Bi Karlistaldien aztarnak Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 16:59

Andoain bi Karlistaldietan gaitzat hartzen duen liburua kaleratu du Burdina Taldeak. Joseba Salbadorri egokitu zaio idazketa.

Ondare historikoa berreskuratzea helburu du Burdina taldeak. Zer dela-eta sartu zarete Karlistaldiekin?
Joseba Salbador:
Leitzarango ondarearekin hasi ginen, baina gure eremua zabaltzen joan gara poliki-poliki; Beizamaraino ere joan gara egunotan karobi bat dela eta.
Kontua da Sorabillan karobien berreskuratze lanetan ari ginela, Elordiko parajeetan -Aduna eta Andoaingo mugetan alegia- arma munizioa topatu genuela; ez gara arkeologoak baina lur azalean bala-zorro ugari bilatu genuen. 36ko Gerrakoa zelakoan geunden hasieran, baina hara non gure ezustea kalibre handikoak zirela ikustean, karlisten garaikoak alegia! Jakin-minak piztuta, hariari tiraka hasi ginen, eta ikertzen jarraitu genuen artxibategietan eta bestelako informazio iturrietan.

Historiagile profesionalak ez zarete, baina zure kasuan behintzat gerra karlistetan aditua bai…
J.S.:
Zaletua naiz, aditua baino gehiago. Tolosarra naiz izatez, eta horrek igual erraztu egiten du gertu sentitzea Karlistaldien inguruko guztia. Ni Egin egunkariko kronikalaria izan nintzen garaian, gaztetan, bertako karlisten egoitzan sartzeko pribilegioa izan nuen. Han denetik zeukaten: herdoilez jositako ezpatak, Zumalakarregiren bizar-zafla, Santa Krutz apaizaren ez dakit zer… Iruditzen zait mundu bat ireki zitzaidala, eta horrela lotu nintzela Karlistaldien historiara.
Garai hura politikoki oso interesgarria izan zela pentsatzea ere nahiko arrazoia izan liteke gai honetan sakontzeko. Ordutik dator, zati batean behintzat, Euskal Herriko egungo politika. Gaur adierazten da gurea Europako autonomiarik handiena dela, baina ez dakit zenbaiteraino hartzen den kontuan foruak deuseztatu aurretik Euskal Herriak bizi zuen autonomia...   

Zer eskaintzen du liburuak, lehendik argitaratu ez dena?
J.S.:
Egia da lehendik ere bi ikerketa kaleratu dituztela Karlistaldiei buruz Leiçaur aldizkarietan Karmele Otaegi eta Jose Garmendiak. Gurea horiena eranstera dator. Egia esan hiru iturrietara jo dugu, eta informazio asko bilatu. Artxibategiei dagokionez agiri asko dago Koldo Mitxelenan, Zumalakarregi museoan…, irudi edo grabatuak batez ere. Zenbait gertakari eman ziren lekuetara jo eta aurkikuntzaren bat edo beste egin dugu; baita basoko hostoen azpian munizioa topatu ere! Ahozko testigantzetara ere jo dugu, eta nahiz eta 170 urte igaro lehen gerratetik eta 130 bigarrenetik, harrigarria da zenbat informazio transmitu den baserri giroko zenbait familiatan.    

Nolako liburua topatuko du irakurleak?
J.S.:
Ez dugu historiari buruzko liburu klasikoa egin nahi izan. Kazetaritzako formatoa erabili dugu, arina. Difusioa bilatu dugu, historia zale amorratua ere ez den jendea Karlistaldietara erakartzeko asmotan. Irudiak nagusi dira liburuan zehar, orduko grabatuak eta gaur egungo argazkiak tartekatuta.      

Zertara dator Sorabillaren protagonismoa tituluan bertan?
J.S.:
Erreferentzia geografiko gisa hautatu dugu auzo hori. Bertan ez zen bataila handirik izan, baina ingurunean bai, eta batailekiko atalaia gertatu zen, hortaz. Egin kontu Andoain herria zoritxarrekoa izan zela bi gerretan. Liberalek Donostialdea menpean zuten bitartean, karlistak barnealdea, eta Andoain erdi-erdian geratu zen. Sorabilla inoren eremu bilakatu zen testuinguru horretan, bando batek bestea zelatatzeko toki gisa.  

Baina Elordiko muinoan munizioa topatu duzue…
J.S.:
Bai, baina inongo agirietan ez da adierazten hor bataila garrantzitsurik eman zenik. Misterioa da, eta bi hipotesi darabilgu. Lehena, Belabietako bataila famatuko atarian enfrentamendu txikiren bat gertatu izana; izan ere karlistek Adunaldetik harunzko lurraldea kontrolatzen zuten eta liberalek Andoain. Azken horiek erasoari ekin ziotenean, gerta zitekeen lehen tiroak Elordin bertan izatea.
Bigarren hipotesiak, karlisten arteko tiroketarekin du zerikusia. Santa Krutz apaizaren taldeak hiru egun lehenago matxinatu, eta Lizarraga jeneralari soldaduak kendu egin zizkion. Dokumentatua dagoena da Santa Kutzen taldea jazarri egin zutela eta Asteasu eta Lasarte bitartean mendixka batean tiroketa gertatu zela…

Andoain borrokaldi latzen lekuko izan zela diozu…
J.S.:
Andoain bi bandoen arteko muga bilakatu zen, lehen esan bezala. Lehen Karlistaldian, Oriamendiko batailan 400-500 hildako gertatu ziren 1837ko martxoan, eta gertakari sonatutzat jotzen da harrezkero. Baina irailean, Andoainen mila soldadu hil ziren borrokan, hirurogei bat baserri erre zituzten liberalek eta beste txikizio ugari eragin herrian, bizimodua asko gogortuz herritarrei.
Gorpuak Txitxarraingo baserriaren atzealdean lurperatu zituzten. Bala batek Santa Krutzeko zubian hil zuen Gurrea general liberala, berriz, Donostiako Urgull mendiko Ingelesen hilerrian lurperatu zuten; plakaren gainean dagoen erliebean, Santa Krutz zubia ageri da.

Deskubrimenduen artean, Zumalakarregiren gotorlekua dago…
J.S.: 
Gotorlekuaren planoa ezagutzen zen, baina enigma zen bere kokapena, orain arte zehaztu gabe zegoen Andoaingo zein aldetan egon zitekeen. Airetik ateratako argazkien laguntzaz, kontrastatu ahal izan dugu leku hori Sorabillako Kordoba baserriko eskuin-goialdeko zuhaitzen ondoan zela.  

Burdina taldea Karlistaldien arrastoarekin segitzekotan al da?
J.S.:
Bai, izan ere inon argitaratu gabeko izugarrizko materiala bildu dugu orain arte. Andoaingoa ez ezik inguruko herriei buruzko informazioa.  Aitortu behar da lan polita dela hauxe; adibidez, agirietan agertzen diren gertakariak grabatuekin kotejatzea, eta hari horretatik historia osatzen joatea. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!