Hogei urte ahatekiak lantzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urt. 5a, 14:07

Eguberri egunetan mahai askotan izango zen foie, konfit edo beste ahatekiren bat. Luis Mari Tello larrauldarrak eta bere familiak hogei urte inguru daramate ahateki naturalak eskaintzen.

Urnietan dute Goiburu ahatekiak izeneko lantegia. “Nire aita kamioilaria izan zen urte askoan eta bizimoduz aldatzeko gogoa zuen. Nire ama Leitz-Gatzagako baserri batekoa da eta hark ere argi ikusi zuen baserri edo etxalderen bat jartzeko aukera. Untxiak jartzea izan zen lehendabiziko asmoa, baina aitak ongi ezagutzen zituen Iparraldeko ahate etxaldeak eta alde horretatik jotzea erabaki zuten”, azaldu du Luis Marik.
Gurasoen ekimenak pixkanaka hartu zuen gorputza: “Lehendabiziko urteetan oilasko txikiak, usoak, ahateak bizirik…, denetarik saltzen genuen. Pixkanaka, ahateak gizendu eta ahatekiak prestatzen hasi ginen. Enpresari eta lanari etekin handiagoa ateratzen geniola ikusi, eta lan horri eutsi genion”.
Fraisoron egin zituen ikasketak Luis Marik: “Bertan ikasi nituen nondik norako nagusiak. Ondoren, sektoreko lagunek erakutsitakoarekin eta esperientziak erakusten duenarekin, gure lana hobetzen joan ginen”.

Kontserbanterik gabe
Artisau moduan lan egiten dute Goiburun: “Bi ahate mota daude, Moular izenekoak denbora gehiago behar du hazteko, tamaina handia hartzen du eta oso haragi ona ematen du. Beste ahatea industrialagoa da, lehenago hazten da, grasa kopuru handiagoa biltzen du, baina kalitatea ere ez da berdina. Enpresa txikia gara eta ezin dugu kantitatean konpetitu, beraz, kalitatean jartzen dugu indarra. Horretarako, ezinbestekoa da lehengai onak eta ondo zaindutako lanketa prozesua izatea. Produktu naturala da gurea, batere kontserbanterik eta koloranterik gabekoa. Gaur egun, ez da erraza merkatuan horrelakoak aurkitzea eta hori kontuan hartzen dakienak eskertu egiten du”.
Iparraldean ahatekiak jateko ohitura handiagoa dute. “Hemen, pixkanaka indarra hartuz doa. Duela urte batzuk, Iparraldera joaten zen jendea ahatekiak erostera, baina orain, badakite hemen ere aukera hori badagoela. Lehendabiziko urteetan jendea asko harritzen zen ahatekiak ekoizten genituela esandakoan, baina hori aldatuz joan da denboraren poderioz”, adierazi du Luis Marik.
Garai batean Urnietan bertan gizentzen zituzten ahateak, baina gaur egun, konfiantzazko baserritarrei ematen diete lan hori: “Enpresa txikia izanik, lan handiegia zen prozesu guztia guk egitea. Orain, horretan aritzen diren baserritar batzuei eskatzen diegu ahateak gizentzea. Badakigu guk bezain ondo edo hobeto egiten dutela eta modu horretan, produktuak ondo lantzen jar dezakegu gure ahalegin guztia”.
Ehun egun inguru behar ditu ahate batek ondo hazteko. “Denbora hori pasata, arto egosia janarazten zaio hamabost egunez. Ahateak modu naturalean jango lukeena baino gehiago ematen zaio, gibelari hazten laguntzeko”, azaldu du Luis Marik.

Aukera zabala
Ahate gibela, bularkia edo magreta, kanpainako patea, foie micuit edo erdi egosia, foie freskoa, konfitatutako ahate izterrak, hegoak eta errotak…, eta beste zenbait ahateki prestatzen dute. “Duela urte batzuk bestelako produktu batzuk ere lantzen hasi ginen. Ahatekia erostera gerturatzen zirenek, sukaldean nola prestatu galdetzen ziguten. Lan hori errazteko zenbait saltsa prestatzen hasi ginen. Sagarrarekin egindako saltsa, onddoena… Gure produktuentzako laguntzaileak dira”.
Euskal Herri mailan banatzen dituzte Goiburu ahatekiak: “Bezero finkoak ditugu. Asko Urnietako lantegira bertara etortzen dira. Lanean daramatzagun hogei urteotan, ahoz aho zabaldu da gure produktuen berri eta asko dira bertaratzen direnak. Euskal Herriko denda askotan ere aurki daitezke gure produktuak eta zenbait azokatara ere joaten gara. Eguberri ingurua izaten da urteko garairik lanpetuena eta normalean, urtea amaitzerako dena salduta izaten dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!