Afrika Txakanam bidaiaren lehen kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 12a, 11:15

Onditz Jauregi eta Luisa Montecelo Afrikan barrena dabiltza. Egipton ibili ondoren, laster Sudan aldera jotzekotan dira. Duela hilabete abiatu ziren bigarren aldiz kontinente beltzera. Afrikarrekin elkar-bizitzea eta haiengandik ikastea; horixe villabonatarren helburua, txokoak ezagutu eta esperientzia berriak bizitzearekin batera. Hara hemen igorri duten bidaiaren lehen kronika.

Ondo ibili neskak!

Informazio eta argazki gehiago

"Urtarrilak 10, arratsaldeko 15:00ak dira. Errezatzeko ordua da eta mezkiten kantuak txoko guztietara iristen dira. Hoteleko terrazan gaude eta hemendik errezago sentitu dezakegu zenbat mezkita ote dauden. Gaur ez daukagu kalean ibiltzeko gogorik, ezta atzo ere. Egun batetik bestera asko aldatu da tenperatura. Konturatu gabe geroz eta hegoalderago gaude eta bero bolada honi nekearekin erantzuten dio gure gorputzak. Nahiko alpertuta gaude. Gorputza tenperatura altu hauetara ohitzen zaigunean pixka bat esnatuko garela uste dugu. Hala ere ez zaigu gehiegi inporta, ez dugu presarik!!!!! Luxor-en gaude (Egipton) Aswan-etik 300 kilometro ingurura. Bertan hartu behar dugu Sudanera eramango gaituen barkua baina astebete barru arte ez da ateratzen.
Bada hilabete etxetik atera ginenetik, 5.000 kilometro baino gehiago egin ditugu dagoeneko, esperientzi piloa bizitu, emozio ezberdinak sentitu eta momentu politt askoz gozatu. Denak bateratuta bidaia haundi bihurtzen dute. Atzean geratu dira dagoeneko lehenengo egunetako hotza eta xirimiria, baita Europa zeharkatzearen poza Afrikara geramatzala jakinda, Afrika zapaltzearen lehen inpresioa 24 orduko ferryaren ondoren, Tunezeko lasaitasunaren oroitzapenak, Libia zeharkatzean ezerezaren erdian sentitu izana. Eta orain Sudanera eramango gaitun ferryarekin amesten, Afrika beltzean sartzeko gogoz.
Orain arte bixitatu ditugun lurraldeak Magreb-eko lurraldeak dira, Afrikarrak izatez baino guretzat benetako Afrikarekin zerikusirik ez dutenak. Hainbeste amestutako bidaia hastear dugu oraindik, Afrikarren bihotzetara eramango gaitun bidaia. Atzean geratuko dira "Can I help you?" esanez gerturatzen zaizkigun egipziar guztiak. Laguntza eskeintza maitagarri horren atzean ordea beste asmo batzuk daude, atzerritarrengana gerturatzea edozein gauza lortzeko. Piramideak parez pare izatea frustrazio haundi bat da guretzat. Gertutik bixitatu nahi baditugu bertakoek baino 30 aldiz gehiago ordaindu behar dugu! Atzerritarrak izate hutsarengatik 60 egipziar pound eskatzen dizkigute, beraiek 2 pound ordaindu behar dituztenean. Nola ordaindu 60 pound piramide bat ikusteagatik hauen inguruan distantzi gutxira arratoiak bertako biztanleekin elkar-bizi direla ikusi dugunean? Nola ordaindu 60 pound edozein monumenturen sarrerarengatik bertako gobernuak lortzen dituen etekin handiak turistek erosotasun gehiago izan ditzaten gauzetan inbertitzen dituenean bertako biztanleriaren beharrei kasu egin ordez? Nola da posible guk erakutsi behar izatea bertako norbaiti zakarrak lurrera ez botatzen jakinda garbitzaileak leku turistikoetan bakarrik ibiltzen direla? Hala ere, guzti honekin batera konturatu gera egipziarrak oso harro daudela beren lurraldeaz eta baita beren lurraldeaz ere. Ez dira konturatzen edota ez dute konturatu nahi turismoaren diru iturri etengabe horretatik ez zaiela ezertxo ere iristen, gehiengoak egunero kalean bizimodua nola aurrera atera jo eta su jarraitzen duen bitartean betiko gutxi berdinak aberatsago izaten jarraitzen baitute. Eta turisten artaldetik desberdindu nahi degun atzerritarrak biztanleri gehiengo honengatik itota sentitzen gara.
Bihar lagun baten etxera goaz bazkaltzera, bere familia ezagutu eta etxeko giro goxoaz disfrutatzera. Zorte haundi bat da guretzat lagun bat lortu izana zeren hemen interesatuak besterik ez daude.
Zaila egiten zaigu turistak ez garela ulertaraztea eta are zailagoa Europarrak izanagatik aberatsak ez garela ulertaraztea. Ez zaie buruan sartzen!
Piramideak eta tenpluak ikusi ez ditugun arren arro sentitu gera gure erabakiarekin, aberatsak aberatsago egiten dituen diruaren sisteman partu hartu ez izanaz harro gaude!
Egun gutxi barru benetako Afrikara iristaraziko gaituzten 300 kilometroak zeharkatuko ditugu. Gogotsu gaude, benetako irriparrez eta elkartruke sendoez gozatuko dugun ilusioarekin. Afrika txakanam!!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!