Txakur-jabeek jarraitu beharreko arauak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 17:11

Txakurrak edukitzea gozamena izan daiteke, baina hainbat betebehar ere ekartzen du. Ezinbestekoa da txakurra ondo zaintzea eta ingurukoekiko errespetua izatea. Horretarako, zenbait arau hartu behar da kontuan:

  1. Txakur guztiek behar bezala identifikatuta eta dagokien udaletxean erroldatuta egon beharko dute. Horretarako, mikrotxip edo elementu mikroelektrikoa jarriko die baimendutako albaitari batek. Albaitari horrek, Txakurraren Kartila Ofiziala eta agiria beteko ditu, txakur hori Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean erregistratua gera dadin. Udalek eta Foru Aldundiek datu horiek hartuko dituzte eta animalia, dagokion udalerrian erroldatuta geratuko da.
  2. Txakurrak eduki ahal izateko, honako baldintzak bete beharko dira: janaria, edaria eta osasun-asistentzia ematea, eta txakurraren beharretara egokitutako instalazioak izatea.
  3. Gune publikoetan txakurrak lotuta eraman behar dira, euren ezaugarrietara egokitutako kate edo uhal bati lotuta.
  4. Debekatuta dago txakurren gorozkiak bide eta plaza publikoetan, haur parkeetan, lorategietan, eta oro har, pertsonen pasadizorako lekuetan uztea.
  5. Txakur batek eraso egiten badu, 24 ordu baino lehen albaitariarengana eraman beharko da, erasoaren arrazoia zein izan daitekeen azter dezan.
  6. Txakurraren jabea edo zaintzailea izango da txakurrak sor ditzakeen kalte, galera eta arazoen erantzule; baita txakurrak alde egin badio edo galdu egin bazaio ere.
  7. Txakurrak abandonatzea arau-hauste oso larria da. 

Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrekin hartu beharreko neurriak:
Aurrez aipatutakoez gain, neurri bereziak hartu beharko dituzte arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeek.
Honakoak dira arriskutsuak izan daitezkeen zenbait txakur arraza: Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, American Staffordshire Terrier, Rottweiler, Dogo Argentino, Fila Brasileiro, Tosa Inu, Akita Inu…
  1. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak edukitzeko lizentzia berezia atera behar da. Horretarako, honako baldintzak bete beharko dira: adinez nagusi izatea, delitu larriengatik kondenatua ez izatea, horrelako txakurrak izateko ahalmen fisikoa eta psikologikoa duela frogatzea. Lizentziarik ez edukitzea arau-hauste oso larria izango da.
  2. Txakurra muturrekoarekin eraman beharko da. Horrez gain, bi metro baino luzeagoa ez den, eta luza ez daitekeen, kate edo uhal gogor bati lotuta eraman behar dira. Debekatuta dago arnesak erabiltzea eta pertsona bakoitzak mota horretako txakur bakarra eraman ahal izango du.
  3. Derrigorrezkoa da erantzunkizun zibileko asegurua kontratatzea. Aseguru horren estaldura gutxienez 120.000 eurokoa izango da.
  4. Txakurraren jabetza aldatzeko, saltzaileak zein erosleak lizentzia indarrean eduki beharko du. Txakurraren osasun kartilla eguneratuta eduki beharko du eta eskualdaketaren berri eman Udal-erregistroan.
  5. Leku publikoetan arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak daramatzaten pertsonek aldean eraman behar dituzte mota horretako txakurrak eduki ahal izateko behar den baimen administatiboa eta Udalean erregistratua duela ziurtatzen duen agiria.

NEURRIAK, HERRIZ HERRI:
Aduna:

Udalerriko lorategi eta kaleetan txakurren gorozkiak ez uzteko eskatzen duten txartelak jarri dituzte. Udaletxean, doan banatzen dituzte gorozkiak biltzeko poltsa bereziak eta kalean jarrita daude horiek botatzeko edukinontziak. Isunik ez dute jarri orain arte, baina oharrak banatu izan dituzte.

Amasa-Villabona:
Duela hilabete gutxi txakurren eta herritarren arteko elkarbizitza zaintzearen inguruko ordenantza kaleratu zuten. Harreta berezia jarri behar da kalera ateratzean animalia ondo lotuta izaten eta txakurren gorozkiak biltzen.

Andoain:
Udal ordenantza batek biltzen ditu bete beharreko arauak. Andoaingo udaltzainek harreta berezia jartzen dute txakurrak lotuta eramatean eta gorozkiak biltzean. Araua lehendabiziko aldiz hausten duenari abisua ematen diote, arau-haustea errepikatzen bada, isuna jartzen dute. Txakurrentzat bereziki prestaturiko bi gune daude Andoainen. Etxeberrietako etxe berrien atzealdea, Alfaro plazatik Oria ibaira bitarteko belazea; eta Jose Luis Lopez de Lacalle plaza. Gune horietara sartu ahal izateko atetxo bereziak jarri dituzte eta gorozkiak botatzeko zaborrontziak ere badaude.
Bestalde, txakurrei beharrezko zaintza ematen ote zaien ere kontuan hartzen dute Andoainen. Ezin dira txakurrak garajeetan, balkoietan eta egokiak ez diren tokietan eduki, ezta zikin edo goseak eduki ere. Hori egiteak, isuna ekar dezake Andoainen.

Asteasu:
Asteasun ez dago txakurren zaintzaren inguruko Udal ordenantza berezirik. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren inguruko zaintza egiten dute, baina gainerakoekin ez dute neurrei berezirik hartzen.

