Pebet memoriala, finala bihar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 16:57

Joan zen abuztuan zendu zen Antton Pebet iparraldeko pilotari gaztea gogoan, Behar-Zana elkarteak antolatutako esku pilota memoriala amaierara iritsi da. Bihar izango da mailaz mailako final handia18:00etatik aurrera Bearzana piotalekuan.

Iparraldekoa izanagatik Behar-Zana pilota elkarteko kide zen Antton Pebet eta Iñaki Lizaso pilotariarekin osatzen zuen pilota bikotea. Pebet gogoan, joan zen abenduan zehar jokatu ziren memorialeko kanporaketak eta finalera sailkatutako bikoteen artean urtarrilaren 9an jokatuko da lehen final handia, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Bearzana pilotaleku berrian. Hiru kategoriatan sailkatuta, ondorengo pilotari hauek jokatuko dute azken saioa:

Kadete mailan
Anartz Olano (Leitza) eta Xabier Tolosa (Anoeta). Andoaingo Gazte Leku taldea / Iñaki Artola (Alegia) eta Eneko Nazabal (Alegia). Intxurre (Alegia).

Jubenil mailan
Unai Bereziartu (Lazkao) eta Beñat Urretabizkaia (Ikaztegieta). L.A.P.K.E (Lazkao) / Harri Loidi (Astigarraga) eta Txomin Zinkunegi (Donostia). Aurrera taldea (Añorga).
Nagusien mailan
Narbarte (Goizueta) eta Telletxea (Albiztur). Aurrera Sayaz (Tolosa-Bidania) / Aitor Mendizabal (Antzuola) eta Andoni Aldape (Markina). Ozkarbi taldea (Elgeta).

Erantzunarekin gustura
Iñaki Lizaso Behar-Zana elkarteko kideak memoriala antolatu eta bideratzen lan handia egin du. Epaile nahiz jokalari lanetan ere aritu denak txapelketak izan duen erantzunarekin oso gustura geratu direla jakinarazi du. “Frontoia bete egin da partida guztietan, 100 lagunetik gora hurbildu delarik saio bakoitzera. Memoriala antolatzeak lan handia eskatu badu ere, dudarik gabe, merezi izan du. Partida guztietan saskia eskuratu ahal izateko errifak jarri dira ikusleen eskura eta giro polita sortu du horrek ere”. Larunbatetan igandetan baino ikusle gehiago hurbildu dela jakinarazi du Iñakik eta partidak luzeak izan direla, emozioa mantenduz.

Finala urtarrilaren 9an
Urtarrilaren 9an emango zaio amaiera lehen memorialari eta egun horretan, Gopar enpresak eskainitako saskia zozketatuko da ikusleen artean. Finalera iritsitako jokalariek ere izango dute saririk, horietako bat Urraki enpresaren eskutik. Bestalde, kategoria bakoitzeko finaleko pilotari onenak ere sarituko dira. Sariak banatzea aski pilotari ezagunen lana izango da. Besteak beste, Abel Barriola, Aitor Zubieta, Mikel Olazabal edota Oinatz Bengoetxea pilotariak gerturatuko dira Bearzana pilotalekura lan hori betetzera. Sari banaketaren ostean, memorialaren lehen edizioa dela kontuan izanda, Anttonen gurasoei omenaldia eskainiko zaie eta Oinkari dantza taldearen agurrarekin emango zaio amaiera lehen saio honi. Ondoren, parte hartzaile eta laguntzaileen arteko afaria izango da Behar-Zana elkartean.
Hurrengo urteari begira, aurtengo saiakerak izan duen emaitza polita eta herrian sortu duen giro ona ikusita, bigarren ahalegina egingo dutela adierazi du Iñaki Lizasok, “hurrengo urtean eskualdeko pilotalekuetan gehiago zabalduko dugu txapelketa. Gure asmoa partidak Aduna, Asteasu, Zizurkil eta Amasa-Villabonan jokatzea da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!