Abenduaren 31ko manifestazio isilerako deia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko abe. 21a, 10:42

Joan zen larunbatean, Aiztondo bailarako preso eta iheslarien senide eta lagunek, abenduaren 31n arratsaldeko 19:00etan Errebote plazatik Zizurkilera abiatuko den manifestazio isilean parte hartzeko deia egin zuten, eskualdeko hainbat eragileren babesarekin.

Herritar, norbanako zein eragile ugarik egin zuten larunbatean bat Villabonan, Aiztondo bailarako presoen senide eta lagunek abenduaren 31rako deitu duten manifestazio isilarekin.

Aiztondo bailarako bizitza soziala osatzen duten eragile ugariren babesa jaso zuen ekimenak.

Lehenik, Jone Etxeberriak, Julen Zelarain euskal preso politikoaren emazteak, sarrera aurkezpena egin zuen eta Aiztondoko preso eta iheslarien senide eta lagunen izenean babes agerpenari eskerrak eman zizkion.

"Villabona eta Zizurkilgo euskal preso politikoen senide eta lagunek, manifestazio isila antolatu dugu abenduaren 31rako, 'Aiztondora' lelopean. Herrian ikusi nahi ditugulako berriro ere! Aipatu manifestazioa arratsaldeko 19.00etan abiatuko da Villabonako plazatik, Villabonako kaleak igaro ondoren, Zizurkilen amaitzeko.

Prentsaurrekoa, aipatu manifestazioak jaso duen atxikimendu andana irudikatzeko antolatu dugu, baina hitza, beren atxikimendua eman duten lagunen izenean hitz egingo duen, Amaia Agirrer-i eman aurretik, Villabonako eta Zizurkilgo euskal preso politikoen senideek zera salatu behar dugu oraingoan. Azken aste eta hilabeetan, oinarrizko eskubide zapalketa berri bat jasaten ari gara, senide eta euskal preso politikoak. Aurrez aurreko bisitetara sartu aurretik, kartzelariak haur, gazte nahiz urteetan aurrera eginak dauden senideak miatzen saiatzen ari dira. Miaketa arbitrario horien ondorioz, bisean biseko asko bertan behera geratzen ari dira, gure sufrimendua oraindik eta gehiago areagotuz. Gure senideekin, aurrez aurre egoteko dugun aukera bakarrari  uko egitea suposatzen baitu, miaketa umiliagarri horiei uko egiteak. Halaber, gure senide euskal preso politikoak, hori guztia salatzeko borrokaldi berriak egitera bultzatzen ari dira.

Horren erakusle, Huelvan dituzten euskal preso politikoek, tartean, Julen Zelarain villabonatarra, uko egin dizkiete aurrez aurrekoei. Emilio Salaberria duten Curtis Texeiroko kartzelan, itxialdia burutzen ari dira, Eneko Galarragak, Ocaña espetxean azken bi bisak egin gabe geratu behar izan du bere seme eta emaztearekin, katxeoa eskatu zutelako funtzionariek, Mikel Garmendia ere bisik gabe dago arrazoi berdinengatik...".

Jarraian, Amaia Agirre bertsolari eta euskaltzaleak hartuko zuen hitza:

EGIAZTATZEN DUGU

-Espainia eta Frantziak espetxe politika errepresiboa bere horretan mantentzen dute. Sakabanaketa politika aplikatzen jarraitzen dute.

-Espainia eta Frantziak espetxe politika beren interes politikoetara erabat lerrokatua dute, esan nahi baitugu, Estatu demokratiko eta zuzenbidezko bati legokiokeen irizpide demokratikoetatik urrun, unean uneko interes politiko huts eta hitsetara lerrokatua, epe motzeko behar eta oportunitate politikoei lotua.

-Espetxe politika, Euskal Herriaren eta euskal herritarren kontrako ildo politiko errepresiboan kokatua mantentzen dute. Borroka ‘antiterrorista' deitzen duten gakoetan.

-Espetxe politika, presoak zigortzeko diseniatua izateaz gain, helburu politiko zabalagoetan murgiltzen da. Presoak zapalduz, aukera politiko batzuk agortu eta ezereztatzea baitute asmoa.

-Ondorioz, euskal presoen oinarrizko eskubideak urratuak izan dira hamarkada luzeotan eta urratzen dituzte gaur egun ere. Garai bakoitzean bitarteko ezberdinak baliatu dituzte euren helburu politikoak erdiesteko xedez.

-Euskal presoen izaera politikoa ukatu asmo dute, aldiz, tratamendu politiko berezitua aplikatzen diete, izaera saihestezin hori baduten adierazgarri. Haien estatus politikoa ezabatu gogo dute, gatazka politikoa ikusezin bilakatzeko.

