Beterriko III. Bertsolari Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 14:33

Urtarrilaren 29an hasi eta bi kanporaketa jokatu ostean, Irrintzi elkartean jokatuko da aurten Beterriko III. Bertsolari Txapelketako finala.

Datak zertxobait aurreratuta, azken bi urteetan bezala, III. Beterriko Bertso Txapelketa jarri du abian Larramendi Bazkunak. Urtero legez, bertsolari gazteak izango dira protagonista, 25-30 urte bitartekoak, eta hiru laguneko lau taldek hartuko dute parte hirugarren txanda honetan ere. Taldean aritzeak, bertsolariari bakarka aritzeak baino konfiantza handiagoa eskaintzen diola jabetuta jarri zuten abian txapelketa berezi hau; bertsolariek sarritan, mozorrotuta parte hartzen dutena. Orain artean Euskal Herriko lurralde ezberdinetako bertsolariek osatu dituzte taldeak. Aurtengoan gipuzkoarrak izango dira guztiak eta Amaia Agirre antolatzaileak adierazi duenez, “aurrerantzean, bi urtez behin Euskal Herri mailako gazteak eta gipuzkoarrak txandakatzea erabaki dugu”. Iaz Gipuzkoako Hontzak izan ziren garaile: Uxue Alberdi, Jokin Labayen eta Ander Lizarraldek osatutako taldeak jantzi zuen txapela. Aurten ikusi egin beharko da nork poltsikoratzen dituen bai ikusleak eta baita epaimahaia ere. Gipuzkoarren bat izango da, hori seguru!

Bertso-afariak elkarteetan
Oraindaino bertso-afariak eskualdeko jatetxeetan egin badira, aurten elkarteetan egitea erabaki dute antolatzaileek. Hauexek kanporaketa eta finalerako aukeratu dituzten txoko eta egunak:
  • Lehen kanporaketa: Urtarrilak 29, ostirala. Asteasuko Aitz-Ondo elkartean, 20:30etan. Bertsolariak: Ander Lizarralde, Unai Muñoa eta Iñaki Apalategi / Jokin Labayen, Iñigo Izagirre eta Jokin Uranga.
  • Bigarren kanporaketa: Otsailak 6, larunbata. Zizurkil Goiko Zentroan, 20:30etan. Bertsolariak: Uxue Alberdi, Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’ eta Beñat Lizaso / Iñaki Gurrutxaga, Agin Rezola eta Jon Martin.
  • Final handia: Otsailak 13, larunbata. Amasa-Villabonako Irrintzi elkartean, 20:30etan. Bertsolariak: Lehen bi saioetan sailkatzen diren bi taldeak.
Bertso-afari bakoitzeko txartelaren salneurria 15 eurokoa izango da. Hiru saioetarako txartelak erostea erabakitzen duenak, jende gaztea aintzakotzat hartuta bereziki, 40 eurotan erosi ahal izango ditu. Aiurriko bulegoetan eta ohiko saltokietan jarriko dira salgai txartelak hurrengo asteetan. Urtarrilaren 22an banatuko den Aiurri aldizkarian txapelketaren berri zabalagoa eta zehatzagoa eskainiko da. Oharra: Sarrerak erosi nahi dituenak ez dezala azken egunera arte itxaron!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!