Pello Mari Otaño handia gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 14:17

Pello Mari Otaño zizurkildarra hil zela 100 urte beteko dira aurtengo maiatzean. Zenbaki borobila izanik, hainbat ekintza prestatzen hasiak dira Zizurkilen.

Oso berezia izango da aurtengo Maiatza Saltsan. Pello Mari Otaño hil zela 100 urte izango dira eta hura gogoan, ekitaldi ugari antolatuko da. Teodoro Hernandorena taldeko kideek luzatu zuten ekimenaren proposamena eta Udalaren baiezkoa jasota, hainbat eragile lanean ari da dagoeneko; Udala, Otañoren familiartekoak, herritarrak, Teodoro Hernandorena taldeko kideak…

Zizurkilgo Seme Kuttun
Maiatzaren 7an, ostiralarekin hasiko dira ekitaldi nagusiak. Teodoro Hernandorena taldeko kideek eman dute horien guztien berri: “Hasieratik oso garrantzitsua iruditu zitzaigun Pello Mari Otaño Herriko Seme Kuttun izendatzea. Udalak baiezkoa eman zigun eta prozesua martxan jartzeko bidean da. Maiatzaren 7an, ostiralarekin, Seme Kuttun izendatzeko batzar berezia egingo da udaletxean. Argentinatik etorritako familiartekoak bertan izatea espero dugu. Ekitaldi ofiziala amaituta, herri afaria egingo da pilotalekuan. Pello Mariren bizitza azaltzen duen ikuskizuna eskainiko dute”.
Bertsoaren inguruko beste ekitaldi garrantzitsu bat ere egingo dute maiatzeko hirugarren asteburuan: “Bertsozale Elkartearekin harremanetan jarri gara bertso saio ederra antolatzeko. Otaño miresten duten bertsolariek parte har dezaten nahi dugu”, azaldu du Joxin Azkue taldekideak.

Argentinara, desertore
Hirugarren ekimen garrantzitsu bat ere martxan dute Teodoro Hernandorena taldeko kideek. “Pello Mariren eta bere garaiaren inguruko liburuxka prestatzen ari gara. Bere bertsogintza oso aztertua dago eta gu ez gara gai horretan sartuko, pertsona interesatzen zaigu gehiago, haren bizipenak eta bizitzea tokatu zitzaion garaia. Bide batez, XIX mendeko Zizurkil ere ezagutu nahi genuke; ogibideak, familiak, giro politikoa…, arlo ezberdin asko dago aztertzeko. Zizurkilgo artxibategian oso informazio baliagarria dago eta David Zapirainen liburuak ere pista asko ematen ditu”, azaldu du Teodoro Hernandorena taldeko Eduardo Tormok. “Otañori ezagutzea tokatu zitzaion herriaren inguruko lan gutxi dago eta are gutxiago Argentinan egindako egonaldien ingurukoak. Esaterako, oso jende gutxik daki lehendabiziko aldiz Argentinara joatearen arrazoia desertore izatea izan zela”, gaineratu du Joxinek.  Otañoren inguruko dokumentazioa biltzen ari dira taldekideak: “Kartelak, aipamenak, argazkiak edota argitalpenak, jasotzen ari gara. Bertsolaritzaren inguruko dokumentazio asko dago, gainerako arloetan berriz, zailagoa da zerbait lortzea”.

Itsasoz bestaldeko senitartekoak
Sei seme-alaba izan zituen Pello Mari Otañok; Euskal Herrian jaiotako hiru seme eta Argentinan jaiotako hiru alaba. “Argentinan jaio ziren Pello Mariren bilobak ere. Tartean dira Susana Ardanaz Otaño, Txuri ezizenez ezaguna eta Magdalena Moujan Otaño, Beltxa. Umetan jarri zizkieten ezizen horiek eta gerora ere horrela ezagutu dituzte. Magdalena duela lau urte hil zen, baina Susana bizi da, eta harremanetan gaude berarekin”.
Txuri eta Beltxa La Platako unibertsitatean lanean aritu ziren urte askoan. “La Platako unibertsitatea Argentinako euskalgintzako gune garrantzitsuena da. Otañoren bilobak han lanean aritu zirela kontuan hartuz, omenaldia egingo diote maiatzeko lehen asteburuan”.

Bilobaren poza
Pozik hartu du Txuri bilobak bere aitonari egingo zaion omenaldiaren berri: “Oso harreman estua sortu da gure artean. Askotan hitz egiten dugu berarekin eta ilusioz beterik dago. Laurogei urtetik gora dituen arren euskara ikasteko ahaleginean ari da, indar eta kemen izugarriz. Bere aitonaren inguruko datuak biltzen ere ari da beste senitarteko batzuekin batera. Oso lan garrantzitsua egiten ari dira, izan ere, orain biltzen ez dena betirako galduko baita. Ez dute lan erraza. Pello Marik Argentinara egindako lehen bi bidaien inguruko informaziorik ez dago. Hirugarren egonaldiaz zerbait gehiago badakigu, baina Pello Mari ez zen oso txukuna eta horrek zaildu egin du datu bilketa”.
Otañoren inguruko ekitaldiak antolatzen laguntzeko edo informazioa bilatzeko gogoa duen orok, ateak zabail ditu taldean. zizurkil@gmail.com helbidera mezu bat bidali, edo hilabeteko lehen asteazkenetako bileratara joatea nahikoa izango da.
Orain arte emandako pausoen eta bildutako informazioaren berri zabaltzeko, bloga zabaldu dute internet sarean. http://zizurkil.wordpress.com.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!