Sagarrak, Asteasun sailkatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 14:11

1996 urtean zabaldu zuten Ekoizpen enpresa Asteasun. Euskal Herrian ekoitzitako sagarrak saltzen dira bertan.

Fruitel, Gipuzkoako fruitugintzaileen elkarteak 125 bazkide ditu: sagardo sagarra, jan sagarra eta kiwia ekoizten dira bertatik. Bazkide horietako 13 kidek, jan sagarra ekoitziz Ekoizpen enpresa sortu zuten Asteasun.
Txaro Otaegi asteasuarra, zabaldu zutenetik ari da Ekoizpen enpresan lanean. Asteasun Aiurriko banatzaile ere badenak eman ditu euren langintzaren inguruko azalpenak.

Azalduko al diguzu zuen egitekoa?
Hainbat bazkideren artean sagarra ekoitzi eta abuztu aldera bildutakoan, hona ekartzen dute jasotako emaitza. Gu irailaren hasieran hasten gara lanean eta sagarrak handienetik txikienera sailkatzen ditugu, makinaren laguntzaz. Ekoizpeneko etiketak jartzea eta pisatzea ere gure lana izaten da eta baita kaxetan gordeta uztea ere. Sagarra gordetzeko lau hozkailu handi ditugu, sagar motaren arabera gordetzen ditugu kaxak, neurrika ilaran antolatuta.
Normalean maioristak etortzen dira sagarrak erostera, frutero edo dendariak ere bai. Tarteka norbanakoren bat ere etortzen da kaxaren baten bila. Hamahirugarren kanpaina dugu aurtengoa.

Nongo sagarrekin egiten duzue lan?
Inguruan landutako sagarra ekartzen digute: Añorgatik eta Aizarnazabaletik batik bat. Lehen baita Aiatik ere.

Zein sagar mota sailkatzen duzue?
Jateko sagarra izaten da guztia, mahaikoa esaten zaiona. Elstar sagar gorria oso gustukoa da, Frantziatik etorritako sagar mota hori orain hemengo lurretan ere hazten da. Oso goxoa da eta oso ondo saltzen da. Kanpoko sagar moten artean, Bella Boskop eta Braheburn sagarrak ere banatzen dira bertatik. Ezagunagoen artean, betiko Errege sagarra edota Kanpandoja ere bai. Lehen sagar mota gehiago sailkatzen genuen. Denborarekin, gehien saltzen dena soilik ekoizten da; gainerakoak ez.

Zenbat langile aritzen zarete enpresan lanean?
Guztira sei langile ari gara aurten. Guztiak asteasuarrak gara, edo Asteasun bizi garenak behinik behin.

Lana gehitu egiten al zaizue Gabonen inguruan?
Urtean zehar baino lan gutxixeago izaten dugu seguruenik Gabonen bueltan. Jendeak, oro har, gozotik jotzen du gehiago bolada horretan. Irailaren hasiera izaten da guretzako denboraldirik gogorrena. Irailetik otsaila/martxoa bitarte aritzen gara lanean hemen; sei bat hilabetez, gutxi gorabehera, sagarra bukatu bitartean.
Lehen bi hilabetetan, Elstar motarekin aritzen gara erabat, besterik ez da izaten. Gerora hasten gara gainerakoekin. Gabon aurrean Errege sagarrarekin egiten dugu lan batik bat; konpotan edo erreta jateko asko saltzen baita.

Txikiegiek edo ukitutako sagarrek ere badute irtenbiderik, ezta?
65-70 neurrikoa da sailkatzen dugun sagarrik txikiena. Horiek baino txikiagoak direnak, –baita ukituta daudenak ere–, bereizi egiten ditugu eta %100 sagarrezkoa den Sagarki zukuak eta dultzea egiteko erabiltzen dira.
Tamaina ezberdinetan sailkatzen ditugu sagarrak: 65-70, 70-75, 75-80, +85, +90… Kanpandoja sagarra izaten da handiena. Tarteka izugarrizko piezak iristen dira, gainerakoan txikiagoak izaten dira.

AGROALDEA MANTENTZEKO DEIA
Lehengo Suchard enpresaren pabilioian kokatzen da egun Ekoizpen. Txarok, kokalekua dela eta aipamen bat egin nahi izan du. “Zabaldu zenean irekierak notizietan oso polita egiten bazuen ere, industriak etekin gehiago ematen du eta poliki-poliki desagertzen ari da Agroaldea. Hala ere, Agroaldea ere lanpostuak sortzeko modu bat da eta daukan garrantzia eman behar zaio, nire iritziz, horri ere”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!