Prozesua hasieratik absurdua dela frogatuko luketen makina bat datu jakinarazi zituzten. Otamendik esan zuenez, “ETAk finantzatutako egunkaria zela izan zen salaketa nagusia, egunkaria isteko arrazoi nagusia, alegia”. Del Olmo epaile ikertzaileak sei urteko instrukzioaren amaieran osatu zuen 600 orrialdeko txostenean, ordea, “aipatu ere ez da egiten ETAren finantziazioaren kontu hori”. Gehitu zuenez, “Behin betiko txosten horretan inoiz ere ez da zehazten noiz, nola, noren bidez… sartu ginen ETAn”.
Beste hainbat auzi politiko bezala, Egunkaria auzia ere “dena ETA da” dioen teoriaren sarean erori dela gehitu zuen Otamendik, ondorio gisa.
Txema Auzmendik prozesua zergatik hasi zen azalduko lukeen gakoetako bat azpimarratu zuen behin eta bitan, hitzaldian zehar: “Madrilen kosta egiten zaie ulertzea euskal gizartean ematen den euskalgintza eta herrigintza. Ezin dute sinetsi jendeak diru irabazirik gabe jardun dezakeenik euskararen alde”. Del Olmori errealitate horren berri ematen saiatu omen zen, baina alperrikako lanetan jardun zuela ziurtatu zuen Auzmendik.
Basteron ziren bi hizlariekin batera, beste hiru lagun izan ziren Madrilen epaileen aurrean aurreko astean, auzipetu gisa: Juan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta Iñaki Uria. Guztien kontrako zigor eskaera 12 eta 14 urtekoa da. Hori sumario nagusiari dagokiona da, eta urtarrilean jarraitzekoa da epaiketa.
Txema Auzmendik gogoratu zuenez, epaiketa hori bukatu ostean auzi ekonomikoari buruzko bigarren epaiketa helduko zaie. Horretan, berriz, zortzi lagun daude auzipetuta; guztira 184 urteko zigor espetxea eskatzen da. “Banco Espainiako urre guztia lapurtuta ere hainbesteko zigor eskaera ez litzateke egingo”, aipatu zuen Otamendik ironia erabiliz.