Larraul:
Udalerriko lorategi eta kaleetan txakurren gorozkiak ez uzteko eskatzen duten txartelak jarri dituzte. 

Zizurkil:
Orain arte ez dute momentuz isunik jarri txakurrak askatuta eraman edo gorozkiak ez jasotzeagatik. Udaltzainek beharrezko informazioa ematen diote araua hausten duenari. Neurri bereziak hartzen dira hozka egin duten txakurrekin. Derrigorrezkoa da txakur horiek albaitariarengana eramatea eta Udalak gertutik zaintzen du hori.

ISUNAK
Egindako arau haustearen larritasunaren araberako isunak jar ditzakete.
Arau hauste arinak (30 eta 300 euro arteko isuna):

  • Txakurra behar bezela identifikatu gabe edukitzea.
  • Egokia ez den tokian edukitzea.
  • Txakurren kakak kalean uztea. (Hondakinen legean jasoten da eta 600 e arteko isuna izan dezake)

Arau hauste larriak (300 eta 1500 euro arteko isuna):

  • Txakurrak kalean barrena aske eramatea.
  • Animaliak elikagairik edota urik gabe edukitzea.
  • Txakurrari osasun laguntzarik ez ematea eta beharrezko txertoak ez jartzea.
  • Txakurrak legez kanpo saltzea.
  • Hiru arau-hauste arin egitea.

Arau hauste oso larriak (1500 eta 15025 euro arteko isuna):

  • Animaliak hiltzea joz edo material toxikoak emanez.
  • Animaliak abandonatzea.
  • Arraza arriskutsuko txakurrak umetzea.
  • Pozoinduriko elikagaiak kalean uztea.
  • Hiru arau-hauste larri egitea.

INKESTA
Nahikari Pastor
Amasa-Villabona


Nola zaindu beharko lirateke etxeko txakurrak?

  • Arauak errespetatuz, bakoitzak bere modura zaindu beharko lituzke txakurrak. Etxeetan bizi direnak egunean lau alditan gutxienez kalera atera beharko lirateke. Etxeko txakurrak kalean katearekin lotuta ibili beharra ez zait beharrezkoa iruditzen, baina arauak hori dio eta bete egin behar da. Bestalde, ingurua txukun mantentzeko, txakurren hondakinak jasotzea neurri ona dela uste dut.

Udalek arautegia betetzeko hartu duten bidearekin ados al zaude?

  • Arauak betearaztea ondo iruditzen zait, baina esaterako, txakur-gorotzak ez jasotzeagatik 400 euroko isuna jartzea gehiegizkoa da. Orain gutxi jakin dut bi villabonatarrek dagoeneko jaso dutela isun hori. Bestalde, txakurrak ondo ez zaintzeagatik zigortzea ondo iruditzen zait: nik oso gaizki pasatzen dut horrelako kasuren bat entzuten dudanean. Txakurrak, animalia guztiak bezala, oso gustuko ditut eta edukitzea erabakitzen baduzu, ondo zaintzeko eta haiekin disfrutatzeko izan behar du.


J. Mari Sarasola
Aduna

Nola zaindu beharko lirateke etxeko txakurrak? 

  • Nire ustez txakurrak bere askatasuna eta ingurua izatea ezinbestekoa da. Etxe txiki batean era artifizialean baldin badago arazoak emango ditu beti; txakurrak bere zabalgunea behar du, bere eginbeharrak egin behar ditu, korrika ibili behar du… Toki egokirik ez daukadalako ez daukat gaur egun txakurrik.


Udalek arautegia betetzeko hartu duten bidearekin ados al zaude?

  • Zakurrak kalera lotuta ateratzea araututa dago egun eta biztanle askok hori eskatzen duela uste dut: Txakurra daukanak benetan zaintzea, ezer egiten ez badu ere, beldurra eman baitezake. Bestalde, txakur-gorotza kalean topatzea ez da atsegina, ezta belazean ere; haurrak jolasera joan baitaitezke. Txakurrak bere tokirik ez badauka, ondo zaintzeak lan handia ematen du. Txakurra eduki nahi duenak eskubidea dauka, baina kontuan eduki behar du betebehar batzuk dituela. Arauak betetzen ez dituenari hainbat abisu eman eta erantzuten ez badu, isuna jartzea beste biderik ez zait bururatzen. Hala ere, isunak azken aukera izan beharko luke beti.

Maite López
Andoain

Nola zaindu beharko lirateke etxeko txakurrak? 

  •  Txakurra haur baten pare zaindu behar dela uste dut, berdin-berdin, txikia nahiz handia izan: garbitu, bere orduetan jaten eman, eginbeharrak egitera kalera atera... Orain katearekin lotuta ateratzeko eskatzen digute eta niri oso ondo iruditzen zait. Hala ere, txakur txikiak ditugunok egiten diogu kasu gehiago arau horri; txakur handiak dituzten askok lotu gabe eramaten dituzte eta aukera hori ez zait batere ondo iruditzen. Txakurren eginbeharrak biltzerakoan ere antzekoa gertatzen dela iruditzen zait.

Udalek arautegia betetzeko hartu duten bidearekin ados al zaude?

  • Oso ondo iruditzen zait arauak betetzen ez dituenari isunak jartzea. Udalak txakur handiak lotuta eramatea derrigortu beharko luke eta haien eginbeharrak jasotzera. Txakurrak ez dira kapritxoz hartu behar, ondo pentsatutako erabakia izan behar du eta etxean hartuz gero, ondo zaindu behar dira. Ondo heziz gero, txikia nahiz handia izan, ez luke arazorik sortu behar etxean nahiz inguruan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!