Haurrentzat zinema euskaraz astelehen eta astearte goizean, Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 30a, 12:42

Gabon hauetan Euskadiko herri askotan euskarazko zinema emanaldiak eskaintzen ari dira, batez ere haur eta gazteei zuzendutako pelikulak. Programazioa Euskadiko Filmategiak prestatu du eta hauek dira Andoaingo Bastero kulturgunean ikusiko diren egunak eta filmeak:
 

Urtarrilak 4, astelehena. 11:30. 3 euro: PEPPER
Pepper txakur berezia da: diru mordoa oinordetzan jasotzeaz gainera, hitz egiten ere badaki!! Bere dirua nahi duten lapurrek jazarria, Felixek hartuko du berarekin, mutiko bakartia bera, egun osoa tigrez mozorrotuta ematen duena. Elkarrekin, hamaika arriskuri egingo diete aurre eta munduko altxorrik ederrena aurkituko dute: adiskidetasuna....
 
Urtarrilak 5, asteartea. 11:30. 3 euro: OLENTZERO ETA OPARIEN ORDUA
Gogor aritu beharko dute Anjek, Marik eta beraien lagunek herrira bakea itzultzea nahi badute. Mendian istripua izan duen atzerritar baten erruz herriko nagusiak elkarrekin haserretuta daude, dirua eta ospea agindu bait die hegazkina topatzen duenari. Baina gauzak erabat aldrebestuko dira Olentzeroren ordulari magikoa desagertzen denean. Ordulari magikorik gabe ezingo du denbora gelditu, eta ondorioz, ezingo ditu gabon gauean opariak banatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!