Pasus plazako etxebizitzen proiektua, geldirik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 14:15

Epe laburrean Zizurkilen aurreikusten ziren bi etxebizitza gune berriek oso bide ezberdina daramate.

Lizarain zerrategia zegoen guneko etxebizitzak eraikitzen ari dira dagoeneko, Pasus plazakoak berriz, geldirik daude. Lizaraingo etxebizitzen artean, 33 babes ofizialekoak izango dira eta beste hogei bat salmenta librekoak. Udazkenean egin zen babes ofizialekoen zozketa. Beharrezko pausoak eman ondoren, abenduaren 28an egin zuten etxebizitza berrien jabetza kontratuen sinadura ekitaldia. Udan hasi ziren Lizaraingo etxebizitzak eraikitzen eta urte eta erdian amaituta izatea espero du Mari Anjeles Lazkano alkateak. “Lanak bere erritmo normalean doaz eta modu horretan jarrituz gero, hemezortzi bat hilabete barru amaituta izango direla uste dugu. Salmenta librekoak egiteko lanak ere hasita daude”. Gune berean salmenta libreko etxebizitza gehiago egiteko aukera aurreikusita dago eta Mari Anjeles Lazkanoren hitzetan, momentuko egoerak eta salmenta aurreikuspenek esango dute gehiago egingo diren edo ez.  

Etorlurren ezezkoa
Pasus plazako etxebizitzen proiektua berriz, geldirik dago: “Lursail horiek Foru Aldundiarenak dira, eta Etorlur erakundearen esku geratu zen bertako etxebizitzak egitearen ardura. Urria inguruan Etorlurren gutuna jaso genuen, 2010ean etxebizitza horiek egiteko aurrekonturik ez zegoela esanez. Ezusteko handia izan zen guretzat”.  Pasus plazako etxebizitzen proiektuaren inguruko azalpenak eman ditu Mari Anjelesek: “Duela hamar bat urte jo zuen Zizurkilgo Udalak Foru Aldundira, plazaren goialdeko lursail horien inguruko proposamena egitera. Zizurkil Beheko arazorik nagusienetakoa herrigune eza da eta arazo horri konponbidea emateko, plazari itxura berria eman eta etxebizitzak eraikitzeko proiektua sortu zen. Garai hartan, Etorlur sortu berri zen, eta etxebizitzak egiteko ardura beraiengan hartu zuten. Denbora asko pasa da geroztik eta etxebizitzek ez dute aurrerapenik izan. 2010ean ere ez dituztela egingo esan digute eta haiekin biltzea erabaki dugu, guneari ahalik eta irtenbide azkarrena emateko”.

Plan Orokorraren baitan
Zizurkil Goian eta beste zenbait auzotan etxebizitzak egiteko proiektuak berriz, Plan Orokorraren baitan daude: “Udalean lehen onarpena eman ondoren, Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik pasa behar du Plan Orokorrak, euren onespena jaso dezan. Pauso horiek emanda, udaberri aldera behin betiko onarpena emango zaiola uste dugu, eta horrek emango digu etxebizitza gehiago edota beste hainbat azpiegitura martxan jartzeko bidea”, azaldu du Mari Anjelesek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!