Alkatetza sailetik mezua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 23a, 11:57

Villabonako Udaleko alkatetza sailak bat egin du abenduaren 31n Errebote plazatik abiatuko den manifestazio isilarekin eta 2009ko gertaeren inguruan ondorengo oharra igorri du:

"Villabonako Udalak babes osoa eskaintzen dio Aiztondo bailaran presoen senide eta lagunek abenduaren 31rako deitu duten manifestazio isilari.
Urte gogorra joan da aurtengoa Villabonan, inoiz izan dugun preso kopururik altuena dugu Villabonan, errepresioak ere gogor jo du hainbat herritar 2009 urtean. Remi Ayestaran, Udal honetako zinegotzi eta alkateordearen heriotza ere aipatu behar da. Villabonako preso eta haien senide zenbaiten aurka katxeo eta biluzteko ahaleginak ikusten ari gara funtzionarien aldetik, haien duintasunaren gainean farre egiteko helburuarekin. Preso eta senideek euren komunikaziorako eskubidea bortxatzen ari da uneotan Espainiar Estatua.
 Villabonako udalak argi dauka, errepresioak ez duela Euskal Herriak Estatu Espainiar eta Frantziarrarekin daukan gatazka konpontzen laguntzen. Aitzitik, okertu eta areagotu egiten duela gatazka hori. Villabonako Udalaren konpromezua gatazkaren konponbidean, Herri honek behar duen aldaketa politikoa gauzatzeko zereginean jarriko dugula berresten dugu. Euskaldunok gure Hitza eta Erabakiaren jabe izango garen eskenatoki politiko batek soilik erdietsiko baitu gatazka konponbidean jartzea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!