Urteko lehen elurtearen kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 14a, 11:40

Handia izan zen botatako elurtea eta hurrengo orduetako izotzaldia. Arazoa oinezkoentzat, arazoa gidarientzat eta burukomina Udal Brigadarentzat, Udaltzaingoarentzat eta Udalarentzat. Ordu luzez adi-adi ibili ziren Udal zerbitzu ezberdinak herritarren eta gidarien arazoak arindu nahian. Elurra eta izotza saihesteko gatzik gabe geratu zirenean, izotza benetako arazo bilakatu zen.

Urtarrilak 8, ostirala
Sos deiak-etik "Alerta laranja" iragarriz faxa jaso zuten. Gauean elurra egin zuen gogotik eta hurrengo 72 orduetan Udaltzaingoa adi-adi ibili zen Andoainen.

Urtarrilak 9 larunbata
Goizean Andoain elurrez gainezka zegoen. Hamar zentimetrora iritsi zen hainbat tokitan, eta Goiburun hogei zentimetrora. Kaleak eta espaloiak arriskutsu zeuden.
Goizeko hamarretan Jose Luis Vela zinegotziak Larrialdi edo Krisi mahaia deitu zuen, Udal Brigada zerbitzuburuarekin eta Udaltzainen buruarekin batera egoera aztertzeko. Bilera horretan lanak banatu ziren, lan teknikoa egiteaz gain komunikazio eta iradokizunak emanez aritu baitziren telefonoz deitu zuten guztiei.
Ikusten denez, udal administrazioko kideek osatu zuten mahai hura.
Ramon Varela Udal ingurumen teknikariaren bitartez, auzo ezberdinetako baserritarrak gaikaldeko auzoetako errepideak garbitu zituzten.
Egun horretan eskuragarri zegoen gatza banatu zen, errepideetan lehenik eta behin. Bolondres aritu ziren hainbaten traktoreak erabili ziren horretarako. Goiburuko golf zelaiekoena, Joxeba Jauregi Goiburuko Txertota jatetxekoarena, Luis Otaño Leizotzeko Garagorri baserrikoarena eta Xabin Alkorta Sorabillako Goikoetxeberri baserrikoarena. Udaltzaingoak haiei eta gainerako bolondres guztiei eskerrak eman nahi dizkie.
Andoaingo Udalak kale garbiketaren zerbitzua esleitua dion FCC enpresako kamioi batek herriguneko errepidean elurra kendu zuen, Karrikatik hasi eta errepide orokor guztia kontutan hartuta.
Errepideen arazoa saihestu bazen ere, espaloiak garbitzeke geratu ziren. Ordu gutxira, ordea, gatzik gabe geratu ziren Udal Brigadan.
Errepideetan bezala espaloietan ere gatza bota zen. Lehentasuna eman zitzaion Kale Nagusiari, Kaletxikiri, Doktor Huitzi eta Juan Bautista Erro kaleei.
Ibilgailuak: La Salle etorbidea, Rikardo Arregi kalea, Dr. Huitzi kalea..., asko eta asko izan ziren ez atzera, ez aurrera geratu ziren ibilgailuak. Garabiarekin laguntza ematen aritu ziren. Goizean zortzi ibilgailuri eman zitzaien laguntza.
Oinezkoak: Erori eta min hartutako pertsonak askotxo izan ziren. Bereziki, La Salleko igoeran. Kolpe arinak hartutakoak egon badira, baina ukalondoan edota sorbaldan min hartutakoak ere bai. Kasurik larriena, ziurrenik, anbulantzian eraman behar izan zituztenak. Kasurik gehienetan, adineko jendea. Horien artean kalera jaitsi eta kaderan min hartu zuen herritarrarena.

Urtarrilak 10, igandea
Jai eguna izanik, oinezkoak bili baziren ere, bezperan baino erorketa eta istripu kasu gutxiago izan zen. Joxeba Jauregi Goiburuko Txertota jatetxekoak Goiburutik herrigunera doan errepidea garbitu zuen berriro.
Igandean ere SOS deiak-en bidez Tolosako Suhiltzaileek paladun 4x4 ibilgailu batean errepideko elurra kentzeko gai izan ziren. Hauek ere, ordea, gatzik gabe zeuden.
Igandea eta astelehena, gatzarik gabe, espaloietako arriskua saihesteko eskulana izan da lan tresna bakarra. Udal langileek aitortzen dutenez, "horrelako egoeratan lan egitea oso gogorra da. Horrelakoetan lorpenak oso eskasak dira. Lan asko egin behar da tarte txikian izotza kentzeko".

