Gabonetako Futbito Txapelketa Errege bezperan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 7a, 15:26

Herriko hainbat nerabek proposatuta, Villabonako Kale Hezitzaileek eta Gazteria teknikariak lagundu zuten aurtengo Gabonetako Futbito Txapelketa antolatzen. Hara igorri duten balorazioa:

Taldekideen argazkiak ikusi

"Ligilla urtarrilaren 5ean ospatu zen, Olaederra Kiroldegiko kantxan. Garaiz jaikitzeko esfortzua gainditu ondoren, goizeko 9tan lau talde aurkeztu ziren: Jakintzazu, Zizurkil, Arania eta Wildatx. 13 eta 17 bitarteko mutilez osatuta, lau talde hauek guztiak guztien kontra aritu ziren goiz osoan. Goizaren bukaeran finala  ospatu zen Arania eta Jakintzazu taldeen artean, giro onean baina lehia ahaztu gabe. Arania taldea atera zen garaile, alde txikiarengatik. Ondoren, sari banaketa egin zen.

Balorazio ona egin zuten gazteek. "Hurrengoa noiz?" zen komentariorik entzunena agurtzeko momentuan. Pena neskek ez zutela parte hartu baina saiakerak egiten jarraituko dugu beraiek ere momentu eder hauek konpartitzeko.

Goraipatu behar da kuadrila guztiek ekintzaren antolaketan izan zuten protagonismoa, besteak beste: txapelketaren sistema definitzean, arauak adostean, arbitratzeko boluntarioak ipintzean, sariak proposatzean... Espero dugu hemendik aurrera ere beste proposamenak jasotzea bai Gazteria Arloan bai Kale Hezitzaileen lokalean, egun batean - laguntza txiki batekin - errealitate bihurtzeko. Proposamen hauek ez dira zertan kirolarekin lotuta egon behar, baizik eta edozein zaletasunekin".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!