Urnietako kirolarien omenaldi-ekitaldia ospatu zen aurreko ostiralean, Lekaion. Urtero legez, Urnietako Udalak lehiaketaren batean saririk jaso duen herriko kirolariak saritu ohi ditu, jendarteko ekitaldi baten bitartez. Hemeretzi kirolari izan ziren izendatuak, hain zuzen; urtez urte gehitzen doan zerrenda, bistan denez. Ez ziren gutxi izan, halaber, kirolari horiek ordezkatzen dituzten kirolak: judoa, saskibaloia, txirrindularitza, ping-ponga, mendiko lasterketak, ehiza eta pilota.
Mikel Izagirre alkateak aurkeztu zuen ekitaldia, eta UDAko Juan Mari Tomasena eta Ramon Goikoetxea eta EAJko Miren Martiarena eta Maribel Vaquero ere bertan izan ziren. Bere sarrerako hitzalditxoan, alkateak urtero errepikatzen duena azpimarratzera zihoala ohartarazi zien galan bildu ziren kirolari eta ikusleei. Alegia, kirolari horien ondoan dauden bolondresen isileko ahalegina nabarmendu behar dela. “Handitzen ari zaigu saritzen diren kirolarien kopurua urtez urte, Urnietan. Horien atzean dagoen jendeak lan jatorra eta itxurazkoa egiten duen seinale da zalantzarik gabe. Inor ez da bere kabuz ezertara iristen, baldin eta ondoan ez baditu antolatzaileak, bultzatzaileak, gurasoak…”. Ekitaldiaren amaieran, alkateak kirolarien aldeko konpromiso publikoa azaldu zuen, “orain arte inongo laguntzarik gabe aritu da jende asko. Aurrekontuen negoziaketekin hastekoak gara alderdiak, baina ziur izan Udalak kirolari guztiei behar bezala erantzungo diela, ahal duen neurrian”.
URNIETAKO UDALAK SARITUTAKO KIROLARIAK MARI JOSE SARDON ALTUNA Judoa (+78 kg). Gipuzkoa eta Euskadiko txapelduna helduen mailan.
NEREA ARRUTI SALGADO Judoa (-70kg). Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna 20 urtez nahiz 23 urtez azpiko eta helduen kategorian.
HAIZEA SEGURA MAESTRO Judoa (-44kg). Gipuzkoako txapelduna kadete kategorian. SARA ALFONSO ALVARIÑO Judoa (-70kg). Gipuzkoako txapelduna kadete kategorian.
MIKEL ESNAOLA MOLANO Saskibaloia. Euskadiko txapelduna kadete kategorian.
MIKEL ITURRIA SEGUROLA Txirrindularia. Mendiko Kriteriumean txapelduna jubenil kategorian.
MIREN GOIKOETXEA UGALDE Pilota. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna eskola arteko gomazko paletan infantil kategorian.
UNAI EZEIZA JAUREGI Pilota. Gipuzkoako txapelduna eskuz binaka 3 mailako senior kategorian.
JON EZENARRO KORTAJARENA Pilota. Eskualdeko txapelduna eskuz.
Adierazpenak Joxe Luis Toledotxiki: “Hirugarren aldia da horrelako saria jasotzen dudala. Aurreko biak Euskadiko txapeldun geratu nintzenekoak dira. Beko Borda baserrian jaioa naiz eta etxetik, aitarengandik jaso dut ehizarako zaletasuna. Ehiza xeheko txapelketetan aritzen naiz, oilagorretan, erbitan, azeritan… Estatu mailan bitan geratu naiz txapeldunorde. Hurrengo asteetan ekin behar diegu txapelketa ezberdinei; Urnietakoarekin hasiko gara”. Haizea Segura. “Bost urte nituenetik praktikatzen dut judoa. 13 urte daramatzat beraz, kirol honetan. Hasieran bezain gogotsu segitzen dut gainera, eta horrelaxe jarraituko dut aspertzen naizen arte. Mari Jose Sardonekin hasi nintzen, eta orain Hernaniko taldean aritzen naiz, bigarren urteko junior bezala. Badakit zer den Gipuzkoa edo Euskadiko txapelduna izatea, baina pentsaezina da Espainiako txapelketan ezer lortzerik. Maila handiegia dago hor niretzat”.
Miren Goikoetxea. “Lehenbizikoa aldia zen horrelako ekitaldi batean parte hartze dudala, eta pixka bat urduri egon naiz saria jasotzerakoan. 10 urterekin hasi nintzen pala astintzen frontoietan aita eta amarekin. Gomazko paletan aritzen naiz eta bi eskuz ondo moldatzen naiz. Orain Hernaniko taldeko partaide naiz, Urnietan ez baitago halakorik. Astean hiru saio egiten ditugu. Donostian trinketeko modalitatean ere hasia naiz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!