Urtarrilak 11, astelehena
Asteburua igarota, oinezkoen eta gidarien kopurua bikoiztu egin zen goizaldean. Hori gutxi eta, esan bezala, Udal Brigada gatzik gabe zegoen. Gabezia horregatik izugarri zaildu zen lehendik traketsa zen egoera. Errepideen eta kaleen egoera oso txarra zen.
Udal brigadak eta bolondresek eskuz kendu behar izan zuten izotza, baina udaltzainek aitortzen dutenez oso zaila da gatzik gabe eraginkor jokatzea. Elurra erraz kentzen zen, eta oinezkoek elurrik ez ikustean arriskurik ez dagoenaren konfidantzaz jokatzen zuten. Gauzak horrela, hankaz gora eroritakoak askotxo izan ziren herrigunean. Santa Krutz ermitan bertan bakarrik sei erorketen deiak jaso zituzten Udaltzaingoan, horietatik hiru anbulantzian eraman behar izan zituztelarik.
Izotzak arazo ugari sortu zituen, oinezkoen artean bereziki. Santa Krutz ermitaren inguruan: Santa Krutz zubian, Zumea kalean eta kiroldegira doan Alondegi zubian arriskua handia zen. Zer esanik ez Bastero aldera nahiz Kaletxiki aldera doan Kale Nagusiko tarteetan ere bai. Kale bereko oinezkoen gunean kalearen bi ertzetan zapaltzea irrist egitearen parekoa izan zen.
Orain gutxi berritu duten Gaztelutxo tabernaren eta ermitaren pareko lurzorua oso gaizki zegoen.
La Salle etorbidean, Extremadura kalean, Bekoplazan..., izotzak hamaika komeria sortu zituen herrigunean. Horiez guztiez gain, Osasun etxean eta ikastetxe atarietan irrist egindakoak asko eta asko izan ziren.

AHOLKUAK ETA OHARRAK

Aiurri astekaria Andoaingo Udaltzaingoarekin harremanetan jarri da urte honetako lehen elurtearen eta izotzaren inguruko xehetasunak jakin asmoz.
Lamberto Otermin Andoaingo Udaltzainburuak eta Jon Iturralde udaltzainak hainbat argibide, ohar eta aholku eman nahi dituzte Aiurriren bidez.

Batzuk jaigiroan hartzen dute elurra, baina kontu handiarekin ibili behar da...
Jon Iturralde:
“Nik arriskutsu ikusten dut jendea jolasean dabilenean ez duela ondokoa kontutan hartzen. Eta izotz bola batek harri batek adina min egin dezake. Bestea, elur panpinak dira. Panpinak handi-handi egiten direnean errepidean buka dezakete. Lopez de Lacalle parkearen inguruan horrelako panpina ez zen ozta-ozta errepidera iritsi. Eta horrelakoetan arriskua sor daiteke ibilgailuetan".

Elurtea igarota, zein aholku emango zenukete hurrengo baterako?
Jon Iturralde:
"Larunbatean bertan kalea elurtuta zegoen, nahikoa arriskutsu. Adinekoak ikusi ditugu etxetik okindegira etxeko zapatilekin ateratzen, eta hori ez da posible. Elurra eta izotza arriskutsu dira. Irrist egiteko aukerak biderkatu egiten dira. Horrelakoetan, hauexek aholkuak: etxean geratu eta eguerdian epeltzen duenean atera, beharrezko oinetakoekin kontu handiarekin jaitsi edota, bestela, etxean geratu eta bizilagunari edo sendikoei erosketak egiteko laguntza eskatu.
Ibilgailuei dagokionez, jendea ohituta dago herrigunera kotxean jaistea, edota herrigunetik bertatik erosketak egiteko ibilgailua hartzea. Horrelakoetan ezin da ibilgailua erabili, egun hauetan ikusi da elurrak eta izotzak arriskutsu bilakatu direla. Ez bada beharrezkoa, ibilgailua ez da erabili behar. Larunbatean lanera joateko garraio publikoa bazebilen eta hori oso aukera ona zen norberaren ibilgailua erabiltzen aritu gabe".
Lamberto Otermin: "Herritarrek uste dute sortzen diren arazo guztiak Udal administrazioak konpondu behar dituela. Eta andoaindarrak jabetu behar dira beraiek ere arazoak konpontzeko gai direla. Garajetik kotxea ateratzeko, izotza kentzeko palak haien eskura utz ditzakegu baina ahal dela beraiek garbitu behar dute.
Eguraldiaren gorabeherak direla eta, udaltzaingora deitzeko dei egiten diegu herritarrei. Dituzten arazoak edo eragozpenak agertzeko dei dezatela horretarako egokitu dugun 900 300 819 doako telefono zenbakira".

Elurtea astean zehar gertatu izan bazen okerrago litzateke?
Jon Iturralde:
"Jendeak kalera atera behar du lanera, ikastera,... Asteburuan ez zen hainbeste jende atera eta elurtea astean zehar izan balitz egoera askoz okerragoa izango litzateke. Kontuan izan, jatorriko biltegian gatzik gabe geratu zirela. Hemen egindako aurreikuspenak ez ziren nahikoa izan. Iaz, N-1 eta A-15 errepideetarako Aldundiak Ibillutsen duen biltegitik nahikoa gatz lortu genuen. Aurten, ordea, hara joan ginenean ezin zigutela gatzik eman erantzun ziguten. Larri zebiltzala eta egun horietan haien lehentasuna N-1 eta A-15 errepideak zirela. Ziurrenik iazko kopuru bera eskatu zen eta azkar batean ezer gabe geratu ginen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!