, baina margotzera ezin dut joan. Bi margolan hara eramateko esan ziguten, ia aukeratzen dituzten, gero Kutxako Bulebarreko aretoan erakusteko. Han egingo dute erakusketa handia, otsaila aldera. Bestela, Adur-Bidasoa edota Urretxu-Zumarragako erakusketetara eraman izan ditut margolanak.