-Sakabanaketa politika presoarentzat zigor bikoitza da. Presoarentzat ezezik senide ta lagunentzat ere zigor gehigarria da. Sakabanaketa urruntasun geografikoaz haratago eskubide urraketarako inpunitate markoa da, espetxe politikaren oinarrizko markoa: bere baitan garatu dituzte politika espezifikoak, damuketa politikatik hasi eta biziarteko zigorrera doan ibilbidean.

-Sakabanaketa, euskal preso politikoen oinarrizko eskubideen ukazio eta urratze iraunkorra da. Traslado arbitrarioak, miaketak eta erasoak babesten ditu. Xahutze ekonomiko izugarria. Isolamendua eta bakartasuna presoa txikitu eta deserrotzeko xedez aplikatzen da.

-Azken hamarkada honetan, biziarteko zigorra aplikatzeko urrats berriak eman dituzte. Frantzian bezala Espainian aplikatzen da, azken honetan legez aitortzen ez bada ere, lege moldaketek horrela izan dadin permititzen dute.

-Heriotza zigorra aplikatzen da, gaixo larriak preso atxikiz eta kaleratzea zangotrabatuz. Gaixo larriak heriotzaren korridorean dira. Kaleratu dituzten preso gaixo larriak, xantaiapean irten dira, espetxe arinduaren formula baliatuz egin dute eta bizibaldintza kaskarretan dira ezarritako neurri zorrotzengatik.

-Azken garaiotan espetxe politikari, espetxetik kanpoko jazarpena erantsi diote: mobilizazioak modu esanguratsuan zapuztuz, presoen irudien ehiza antolatuz eta senideen miaketak aginduz.

-Presoak herriarenak dira, eta Herriak bere hitza eman du: Euskal Presoak Euskal Herrira! 

ALDARRIKATZEN DUGU:

-Espainia eta Frantziako Gobernuek espetxe politika errotik aldatu behar dute.

-Sakabanaketak gaur eta orain amaitu behar du, euskal presoak dagozkien eskubideen jabe Euskal Herrira orain ekarri behar dituzte. Euskal Preso politikoen oinarrizko eskubideak errespetatu behar dituzte, izaera politikoa errespetatu.

-Isolaturik eta bakartasunean diren presoak, beste preso kideekin ezarriak izan behar dute

-Biziarteko zigorra indargabetu behar dute. 40 urte arteko zigorrak, Auzitegi Gorenaren doktrinaren aplikazioa eta baldintzapeko askatasuna eragozteko neurriak bertan behera utzi behar dituzte. Ondorioz:

-kondena beteta duten presoak orain kaleratzea (38 preso)

-kondizionaleko epeak bete dituztenak kaleratzea (ehundik gora)

-gaixo larri diren presoak atzerapenik gabe kaleratzea (5 preso):

-Jon Agirre Agiriano (Langraitz)

-Jose Migel Etxeandia (Alcala Meco)

-Jose Ramon Foruria (Dueñas)

-Gotzone Lopez de Luzuriaga (Jaen)

-Juan Jose Rego Vidal (Dueñas)

-Espetxe arindua aplikatu dieten presoei (6 preso) ezarritako baldintzak indargabetzea, duintasunez bizi eta osasun tratamendu egokia jaso dezaten.

-Euskal gizarteak hitza eman du. Errespetatu egin behar dute. 

"Horregatik guztiagatik, gure atxikimendua adierazten diogu Villabonako eta Zizurkilgo euskal preso politikoen senide eta lagunek abenduaren 31rako antolatu duten manifestazio isilari, eta, Aiztondoko herritarrei, bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diogu".

Prentsa agerraldian izan ziren, besteak beste:

Aiztondo bailarako Udal guztietako hautetsiak: tartean Larraul, Alkiza eta Adunako alkateak, Julito Iturbe Villabonako Udaleko alkateorde lanetan, Maialen Abaigar, Villabonako Udaleko Euskara eta Hezkuntza Batzordeburua, Mikel Arrastoa, Zizurkilgo zerrenda bozkatuenaren zerrenda-buru azken Udal hauteskundeetan eta legez kanporatua, Hautsi Izagirre, Villabonako Udaleko zinegotzia.

Nahikari Galarraga eta Ioritz Galarraga, dantzariak

Amaia Agirre bertsolaria

Eneko Arteaga

Aritza kultur elkarteko ordezkariak, Nekane Berriotxoa eta Enrike Lahidalga

Mikel Mendizabal

Villabonako elkarte gastronomikoetako ordezkariak:  Irrintzi, Uxo Toki, Behar Zana eta Zunbeltzeko bazkideak.

Eskualdean preso politikoak izandakoak: Karlos Almorza eta Jose Angel Apezetxea, Eneko Gorostidi.

Eskualdeko preso eta iheslari politikoen senideak.

Onddo gazte asanbladako kideak...


 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!