Eguberrietako emanaldia, Andoaingo Udal Musika Eskolaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 29a, 13:03

Andoaingo Udal Musika Eskolak gabonetako emanaldi berri bat eskaini zuen Basteron, abenduaren 22an. Basteroko auditorio handia betetzen duen saio arrakastatsua gertatzen da urtero.

Musika eskolako ikasle eta irakasleek ikuskizun kolore anitza eta hunkigarria eskaini zieten Basteroko auditorioa gainezka jarri zuten senide eta lagunei. Hilabetetan entseguetan prestatutakoari esker, ordu terdiko gozamena jaso zuten ikusleek.

Hainbat talde joan ziren taularatzen banan banan ekitaldian zehar. Txitxu Castro irakasleak zuzentzen dituen zortzi musika tailerrak (4 urtetik 6 urtera bitarteko hainbat haurrek osatutakoak) irten ziren lehenebizi. Segidan, berriz, Abesbatza Txikia, Kantu Korala eta Abesbatza Gaztearen txanda iritsi zen, denek ere Katrin Iturralde irakasleen agindutara. Bi lehenbizikoek ipuin musikala eskaini zuten, eta hirugarren taldeak kantu sorta.
Kantu herrikoiak eta modernoak tartekatu ziren emanaldian zehar, eta Myrian Ulanga jardun zen teklatuan.

Agur Kanta abestuz eman zioten bukaera emanaldiari partehartzaile guztiek,  Mikel Emezabal Musika Eskolako zuzendariaren agindupean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!